Aita Donostiaren 25 pieza argitaragabe plazaratu dituzte

Josu Okiñena piano jotzaileak eta Gillen Mungia tenorrak 'Aita Donostia. Gabon kantak' diskoan eman dituzte. Bihar aurkeztuko dute kontzertuan, Donostiako Viktoria Eugenian

Ezkerretik, Koldo Saragueta kaputxinoa, Gillen Mungia tenorra, Josu Okiñena piano jotzailea eta Elena Martinez de Murgia Aita Donostiaren iloba. JON URBE / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Badira hogei urte Josu Okiñena piano jotzailea Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostia-ren (Donostia, 1886-1956) lana ikertzen hasi zela; doktore tesia ere lan horri buruz egin zuen. Azken hiru urteak, berriz, Gillen Mungia tenorrarekin batera grabatu eta Ondare Music zigiluarekin argitaratu berri duen diskoaz erditu den ikerketa lanean eman ditu. Hala azaldu zuen atzo, prentsaurrean: «Kaputxinoen Iruñeko artxiboan aurkitu nituen disko honetako pieza asko. Aspaldi hasi nintzen hara joaten, eta ia-ia hilabetero joaten naiz oraindik ere, eskuizkribuak begiratzera. Beti aurkitzen ditut honelako altxorrak, gauza berriak».

Ikerketa bakarrik ez, interprete lana ere eskaini ohi dio Okiñenak Aita Donostiari: «Neure piano jotzaile jardunean ere beti saiatu izan naiz haren lana zabaltzen, munduan zehar emandako kontzertuetan». Lilura eta jakin-min handia sortuz entzuleen artean, nabarmendu duenez. Jakin-min hori asetzeko eta lilura zabaltzeko tresna ederra izan daiteke atzo aurkeztu zuten bilduma, Mungia tenorraren ustez: «Mundu mailako kalitatea daukalako, unibertsala delako egin zituen harmonizazioekin eta melodiekin. Geure ondarearen eta ondare unibertsalaren parte bat berreskuratu dugu». Aita Donostia. Gabon kantak diskoarekin. Okiñenaren ekarpena ezinbestekoa izan da horretarako, abeslari lirikoaren arabera: «Josuk batu zituen eskuizkribuak, partiturekin. Bioi gustatuko litzaiguke musika hau munduan zabaltzea, eta horregatik hasi ginen lanean honekin. 38 kanta sartu ditugu diskoan, azkenean». Den-denak, Aita Donostiak jasotakoak. Horietatik 25, argitaragabeak.

«Izozmendiaren punta bat»

Jose Gonzalo Zulaika Arregik 1896an hasi zituen musika ikasketak, 10 urterekin, kaputxinoek Baztango Lekarozen (Nafarroa) zeukaten apaiztegian. Han egin zituen batxilergoa, nobiziotza eta eliza ikasketak. Han idatzi zuen orkestrarako lehen lana, 11 urte zituela: Diana, ikaskideak esnatzeko goizero jotzen zen dianari orkestra musika jarrita.

1908an apaiztu zen. Aita Jose Antonio de San Sebastian izena hartu zuen; gero bihurtu zen Aita Donostia, Euskal Herriak eman duen konpositore, musikologo, folklorista eta organo jotzaile handienetako bat. «XX. mende hasiera etxez etxe ibiltzen zen hura, kantuak biltzen, eta Hego zein Ipar Euskal Herrian jasotako abestiak daude disko honetan. Extremadurako melodiak ere badira, eta Gaztelakoak, eta Kataluniakoak», Mungiaren esanetan. 53 edo 54 urte zituela ondu zituen Aita Donostiak diskoko piezak.

Zergatik ez ziren argitaratu bere garaian hark prestatuta utzi zituen piezok? «Arrazoi ugarirengatik, ziur aski. Testuinguru politikoagatik, batetik; eta, bestetik, testuinguru editorialagatik eta garaian garaiko gustuengatik. Kontua da orain argitaratu egin dugula eta edonork ezagutzeko eta entzuteko moduan izango dela hemendik aurrera», Okiñenaren hitzetan. Eta lana hasi besterik ez da egin, azpimarratu zuenez: «Beste proiektu bat ere prestatuta daukagu, datorren urtean argitaratzeko asmoz, Aita Donostiaren kantekin. Ez dira gabon kantak izango horkoak». Haren lanaren parterik handiena editatu eta argitaratu gabe dago oraindik, izan ere. «Hau izozmendiaren punta txiki bat besterik ez da; eta azpian dagoena altxor bat da, zeinen ona den eta zenbateko garrantzia daukan ez dakigun ondare bat».

Ondare horretan, 3.500etik gora melodiako kantutegi bat dago; eta lan aitzindaria, iragan musikaren historia ikertzen eta garaikide izan zituen nazioarteko sortzaileek proposaturiko berrikuntzak bereganatzen, euskal folklorea hizkuntza unibertsal batekin uztartzen, arauak hausten eta eboluzionatzen. «Bere garaiko eta garai guztietako konpositore handienetako bat da Aita Donostia, lotsatu gabe esan behar genuke. Maurice Ravel handiak berak ere ikusi zuen hori, 1920an, elkar ezagutu zuenean. Hark egindakoa gutxik egin dute musikaren historian», erantsi zuen Okiñenak. Aita Donostiaren organorako obra aurkeztuta dagoela gogoratu zuen, baina 165etik gora konposizio daudela, ahotserako eta pianorako sortuak, behar bezala editatzeko; eta abesbatzentzako eta ganberarako lanak ere hor daudela, bikainak denak.

Lan horiek argia ikusteko tenorea heldu bitartean, Okiñenak eta Mungiak kontzertuan emango dituzte atzo prentsaurrekoan aurkeztutako diskoko kantuak: bihar, 19:30ean, Donostiako Viktoria eugenia antzokiko Club aretoan; igandean, berriz, Zumarragako (Gipuzkoa) Zelai Arizti aretoan arituko dira, 13:00etan.

Atzoko aurkezpenean, Aita Donostiaren iloba Elena Martinez de Murgia eta Gipuzkoako kaputxinoen buru Koldo Saragueta izan zituzten lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.