YAYA BEY
'Ten Fold'
Diskoetxea: Big Dada Recordings
R&B garaikidearen olinpoaren gailurrean kokatutako bestelako emakumezko izarrekin alderatuz gero, New Yorkeko Brooklyn auzoko YaYa Beyren ospea ez da hain nabarmena; halere, bere obrari erreparatuz gero, argi dago askoz ezagunagoa izan beharko litzatekeela. Horren erakusle 2022an argitaratu zuen Remember Your North Star bikaina, zeinetan lotsagabe uztartu zituen reggaea, soula, jazza, trip-hopa eta R&Ba, betiere, hip-hop kutsuko estalki sotil batean bilduak. Musikari estatubatuarrak, gainera, esanahiz betetzen ditu bere hitzak; 2022ko lan horretan, hain justu, testuak desioaren eta atsekabearen inguruan ardaztu zituen, soinu-autobiografia eraikitzeko asmoz.
Orriotara ekarritako bosgarren lan honetako letrek ere sekulako pisua dute grabazioan, Yaya Beyren aita eta rap musikari Grand Daddy I.U. hil ondotik loratu baitzen. Hala, sonoritateari dagokionez aurreko lanaren bidetik badabil ere, grabazio hau doluaren prozesu mingarrian oinarritzen da, eta testuek atsekabe hori islatzen dute.
Kritika soziala ere azaleratzen da, batez ere bere hiriko egoera sozioekonomikoa kolokan jartzeko: X Files telesaileko sintonia haizatzen duen Eric Adams in the Club kantuan Manhattaneko alokairuak altuegiak direla azpimarratzen du.
Bihozmin horren itzala diskoaren kadentzian ere azaltzen da, diskoan jasotako hamasei kantuetan —guztiak hiru minutu ingurukoak— giro lasaiak nagusitzen baitira, Yaya Beyren proposamen kaleidoskopikoak bere horretan jarraitzen duen arren. Hori dela eta, ematen du diskoa monotonoa dela, baina atentzioa jarriz gero, entzulea di-da ohartuko abesti guztiak xehetasunez josita daudela. Kantuok Butcher Brown jazz taldeko Corey Fonvillek ekoitzi ditu. Lan horren ondorioz, albuma «tradizio afro-amerikarreko jazz giroan» oinarritzen dela irakurri dut. Orainari eta esperimentazioari bizkarrik eman gabe, gehituko nuke nik.
Crying Through My Teeth pop kantu goibelarekin hasten da diskoa: «Errealitatea... oso astuna zait», dio musikariak. Aitaren aipamena ere egiten du: «Sosik gabe jarraitzen dut, neska batek bere zergak ordaintzen ditu, bere aita itsasontzi batean sartu du eta orain zeruan dago». Hasierako doinu horri jarraitzen dion The Evidence kantuan ere musikari estatubatuarra hits agertzen da, argi zertzeladak ikusten saiatzen den arren: «Presio honen guztiaren pean, distira egiten duen zerbait bihurtu naiz». Haatik, baikor eta umoretsu ere agertzen da tarteka; esaterako, Sir Princess Bad Bitch dantzagarrian: «Irabazlea naiz, nire erara egin nuelako», aldarrikatzen du.
Horiek horrela, giro baretsuan laztanduta izanagatik ere, geruza askorekin inguratutako lana da hau. Zailtasun gozagarri horretaz jabetzeko, baina, entzuleak behar besteko arreta jarri beharko du, gaur egun hain preziatua eta urria den arreta. Hartara, ez da hau kozinatzen edo dutxa hartzen den bitartean entzun beharreko lana; bestela azalean gelditzeko arriskua egon daiteke.