Aita Donostiaren lanak interpretatuz bost disko ondu ditu orain arte Josu Okiñena pianistak (Donostia, 1971). Haren obra ikertzen hamabost urte daramatza, eta haren ildotik iritsi zen Erik Satieren obretara. Konpositore frantsesaren lanekin diskoa grabatzen dabil asteon Viktoria Eugenia antzokian, udaberrian kaleratzeko asmoz. Hala ere, disko berrian Aita Donostia ere nolabait egongo dela dio. «Haren bitartez iritsi nintzen Satierengana. Aita Donostia ulertzen duzu Satie, Ravel, Debussy, Manuel de Falla... entzunez, testuinguru horren aberastasuna ezagutuz. Beraz, Satieren lanak izan arren, Aita Donostiaren soinuak ere entzungo ditugu, eta haren ulertzeko moduak ere bai».
Aita Donostiaren obra ezezaguna al da oraindik?
Oso. Ezagunak dira haren obra korala eta lan erlijioso batzuk, baina obra profanoa ez da hain ezaguna, bakarrik euskal preludio batzuk. Oso ezezaguna den obra bat dauka, benetan merezi duena.
Nola egiten duzu ikerketa lana? Nondik hasten zara?
Hasi nintzen Madrilgo nire maisuak [Felix Lavillak] Aita Donostiarekin lau eskutara jotzen zuelako pianoa, 1947. urte inguruan; lagun minak ziren, eta nire maisuak oso ongi ezagutzen zuen haren obra. Harekin hasi nintzen ikasten pianorako obrak, eta ikusi nuen nola dagoen sartuta Euskal Herriko folklorea. Eta handik hasi nintzen begiratzen folklorea, kantutegia... Horretan sakontzeko hasi nuen ikerketa, haren obra eta mundua hobeto ezagutzeko.
Aita Donostiak esana da Parisen Debussy eta beset hainbat ezagutzean musika modernoaren ateak zabaldu zitzaizkiola. Hala ikusten duzu zuk ere?
Bai, Parisen Frantziako inpresionismoa ezagutu zuen. Bestalde, liturgiaz eta kantu gregorianoaz asko ikasi zuen. Berak hori behar zuen bere estetika sortzeko; Ravel, Debussy eta Satieren musika ezagutzeak asko lagundu zion bere estetika propioa eraikitzen.
Euskal folklorea sakon aztertu zuen, eta hori nabari zaio konposizioetan ere. Baina, zertan?
Nik beti esaten dut Aita Donostian hiru bide edo lan desberdin daudela: konpositorearena, ikerlariarena eta folkloristarena. 1910. urtean hasi zen euskal folklorea biltzen; baserriz baserri ibili zen, herriko jendeari herriko kantak abesteko eskatuz. Hala hasi zen, eta, amaieran, 2.000 lanetik gora ditugu haren kantutegian. Hori ez da existitzen beste herri batean. Gero eta gehiago erakutsi beharko genukeen aberastasun bat da; ez dakigu zer daukagun, eta ikaragarria da. Zer egiten du? Erro folklorikoetan oinarrituta hasten da obrak sortzen, eta, aldi berean, Parisen ezagututako abangoardia garrantzitsuenak ere erabiltzen ditu bere obrak egiteko.
Bi ildoak nahasten ditu, beraz.
Hori da, nire ustez, haren obraren gauzarik inportanteena. Uste dut arteak zerbait berria erakutsi behar duela, eta, haren kasuan, berritasuna da euskal folklorea garaiko abangoardiekin nahastea.
Haren obrak zer iradokitzen dizu?
Egun bakoitzean gauza desberdin bat, beti desberdina. Kanpoan jotzean, Euskal Herriko sentsazioak datozkit beti; baina hemen jotzen ditudanean, adibidez, agian Frantziako inspirazio batzuk etortzen zaizkit. Zaila da azaltzen, baina, bira honetan, kontzertu guztietan sortu zait nire herriko inspirazioa, nostalgia pixka bat...
Haren obrak badu nostalgia edo tristura zer hori, ezta?
Badu hori, Euskal Herriko folklorea horrelakoa delako. Hark beti esaten zuen hemengo musikak tristetasun bat daukala, eta eguraldiagatik edo mendiengatik izango ote zen galdetzen zuen... Ikerketa etnografikoa ere egiten zuen, eta oso interesgarria da.
Hainbat herrialdetan ibili zara biran, oraintsu AEBetan. Nola hartzen dute kanpoan Aita Donostiaren musika?
