Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Aissa Intxaustik eta Unai Mendiburuk irabazi dituzte sailkatzeko lehen bi saioak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea hasi zen atzo Urdulizen eta Durangon.

Unai Mendiburu bertsotan, atzo, Durangoko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
2023ko maiatzaren 5a
13:04
Entzun

Udazkenean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta harako sailkatzeko sailkapen fasea atzo hasi zen. Saio bi jokatu ziren Urdulizen eta Durangon, Aissa Intxaustik eta Unai Mendiburuk irabazi zituzten.

Urdulizko Kultur etxean egin zen saioa 203,5 punturekin irabazi zuen Intxaustik; jarraian gelditu ziren Beñat Bilbao, 178 punturekin; Igor Galarza (176), Jone Larrinaga (170.5), Maider Altuna (142.5) eta Illart Gamuzio (141). Gai emailea Beñat Vidal izan zen eta Ander Txakartegi, Graxi Leonardo, Jurgi Fuentes eta Ariane Elejabarrieta aritu ziren epaile eta idazkari lanetan.

Durangon, ostera, Mendiburu gailendu zen. Plateruena Kultur Aterpean jokatutako saioan, 194,5 puntu lortu zituen algortarrak, eta segidan geratu ziren Araitz Katarain 183 punturekin, Peru Irastorza (176), Arkaitz Zipitria (175.5) Imanol Arrutia (160) eta Bikain Urkiri (145.5). Gaiak Itxaro Juaristik eman zituen, eta epaileak eta idazkaria Beñat Romero, Garazi Mendoza, Miriam Juaristi eta Itziar Basterretxea izan ziren.

Lau aste eta bi multzo

Maiatzeko lau ostegunetan izango dira saioak; ostegun bakoitzean saio bi, bakoitza herri desberdinean.

Bi multzotan banatu dituzte bertsolariak: A eta B multzoetan. Talde bakoitzeko lau saio jokatuko dira, eta puntuazioz sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako. Multzoko hamahiru bertsolarik egingo dute aurrera gutxienez.

Hurrengo asteko saioak Diman eta Muxikan izango dira. Diman Aitor Arrutia, Ander Sarriugarte, Iker Garitagoitia, Iñaki Iturriotz, Koldo Gezuraga eta Peio Lago arituko dira bertsotan, eta Igor Menika izango da gai emailea. Muxikan, berriz, Ana Picallo, Ibai Amillategi, Inazio Vidal, Maite Sarasola, Naroa Torralba eta Peru Vidal leihatuko dira Zihara Jainagaren gidaritzapean. 18:30ean hasiko dira bi saioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.