Ainhoa Urien Telletxek (Abadiño, Bizkaia, 1995) irabazi du euskarazko literatura sorkuntzako Ignacio Aldekoa beka. Urienek idatzitako ipuinaren «giro sendoa» saritu du epaimahaiak, eta 8.000 eurorekin lagundu ipuin bilduma bat egiteko proiektua. 2025eko martxoan aurkeztu beharko du liburua Urienek, Ignacio Aldekoa literatura ipuinaren nazioarteko jaialdian.
Urienek liburu bat du argitaratua: Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan (2020, Pamiela). Filosofia ikasi zuen EHUn, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT), eta Euskal kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoa UEUn. Idazlea eta pilotaria izateaz gain, bertso saioetan gai jartzailea ere bada.
Arabako Foru Aldundiak joan den urtean sortu zuen Ignacio Aldekoa beka, euskarazko literatura sorkuntza sustatzeko ipuin modalitatean. Aldundiak jakinarazi duenez, aurten 325 eskaeratik gora aurkeztu dira Ignacio Aldekoa ipuin literarioaren nazioarteko sarirako; haietatik heren bat nazioarteko egileak dira. Bestalde, Ernestina de Champourcin poesia lehiaketarako euskarazko eta gaztelaniazko poema bilduma aurkezteko epea uztailaren 10era arte dago zabalik.