Profesionalen arloko film onenaren saria —jaialdiko garrantzitsuena, 1.900 eurorekin eta Urrezko Antzararekin hornitua— irabazteaz gain, profesionalen arloko gidoi onenarena ere —1.600 euro eta Zilarrezko Antzara— jaso du Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics filmak Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileraren aurtengo ekitaldian. Amateurren sailean, Yago Mateoren Fishura nabarmendu da, hiru sari jasota: film onenarena —1.300 euro eta Urrezko Antzara—, argazkiaren saria —1.000 euro eta Zilarrezko Antzara— eta Antzar Morea —1.300 euro eta Urrezko Antzara—.
Profesionalen arloko zuzendaritzaren saria —1.600 euro eta Zilarrezko Antzara— Gotzon Aurrekoetxeak jaso du, The Devil On Your Back lanari esker; film horri profesionalen arloko argazkiaren saria ere eman diote —1.600 euro eta Zilarrezko Antzara—. Amateurren arloko zuzendaritzaren saria —1.000 euro eta Zilarrezko Antzara— Erika Elizarik jaso du, Mezu bat hozkailuan lanarengatik; Elzariren filmak amateurren arloko gidoiaren saria ere jaso du —1.000 euro eta Zilarrezko Antzara—.
Profesionalen arloko ekoizpenaren saria —1.600 euro eta Zilarrezko Antzara— Patxi Basabe Perez de Viñaspreren Lasterketa filmarentzat izan da, eta amateurren arloko ekoizpenaren saria—1.000 euro eta Zilarrezko Antzara— Eñaut Gantxegiren Danian Jai-Alai: Court Warriors-entzat.
Aitor Zarzuelo Landak Gazte 22 Saria —500 euro eta Zilarrezko Antzara— irabazi du, Maitaleak filmarekin , eta Irati Canok Benito Ansola Beka jaso du, Leihoak lana aurrera eraman ahal izateko. Epaileek hiru aipamen berezi egin dituzte: Beñat Fuentes Goikoetxearen Arrantzaleen kanta lanari; Miren Gojenola aktoreari, Brunilda filmean egindako lanarengatik; eta Abiadura filmeko musikari.
Epaimahaia Aitor Merino zuzendari eta aktoreak, Gotzon Sanchez aktoreak, Oihana Garro irakasle eta ikertzaileak, Iban Gonzalez errealizadoreak eta Izaskun Gonzalez artista, diseinatzaile eta ikertzaileak osatu dute. Orotara, 41 film epaitu behar izan dituzte.
Aitor Oñederrak irabazi du Euskal Zine Bilerako sari nagusia
'I Said I Would Never Talk About Politics' izendatu dute lan profesionalik onena.Yago Mateoren 'Fishura' saritu dute amateurretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu