Aiora Jakak irabazi du itzulpengintzako Euskadi saria, eta Jon Urzelaik saiakerakoa

Ahmadou Kouroumaren 'Independentzien eguzkiak' euskaratzeagatik jaso du aitortza Jakak, eta musika jaialdien inguruko 'Su festak' saiakeragatik Urzelaik. Julia Otxoarentzat izan da gaztelaniazko literaturako Euskadi saria.

Donostian jakinarazi dituzte iragartzeko falta ziren aurtengo Euskadi sarien irabazleak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostian jakinarazi dituzte iragartzeko falta ziren aurtengo Euskadi sarien irabazleak. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 18a
12:00
Entzun

Euskarazko eta Haur eta Gazte modalitateetako irabazleen izenak jakinarazi eta astebetera heldu dira gainontzeko sarituen izenak, Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldi batean. Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak egin du aurkezlearena, eta, ezer baino lehen, eskerrak eman dizkie irabazleei: «Herri batek bere errelatoa edukitzea oso inportantea da, eta horretan ari zarete zuek».

Ahmadou Kouroma idazlearen Independentziaren eguzkiak dela eta, Aiora Jakak (Donostia, 1982) «oso itzulpen lan ona» egin duela nabarmendu du epaimahaiak: «Bikain ekarri du euskarara, azalez nola mamiz, estiloz nola tonuz». Jose Manuel Lopez Gaseni, Iñigo Roque, Garbiñe Iztueta, Arantza Etxebarria eta Idoia Gillenea izan dira itzulpen kategoriako epaimahaikideak, eta, haien ustez, «egiantz osoz eta itzulpen erabaki ausart bezain zuhurrak hartuz eramaten du Jakak euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara».

Kouroumak (Togobala, Boli Kosta, 1927 - Lyon, Frantzia, 2003) 1968. urtean idatzi eta 1970ean eman zuen argitara Independentzien eguzkiak (Les soleils des indépendences), Montrealen (Kanada). Guztira publikatutako bost eleberrien artean lehena da Jakak euskaratutakoa, eta malinke etniaren gainbeheraz dihardu. Tonuan mingostasunetik umorera egiten du jauzi Kouromak, eta kritika zuzenik ere badu: agintari kolonial frantsesei eta independentzia osteko elite afrikarrei ez zaie erretratu gozorik egiten.

Besterik ere azpimarratu diote epaimahaikideek Jakaren lanari: «Idazle bolikostarrak malinkerazko mundu ikuskera frantsesez islatzeko egindako operazioa berritu egin du euskaraz». Baita erritmo bizia eta idazkera ere, «ahozkotik hurbila».

'Su festak' ere, «bikaina»

Jon Urzelaik (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990) idatzitako Su festak saiakerari ere balorazio «bikaina» egin dio epaimahaiak, «bai formaz, bai eta eduki aldetik ere». Kasu honetan, Miren Billelabeitia, Ane Miren Larrinaga, Jon Mentxakatorre, Ainhoa Novo eta Xabier Aierdi batu dira epaimahaian, eta atalen izenburuei ere hari narratiboa eman izana txalotu diote Urzelairi, besteak beste.

Epaimahaikideen arabera, azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren «diagnostiko argia eta burutsua» dakar Su festak saiakerak, eta musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin «modu arrazoituan» lotzea goraipatu dute. Musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu duela ere uste du epaimahaiak: «Edozeinen esperientziarekin konektatzeko gaitasuna du testuak, musika esperientziak eta eguneroko esperientzia sozialak txertatzen baititu gogoetan». Horri guztiari esker, Urzelaik «irakurketa atsegin eta entretenigarria» eskaintzen duela gaineratu dute.

Euskarazko itzulpen eta saiakera sariez gain, gaztelaniazko Literatura sariaren berri ere eman dute: Julia Otxoak irabazi du, Bajo los astros de la repeticion poema liburuari esker. Gaztelaniazko saiakera saria, berriz, eman gabe gelditu da aurten.

Urte osoan gogoan

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak esan ditu azken hitzak San Telmo museoko ekitaldian. Idazle eta itzultzaileen talentua aitortzeaz batera, sariez gaindiko laguntza agindu die: «Badakit zer zaila den zuen lanbidea; ezkutuan, bakardadean aritzen zarete askotan, eta egunerokoan ere zaindu nahi zaituztegu: zutabeetako bat izango da gure legealdian».

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi literatura sari banatzen ditu urtero. Saridun bakoitzak 18.000 euro jasotzen ditu, eta beste 4.000 euro beste hizkuntza batera itzultzen den bakoitzeko.

