begona del teso
Eppur si muove

Aitagurea errezatzen duten banpiroak

2025eko apirilaren 25a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Bai, badakit, Iparraldeko aretoetan euskaraz mintzatu film sorta ederra dago: Faisaien irla, munduko festibalak korritzen ari den Asier Urbieta, Andoni de Carlos, Sambou Diaby eta Jone Laspiurren mezudun thriller iluna, suak hartua; eta Basatiak, bizitzarekiko, lurrarekiko eta basoan, oihanean, lautadetan bizi diren gerlari eta ekintzaileekiko konpromiso sendoa bere egiten duen marrazki bizidunetako filma. Euskal zinema osoa errotik markatu zuen Tasio ere Lapurdin da, Cannesen aurkeztu zuten bertsio zaharberritu bikainean.

Alta, gutako batzuentzat bada garrantzi handiagoa, garrantzi erabatekoa duen beste kontu zeluloidezko bat. Izu zinemaren adoratzaileak, banpiroen zerbitzari leialak eta bluesaren zale amorratuak garenontzat Sinners filma baino ez da existitzen egunotan, pelikula horrek baieztatzen dizkigu-eta aspaldiko gure sinesmen guztiak. Bai zinemaren ingurukoak, bai gure jabe diren horien ingurukoak, bai musikaren ingurukoak.

Bere Black Panther-ekin beltzen urguilua behar/merezi zuen mailara eta harago eraman zuen Ryan Cooglerrek Estatu Batuetako hegoaldera garamatza, eta hango aletegi batean Chicagoko mafiarekin harreman onetan dauden bi gangster beltzek eraikitako dantzalekuan uzten gaitu zor eta lor, ahoa bete hortz, eta belarriak betidanik entzun nahi izan dugun musikaz gainezka. Dardara bizian ere uzten gaitu, bertan dagoen jende zuri bakarra baikara.

'Sinners' filma
Sinners filmeko sekuentzia bateko irudia.

Misterioak harrapaturik uzten gaitu, sekula ez baitugu ahaztuko Robert Johnson musikariaren gainean kontatzen dena. Led Zeppelinek, Rolling Stonesek, Nick Cavek, Queenek, Dylanek eta antzekoek miretsi egiten zuten Johnsonen musika. Saiatu ziren imitatzen. Ez zuten lortu, baina hor geratu ziren, betiereko, batzuek eta besteek egindako omenezko saio sutsuak.

Ezer gutxi daki jendeak Robertez. Haren bi argazki baino ez dago. 27 urterekin hil zen, amorante baten senarrak pozoitutako whiskia edan eta gero (omen). 27 urterekin, bai. Janis Joplin, Jimi Hendrix, Amy Winehouse, Jim Morrison eta Kurt Cobain bezala; gazterik eramaten ditu beti Deabruak bere kuttunak.

Izan ere, film askok kontatu izan duten istorio horren hariari tiraka hasiz gero, zera aurkituko dugu harridurak eta gozamen goibelak jota: Estatu Batuetako hegoaldean barna zabaldu ziren esamesa askoren arabera, bere musika hastapenetan gitarra jotzaile hala moduzkoa izanik, gurutze-bide batera jo zuen Robertek desesperoan. Zain zuen bertan Deabrua. Akordio batera iritsi ziren. Arima salduko zion Johnsonek, eta Infernuaren Jabeak musika dohaina eman….

Garai zaharretako ipuin malerus hori inspirazio harturik, hortik jotzen du Ryan Cooglerrek bere gidoian. Hasiera hasieratik. Filmaren lehenengo eszenetan, eliza batera hurbiltzen den gazte beltz bat ikusten dugu, gitarra hautsi bat du eskuan eta odolez gorputza…

Gero ikasiko dugu, kondaira koska bat estuago jarriz, iluntasuneko izakiek ez dutela mutilaren arima nahi, baizik eta igualik ez duen musika berea. Nahi dute beraietako bat bihurtu. Nahi dute jendea sorgintzeko gaitasuna duen musika horren jabeak izan. Nahi dute whiskiz, sexuz, dantzaz, bluesez goraino den aletegi horretan dauden guztien odolaz elikatu eta mila eta bat gauetan barna zutik iraungo duen armada sortu.

Gero ikasiko dugu, kondaira koska bat estuago jarriz, iluntasuneko izakiek ez dutela mutilaren arima nahi, baizik eta igualik ez duen musika berea

Ryan Cooglerren filmak beste ziento bat ekartzen dizu akordura, zinemaren memoria historikoaren gainean baita eraikia. Jende beltzaren (ez dut afro-amerikarra esamoldea erabiliko, zinez diotsuet) memoria harroaren gainean baita eraikia. Bluesa darabil maisu filmak, pertsonaiak eta ikusleak trantzean sartzeraino erabili ere.

Guk, banpiroetan sinesten dugunok dakigun guztia baieztatzen du filmak. Baita deuseztatu ere: baratxuriak min egiten die, suak eta egunsentiak akabatu, baina, baina, baina errezatzen badakite. Are gehiago, santutzat ditugun otoitzak esan ditzakete, askok maitaturiko hautsa bihurtzeko arriskurik gabe esan ere. Ausartago jotzen du Ryan Cooglerrek, askoz ausartago: banpiroek aitagurea errezitatzen dute kontsolamendu gisa. Zergatik behar ote dute kontsolamendurik mendeetan zehar iraungo duten horiek? Ez al dira ba ahalguztidunak?

Kasik, baina badute barrenetan tristezia eternala, ez baitute berriro ere, inoiz ez, eguna urratzen ikusiko.

Bai, Faisaien irla, Basatiak eta Tasio Iparraldean daude, baino guk askoz gehiago nahi genuen gure arimaren truke (estimu handian dugunez, ez dugu beherapenetan jartzen). Deabruak onartu (irribarre maltzur eta perilos batez) eta Sinners erregalatu digu. Eskerrak Zuri, Jauna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.