Musika

Aintza heroi ahantzaraziari

Bassa hizkuntzan kantatu ohi du Blick Bassyk; baita '1958' disko berrian ere. Kamerungo lider independentista historiko Ruben Um Nyoberen historia du ardatz.

Blick Bassyk The Jazz Crew eta Macase taldeak sortu zituen Kamerunen. Bakarkako bideari ekin zion 2005ean, eta Frantziara joan zen bizitzera. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Batxillergoa bukatu zuenean, atzerrira joateko asmorik ez zeukala esan zion aitari, musikari izan nahi zuela Kamerunen. Aitak exorzista bati deitu zion. Musikaren bideari eutsi zion gazteak, hala ere. 17 urterekin, The Jazz Crew taldea sortu zuen, eta ezaguna egin zen herrialde osoan. 1996an, 22 urterekin, Macase taldea sortu zuen, bantu erritmoak, jazza eta soula nahastuz. Etam (1999) eta Doulou (2003) diskoak eman zituen taldeak, eta arrakasta handia lortu Kamerunen bertan eta nazioartean. Sari ugari jaso zituen. Eta 2005ean, bakarkako bideari ekitea eta Frantziara aldatzea erabaki zuen. Ordutik, Afrika erdialdeko musika tradizionala soul, funk, jazz eta latino doinuekin uztartu ditu. Ahots hauskor bezain sakona, aire soil bezain sofistikatuak erabiliz.

Blick Bassy. 1974an jaio zen musikari eta kantaria. Mongo Betik Remember Ruben klasikoa argitaratu zuen urtean. Betiren Ruben harexen gorazarrerako diskoa plazaratu berri duNo Format zigiluarekin: 1958. Monumentu musikatu bat; frantses soldaduek 1958ko irailaren 13an Kamerungo baso batean tiro zaparradez eraitsi, kilometrotan basatzatik arrastaka erabili eta, herrikideen zentzagarri, erabat desitxuratuta plaza publikoan erakutsi zuten Ruben Um Nyoberen memoria berreskuratzeko.

«Belaunaldi gazteek ez dute sekula entzun haren izena», errepikatu du Bassyk, behin eta berriz, azken diskoaren harira. «Beren historian ezjakinak direnez, beren sustraiak utzi eta mendebaldartasuna kopiatzen dute, gure ekosistema osoak eta naturak bestelako konponbideak eskatzen baditu ere. Eredutzat ditugun molde politiko, ekonomiko eta sozialek ez dute zerikusirik benetan garenarekin». Mendebaldeko ereduak. 270 hizkuntzatan mintzo den Kamerun kolonizatzaile biren hizkuntzen arabera zatitu zutenak: Kamerun frankofonoa eta Kamerun anglofonoa. «Um Nyobek argi ikusi zuen kamerundarrak zatitzeko bideak zein ziren: tradizioei lotuen bizi den Bamileke tribuaren aurkako jarrera sustatzea; eta frankofonoen eta anglofonoen arteko xextra hauspotzea». Gaurdaino luzatu den politika, Bassyren esanetan. Um Nyoberen aurka. Lehen Mundu Gerra ostean frantsesen eta ingelesen artean partitu zuten Kamerun batu eta independentea zuen amets hark; izan ere, justizia soziala eta borroka kolektiboak ardatz. Horren erakusle da Nazio Batuen Erakundearen egoitzan 1952an eman zuen hitzaldia. Ordurako, UPC Kamerungo Populuen Batasuna alderdiko burua zen, eta Mpodol —Herriaren Hitza Daukana, bassa hizkuntzan— ezizena jarria zioten. Frantziak UPC alderdia debekatu eta haren aurkako gerra irekia abiarazi zuenetik, 1955etik, sasian bizi izan zen Um Nyobe. Hil ostean ere, haren izena esatea eta goratzea debekatuta egon zen. Eta UPCren aurkako gerran segitu zuen metropoliaren bedeinkazioarekin 1960an boterea hartu zuen Ahmadu Ahidjok ere.1991ra arte, Um Nyoberen alderdia ez zen legezkoa izan Kamerunen.

Transmisioa, kolonizazioa

«Ez digute gure historia transmititu, ez eskolan ez etxean. [UPCko] Aitonak bi urte egin zituen basoan bizitzen, nire amarekin. Ordukoaz galdetu nionean, 2016an, xuxurlaka erantzun zidan, beldurrak bizi baitzen artean. Disko honen bitartez, historia zati hori ezagutarazi nahi izan dut», adierazia du Bassyk. Sasian bizi izandako independentista baten bilobak; independentisten jazarpenean aritutako polizia baten semea ere badenak. «Gaur egun, federalismoa da aukera bakarra. Kamerundarren nazioa ez da existitzen, egiteko dago».

1958 bakarkako laugarren diskoa du kamerundarrak. Léman (2009), Hongo (2011) eta Akö (2015) ditu orain arteko besteak. Azkena ere, aurrekoak bezala, bassa hizkuntzan, ama hizkuntzan, kantatua da. 11 abesti. Memoria kolonialaren puzzlea osatzeko. «Oraindik ere kolonizatuta gaude. Ezagun dute herrialdea kudeatzeko moduan. Ikusi noren interesen alde ari diren!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.