Euskadi sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 21ean izango da, Gasteizko Artium museoan.

(ID_14348088) (/@FOKU) 2024-10-18, Donostia. Euskadi Literatura sariak
Aiora Jaka itzultzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU

Aiora Jaka: «Malinke kutsuko frantsesa euskarara ekartzea izan da erronka»

Itzultzaileak pozik hartu du saria, eta «ohorea» dela esan du: «Bereziki, iaz argitaratuko itzulpen on guztiak ikusita». Hitza hartu orduko, eskerrak eman dizkie Independentzien eguzkiak argitara ematen lagundu dioten itzultzaile eta editoreei, hala nola Idoia Santamariari, Lander Majuelori, Inazio Mujikari eta Koro Navarrori; haiekin aritzea «pribilegioa» dela gaineratu du.

EIZIE elkartea ere gogoan izan du Jakak: «Sekulakoa da urtero munduko literatura klasikoa eta modernoa argitaratzeko egiten duen lana». Hain zuzen ere, EIZIEk egindako deialdira aurkeztu zuen bere burua Jakak: «Lagin bat jartzen dute, eta ondoen itzuli duenari ematen zaio liburua itzultzeko enkargua». Lagin horretan berean konturatu zen Jaka Independentzien eguzkiak liburuak bazuela aparteko zailtasunik: «Batez ere afrikar literatura delako, eta oso gutxi saltzen delako, baina, gainera, idazleak frantsesa malinketu egin duelako. Malinke kutsuko frantsesa euskarara ekartzea izan da erronka».

«Oso gustura itzuli dut liburu osoa. Kutsu hori euskaran islatzeko erabaki batzuk hartu behar izan ditut, eta pozik nago»

AIORA JAKAItzultzailea

Zailtasuna zailtasun, saiatu egingo zela erabaki zuen Jakak, eta horra emaitza: «Oso gustura itzuli dut liburu osoa. Kutsu hori euskaran islatzeko erabaki batzuk hartu behar izan ditut, eta pozik nago».

Aitortza inondik inora espero ez zuen seinale, saria jasoko zuela esan ziotenetik saria jasotzeko bezperara arte, dei baten zain egon da: «Uste nuen berriz hots egingo zutela, atzera egiteko, itzultzaile on gero eta gehiago baitauzkagu».

(ID_14348128) (/@FOKU) 2024-10-18, Donostia. Euskadi Literatura sariak
Jon Urzelaik jaso du saiakerako Euskadi saria, Su festak lanagatik.

Jon Urzelai: «'Su festak' saiakerak berez jaso du oparia, izan duen oihartzunagatik»

Su festak saiakeraren egileak Susa argitaletxeari erakutsi dio batik bat esker ona: «Idazle hasiberri baten alde egiteagatik, eta, printzipioz, arrakastara bideratua ez den liburu bati aukera emateagatik».

Gabezia batetik abiatu zen Urzelai; haren hitzetan, «zulo baten sentsaziotik». Haren ustez, «alderdi sozial, politiko eta ekonomikoan gehiegi sakondu gabe aztertu izan da musika jaialdien fenomenoa, eta, batez ere, nahiko akritikoki». Hain zuzen, horretara heltzeko saiakera da Urzelairena.

«Alderdi sozial politiko eta ekonomikoan gehiegi sakondu gabe aztertu izan da musika jaialdien fenomenoa, eta, batez ere, nahiko akritikoki»

JON URZELAIIdazlea

Idazleari «itzela» iruditu zaio saria, baina lehendik ere aitortza jasoa duela dio: «Liburu honek berez jaso du oparia, izan duen oihartzunagatik». Haren ustez, «halako harrera» ez zegoen aurrez ikusterik: «Nitxoko gauza bat izango zela imajinatu nuen, kultur munduan edo musika munduan dabilenari eragingo ziola zerbait, baina muga horiek gainditu egin ditu, eta, antza denez, badago jendea horrelako gauzak irakurtzeko prest».

Musikatik hurbil ez dabiltzanen oharrek bereziki poztu dute Urzelai: «Batzuek esan izan didate musikaz ez dakitela gauza handirik, eta bertan aipatzen ditudan erreferentziak-eta ez dituztela ezagutzen, baina gustura irakurri dutela, eta atera dutela zerbait liburutik».

Idazle izateaz gain, fisikari, soziologo eta irakaslea ere bada Urzelai. 2021ean, aipamen berezia jaso zuen CAF-Elhuyar sarietan, zientzia kazetaritzaren kategorian, Pentsatu, ez sinistu irratsaioagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.