Hasteko, Etxepare Institutuari eskertu nahi nioke egin duten lana, haien laguntzari esker publiko oso ezberdinak ezagutu baititut; batzuek ezagutzen zituzten lanak, beste batzuek ez... eta harrigarria izan da, zaila da azaltzen. Renon negar egin zuten batzuek, Miamira ere etorri ziren han bizi diren euskaldun batzuk... eta izugarri hunkigarria izan zen, benetan. Politena, hurrengo urtean berriro joatera gonbidatu nautela.
Nolakoa da inoiz entzun ez dituzun piezak interpretatzea?
Konpositorearen mundura hurbildu behar zara, ezagutu behar duzu nolakoa zen haren giroa, haren momentu historikoa, nolakoak ziren haren lagunak, zeinmusika zituen gustuko... Mundu oniriko bat da, eta horrek guztiak laguntzen dizu ideia bat sortzen, estetika bat lortzen.
Dena den, zure interpretazioak edo ukituak izango du lekurik...
Bai, hori da arteaz miresten dudana, beti ezberdina dela. Nik gaur jotzen badut pieza bat eta bihar berriro, nahiz eta pieza bera izan, ezberdina izango da, beti komunikatzen dut zerbait berria. Nola azaldu? Hori da bizitza.
Aita Donostia hainbeste urtetan ikertzeak, beste autore batzuei buruzko beste ikuspegi bat edo ulermen bat eman al dizu?
Bai, asko; horregatik hurbildu naiz orain Satieren musika grabatzera. Aita Donostiak bere konferentzietako batzuk Chopini eta Satieri dedikatu zizkien, eta hor ikusten da zein autore gustatzen zitzaizkion. Oso estetika paretsuak dira. Garai hartan, gatazka bat egon zen musika frantsesaren eta germanikoaren artean, eta hauek frantsesaren alde egin zuten, inpresionismoaren alde; musika modala da, kolorez betea, estrukturarik gabekoa. Satie sentsazioak dira, usainak...
Aita Donostiaz oraindik ere zer ikertua geratzen al zaizu?
Asko, asko! Gauza pila bat dago. Francesc Manalt konpositore katalanak XVIII. mendean idatzitako sonatei egindako arreglo harmonikoak topatu ditut, ganbera musika ere hor dago...
Iturri agortezina da zuretzat...
Bai, bai. Eta hori da politena: niretzat helburua bidea da, ez dauka amaierarik. Egunero gehien gustatzen zaidana egiten ari naiz.
Beste ikerketa ildo batzuk, beste konpositore batzuk aztertzeko asmorik baduzu?
Ari naiz. Ikertu egiten dut zerbait berria jo behar dudanean. Orain,ia urtebete eman dut Satieren obra batzuk ikasten, eta horrek ikerketa eskatzen du: ezagutu behar duzu haren lana, testuinguru historikoa... eta pianoan bertan sonoritate ezberdinak frogatu behar dituzu, aukerak mahai gainean jarri, eta aukeratu egin behar duzu. Azkenean, interpretazio bat nola egin erabakitzeko, arau bakarra dago: barruan sentitzen duzuna. Batzuetan gogorra da, ez baituzu neurri bat esateko hau ondo dagoen edo ez; baina, gero, subjektiboki, erabaki horiek hartzeko ikerketa behar da. Bukaeran zure subjektibitatea dago; bestela, ez da interpretazioa, zerbait errepikatzea baizik, baina ezer berririk ez zenuke sortuko.
Interpretazioa eta ikerketa, beraz, biak batera doaz zugan.
Biak batera egin behar dira; jotzen duzunean ikertzen ari zara, sonoritateak, tempo ezberdinak, sentsazio batzuk ari zara frogatzen. Informazio historikoa ere baduzu... dena bat da. Ikerketa prozesu bat da, interpretazio bat lortzeko. Hori da politena niretzat, egunero pianoan orduak ematea probatzen, beste bertsio batzuk entzuten, iturriak irakurtzen, aukera ezberdinak deskubritzen.
Josu Okiñena. Pianista eta ikertzailea
«Aita Donostiari bere estetika eraikitzen lagundu zion Satiek»
AEBetako biratik iritsi berria, Erik Satieren lanekin diskoa grabatzera sartu da egunotan pianista. Aita Donostiaren obrarekin egin bezala, edozer interpretatzeko ikerketa beharrezkoa dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu