Borborka jarri du kazola Aitor Bizkarrak gaur Lizarran (Nafarroa) jokatu den final-laurdenean. 693,5 punturekin izan da garaile. Asier Azpirozek egin du bigarren, 666 punturekin. 7,5 puntu gehiagorekin nagusitu zaio Maialen Akizuri; 658,5 punturekin eskuratu baitu hirugarren postua. Atzetik izan du laugarren Imanol Uria, 652 punturekin. Tartea atera dio, ordea, bosgarrenari; 630,5 punturekin egin baitu bosgarren Unai Gaztelumendik. Iñigo Mantzizidor Mantxi izan da gaurko sailkapenean azkena, 622,5 punturekin. Irabaztearen ordainetan, beraz, zuzenean sailkatu da Bizkarra finalaurrekoetara; Durangon (Bizkaia) abestuko du azaroaren 12an, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendirekin batera.
Tarteka giroa apaldu den arren, gori-gori zegoen Los Llanos aretoa. Bostehundik gora lagunek jo dute gogotik txalo aldiro-aldiro; nahiz eta bertsolariek, oro har, ez duten lortu saioa lehertzerik. Hasiera-hasieratik hartu dio Bizkarrak tamaina oholtzari, eta, saioa amaitu bitartean, erori gabe eutsi dio olatuari. Gainontzeko bost bertsolariek ere izan dituzte ateraldi politak, itxuraz oholtzan ziurtasun osoz aritu ez diren arren. Gaiei etorri moduan erantzun diete sei bertsolariek, baina goitik aritu da nabarmen Bizkarra.
Jostorratz finez josi ditu irabazleak ariketa guztiak, oin zein errima. Nolanahi ere, ganbarako lanean nagusitu da gehienbat. Hau zuten hiruna bertso kantatzeko gaia: «Zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur laguntza eskatu beharrean zaude». Bistan denez, gaiari erantzuna emateko bidea nahiko zabalik utzi die gai-emaile lanetan aritu den Amaiur Lujanbiok. Eta, hala, nork bere sormena zukutzea izan du helburu. Gordeta mantendu duten hori oholtzaratu dute banan-banan kantuz.
Zehatz deskribatu du garaileak gordeta luzaroan gordetako hori; baita errealitate zantzuz josi ere. Lehen bertsoan, talde baten aurrean bere burua aurkeztu du: «Kaixo, Aitor izena dut/ta depresioa daukat». Norbaiten konplize keinu baten eske jardun da, berriz, bigarren bertsoan: «Baina osasun mentala/ezta gero gai axala/talde hontan bilatzen dut/norbaitek uler nazala/ta konplizitate keinu/bat egin diezadala». Horrela amaitu du, publikoaren txalo artean, hirugarren eta azken bertsoa:
Dena dut ezinegona
enaiz gustura ezertan
hiru pilula gauetan
ta beste hiru goizetan
bart gauez irentsi nuen
horrenbeste Lorazepam
zalantza egin bainuen
bizitzak zentzurik zeukan (bis)
sei hilez euki gaituzte
giltzatuak lau hormetan
ta nik berdin jarraitzen dut
pospandemia honetan
bakarrik nago minean
bakarrik nago penetan
ordea taldean soilik
senda naiteke benetan.
Finalaurreko saioak, osatuta
Lehen faseko azken saioa izan da gaurkoa eta, horrenbestez, gaur jakin da hurrengo fasean parte hartzeko aukera lortu duten bertsolarien zerrenda osoa.
Final-laurdenetako sei irabazleak:
- Alaia Martin Etxebeste
- Joanes Illarregi Marzol
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Haritz Mujika Lasa
- Jone Uria Albizuri
- Aitor Bizkarra Ruiz
Puntuazioz sailkatu direnak:
- Oihana Iguaran Barandiaran
- Nerea Elustondo Plazaola
- Ane Labaka Maioz
- Julio Soto Ezkurdia
- Onintza Enbeita Maguregi
- Agin Laburu Rezola
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
- Maddalen Arzallus Antia
- Eñaut Martikorena Lizaso
- Saioa Alkaiza Guallar
- Miren Artetxe Sarasola
- Asier Azpiroz Iztueta
- Iñaki Apalategi Astigarraga
Sailkatutako hemeretzi bertsolariei duela bost urte finalista izandako bost bertsolari batuko zaizkie:
- Aitor Mendiluze Gonzalez
- Amets Arzallus Antia
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Sustrai Colina Akordarrementeria
- Unai Agirre Goia