Udan, Lendia aintziraren (Araba) ur maila jaisten denean, tunel batek zeharkatutako haitza agerian geratzen da. Aintzira du oinarri Elena Aitzkoa artistaren Lendia Song erakusketak, eta, haitza bezala, hura osatzen duten piezek orobat dirudite urpean egondako elementuak, bat-batean azaleratu direnak. Bilboko Azkuna zentroko BAT lantegiaren zoruan apailatuta dauden eskultura andanek itsas hondoaren antza ematen diote espazioari, argi naturalak eta pare bat linterna txikik apalki argiztatzen dutena. Babestu programaren barruan garatu du Aitzkoak proiektua, eta uztailaren 4ra bitarte ikusi ahal izango da.
Aretoan sartu, eta bildumako piezarik handienarekin egiten du topo bisitariak. Hondoratutako ontzi baten aztarnak gogorarazten ditu eskulturak: adar mardulez osaturiko estruktura bat du, eta hein handi batean oihalekin estalita dago, zeintzuek urteen igaroan iraun duten bela zatiak diruditen. Baina era berean izan daitezke «eskeletoa edo tximeleta», artistak nabarmendu duenez. Edozein kasutan, aldamenean dituen harri antzeko piezekin eta urrunagoko haitz formako obrekin batera, ezagun zaizkion bazterrak ekarri ditu aretora. «Niretzat interesgarria zen piezak ikustea paisaia txiki bat bezala. Apodaka [Araba], nire jaioterria, gogorarazten didate: elementu txikiak daude, baina handiagoak ere bai, mendiak, esaterako».
Aurreikusitako helbururik gabe egiten du lan Aitzkoak, eta, horrenbestez, prozesuan josi eta biribiltzen dira haren proiektuak. Lan egiteko modu horren adibidea da aretoaren erdian kokatu duen talde eskultorikoa, harri multzoa dirudiena: Azkuna zentroko erakusketa gunea baino eremu txikiago batean ondu zituen, eta, ezinbestean, sortzen ari zen horien arteko elkar eragina jazo zen: «Pieza batean desegindakoa, edo sobera zegoena, beste batera zihoan». Hala, «ekosistema» bat eratu zen, non «obren ezaugarri plastiko eta poetikoa azaleratzen hasi zen».
Eskulturen sorrera «prozesu luzea eta ekintzen batuketa» da harentzat, eta, dioenez, obrak berari ezagun egiten zaion zerbaiten itxura hartzen duenean bukatzen da sorkuntza prozesua. Kasu honetan, piezak Apodakako elementuek izan dituzten transformazioak islatzeko gai izan zirenean «edertasuna» aurkitu zuela dio: «Nire herrian fosilen arrastoak daude, baita arroka higatuak ere, eta duela milioika urteko ekintza horiekin bat egiten dute prozesu geologikoek: urak elementuak lekualdatzen ditu etengabe, haiek sedimentatuz edo erauziz».
Nola bihurtu natura aterpe
Erakusketako eskulturak osatzeko, tindatutako eskaiola likidoan murgildutako oihalak erabili ditu Aitzkoak. Hala egin ditu bai harriak diruditen blokeak, baita hondoraturiko itsasontzi baten lorratza dirudienaren oihalak ere, tratamendu horren ondorioz gogortu eta laztu direnak, artistak ukitu dituenean sortutako soinuak iradoki duenez. Materialaren zurruntasuna, ordea, koloreen eta argiaren apaltasunarekin orekatu du: grisera jotzea zuen aurreikusia hasieran, baina emaitzan grisak ez du ñabardura izaera besterik, gailendu egiten baitzaizkio berde eta urdin argiak eta morea. «Koloreek patxada eta amets egoera mantentzen laguntzen dute, gertaerak jazo bitartean igarotzen den horrek eragina, beste denbora maila batean egongo balitz bezala».
Argiak ere lagundu dio sentsazio hori erdiesten, baina koloreek baino buruhauste gehiagoren truke. Izan ere, Azkuna zentroko aretora argi natural «oso gutxi» heltzen da, baina, pieza bakoitzari foku bana kokatu zionean, «puztuta» geratzen zela iruditu zitzaion Aitzkoari, eta, horrenbestez, baztertu egin zuen ideia. Argiztatze artifizial minimora jo du artistak: bi linterna txiki erabili ditu argi naturala oso urria den ertzei argi apurra emateko eta, era berean, erakusketaren giro apala ez zapuzteko. «Alde batetik, materialtasun gogor bat topatu dut, naturaren prozesu horiekin guztiekin lotura duena; baina, bestetik, kolorearen goxotasunak eta argiak abagunea ematen du gorputzak tentsioa gal dezan eta beste agertoki batzuk ager daitezen».
Izan ere, hori da, oroz gain, Aitzkoaren proiektuak bisitariari eskaintzen diona: lasai egoteko espazio bat. «Ez dut nahi erakusketa bat egin non piezak begiratu orduko iraungiko diren. Espazio bat egin nahi dut egoteko, eta guretzat hartzeko». Artistaren hitzetan, bi «geruza» lotzen ditu proiektuak: naturari eta etxeko eremuari dagozkionak, hain zuzen. Aretoaren hondoan dagoen piezak agertzen du uztarketa bereziki, «tamainagatik aterpe naturalaren edo atseden hartzeko gunearen itxura» baitu, artistaren iritziz. Eskultura urdin argi bat da, zulo bat duena: bertan, eskuoihal bat eta jarroi txiki delikatu bat paratu ditu Aitzkoak, etxea iradokitzeko.
Bi geruza, bata aldakor eta bortitzagoa —natura—, eta bestea atseginagoa —etxea—; biak batuta, lasaitasun giro bat sortzen da. Bigarrenak mugatu eta baretu dezake lehena eragiteko gai den ezinegona? «Artea beti da paradoxikoa», dio Aitzkoak, «eta egia da erakartzen gaituen baina bortitza izan daitekeen horrekin arteak begizta bat egiten duela, gure bizitzan asumitu dezagun, eta komunikagarri bihurtu dadin». Edertasuna da gakoa, haren ustez: «Bizipen gogorrak izanda ere, ekintza estetikoak eta edertasunak gozagarriago egiten ditu».
Aintziraren hondoaren babesa
Arabako Lendia aintzira oinarri hartuta, 'Lendia Song' eskultura bilduma sortu du Elena Aitzkoak. Bilboko Azkuna zentroan bisitatu ahal izango da erakusketa, uztailaren 4ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu