Aita Donostia harrigarriena

Musikagilearen pianorako piezak estreinatuko ditu Josu Okiñenak Viktoria Eugenia Klubean gaur

Aita Donostiaren pianorako piezak CDan grabatu ditu Josu Okiñena piano jotzaileak. UNAI P. AZALDEGUI.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aita Donostiaren musika lantzen hamabost urte daramatza Josu Okiñena piano jotzaileak (Donostia, 1971), eta konpositorearen obra ezezaguna berpiztea lortu du. Okiñenaren lanak fruitu ugari eman ditu; musikariaren piano eta ahotserako 172 piezarekin osatutako disko bat kaleratu zuen adibidez iaz. Hori nahikoa ez, eta aurten, Aita Donostiaren pianorako musika diskoa aurkeztu du. Bertan Euskal Preludioak pianorako pieza ezaguna bildu du, eta baita aurretik inoiz entzun gabeko A Caballo eta Humoresque lanak ere. Okiñenak Aita Donostiaren (Donostia, 1886-Lekaroz, Nafarroa, 1956) obra harrigarriena ezagutaraziko du gaur Viktoria Eugenia Klubean, 20:00etan.

Askorako ematen du Aita Donostiaren musikak. Aski ezaguna da Euskal Herriko folklorea berreskuratzeko egin zuen lana, baina gutxik ezagutzen dituzte haren konposizioak. Okiñena ikertzen eta lan berriak aurkitzen jarraitzeko prest dago: «Aita Donostiaren inguruan oso gutxi dakigu oraindik. Bere konpositore lana ez da ezaguna; jendeak gehiago ezagutzen du musikologo lanengatik eta folkloreko 3.500 abestiko kantutegia sortzeagatik. Berari esker ezagutzen dugu Euskal Herriko folklore musikala. Arazoa da horregatik izan dela bere sormen lana ezezaguna orain arte».

Diskoan berreskuratu dituen pianorako 27 piezak Frantzian igarotako urteetan sortutakoak dira. Okiñenaren esanetan, Parisen oso ezaguna izan zen haren musika, bere garaian behintzat. «Frantziar kutsu handiko estetika landu zuen, eta horregatik, bertan hobeto zabaldu zen bere musika».

Espainian, berriz, ez zen hain ezaguna egin, eta horregatik, harridura handia sortu du Okiñenak argitaratutako diskoa. «Zaila da Espainian halako musika aurkitzea. Duela astebete Madrilen aurkeztu nuen nire diskoa, eta jendea harrituta gelditu zen pianorako lan eder hauekin topo egitean». Manuel de Falla eta Isaac Albenizekin alderatzen ditu piezak. «Kalitate handikoak eta entzuteko oso atseginak dira bildutako abestiak. Harrigarria da duela ehun urte sortu eta ondoren ezkutuan egondako musikak horren harrera ona izatea». Piezak orain argitaratzea garrantzitsua da piano jotzailearentzat, Aita Donostiaren musika «bizirik» dagoela egiaztatzen duelako. « Sony Classical diskoetxeak argitaratu du diskoa, eta horrek proiektuak interes handia duela erakusten du».

Ikerketa eta sormena eskutik

Ez da erraza inoiz entzun gabeko piezak interpretatzea, baina Okiñenak erreferentzia sendoa izan zuen Felix Lavilla bere maisuari esker. Duela urtebete hil zen Lavilla, eta diskoa hari eskaini dio piano jotzaileak, omenaldi moduan: «Lavillak eta Aita Donostiak lau eskutara jotzen zuten pianoa. Asko lagundu ninduen Aita Donostiaren musika ulertzeko orduan». Okiñenaren ustez, ikerketa eta interpretazioa batera doaz jotzean. «Pianoa jotzean, kontuan hartu behar ditut soinuak, nola nahastu eta nola landu, nola adierazi paperean idatzitako musika hori, eta horrek eskatzen du hausnarketa handi bat, esanahiak eraikitzeko. Hori guztia ikerketa prozesu bat da».

Sormenerako lekua ere badago, eta are gehiago, pieza ezezaguna denean: «Interpretatzerakoan, mundu berri bat sortu behar da. Partiturak informazioa ematen du, eta irakurtzean eta jotzen hastean, bakoitzak bere errealitatea sortzen du». Sormen prozesu horretan, konpositorearen lana hobeto ulertzeko aukera izan du Okiñenak, eta besteak beste, bestelako konpositore garaikideen musika ezagutzeko balio izan dio. «Musika mota hau ikertzeak bide berriak ireki dizkit. Aita Donostiaren lagun Maurice Ravelen eta gainontzeko musikari garaikideen lanak ezagutzeko aukera eskaini dit».

Hain zuzen ere, konpositore horien eragina nabarmen erakusten du diskoan bildutako Errotazuriko Urretxindorra izeneko piezak. Aita Donostiaren bizitzan eta musika sortzeko estiloan aldaketa bat islatzen du abesti horrek, Okiñenaren hitzetan: «Oso nabaria da pieza hau sortzean bide berri bati ekin ziola. 1919an idatzitakoa da, Parisko abangoardiak ezagutu zituenean, hain zuzen ere».

Aita Donostiaren bizitzaz eta aurkitutako piezen testuinguruaz mintzatuko dira gaurko kontzertuan Juan Angel Vela musika kritikaria eta Javier Elzo soziologoa. Okiñenarekin batera, Iruñeko artxiboetan aurkitutako eskuizkribuetako musika aurkeztuko dute, eta Donostian lehen aldiz entzungo dira musikagileak sortutako hainbat doinu. «Ez dakit zergatik ez ziren bere garaian publikatu, baina oso abesti politak dira aurkitu ditudanak. Bada beste pieza bat Homenaje a Arriaga izena duena, modernoagoa baina aurrekoak bezain berezia. Orokorrean, kontzertuan aurkeztuko ditudan obrek pianoaren koloreak ederki entzuteko aukera eskainiko die entzuleei, Aita Donostiaren ezaugarri zen estilo fina erabilita».

Gaurko kontzertuaren ondoren, Aita Donostiaren musika nazioartean ezagutaraziko du Okiñenak. Europa eta AEBetan hainbat kontzertu eskaini, eta hizlari gisa parte hartuko du. Eric Satieren pianorako piezak grabatzeko asmoa ere badauka, baina Aita Donostia ikertzeari utzi gabe: «Musikariaren lanbidea oso gogorra da, baina izugarri polita. Erlijioaren modukoa da. Bizitza dedikatu behar diozu, baina merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.