Ainhoa Artetarekin hasiko da OLBEren 2018-2019ko denboraldia

Orotara, 22 emanaldi programatu ditu elkarteak, eta 'La Bohème' operarena izango da lehena

Ainhoa Arteta sopranoa, joan den urtean Gironan (Herrialde Katalanak) emandako kontzertu batean. ROBIN TOWNSEND / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Indartsu hasiko du 67. deboraldia OLBEk, Opera Lagunen Bilboko Elkarteak. Urrian abiatuko bada ere, 2018-2019ko denboraldiaren egitaraua aurreratu du dagoeneko, eta Giacomo Pucciniren La Bohème operarekin hasiko dela iragarri. Ainhoa Arteta sopranoa ariko da protagonistaren rolean, Teodor Illincai tenorrarekin batera —lehen aldiz ariko da Bilbon abeslari errumaniarra—. Artur Rucinskik eta Jessica Nucciok ere kantatuko dute. Pucciniren obraz gain, Ludwig van Beethoven, Giuseppe Verdi, Gioachino Rossini eta Georges Bizeten lanak ere taularatuko dituzte denboraldi berriaren barruan. Orotara, 22 emanaldi izango dira Euskalduna jauregian eta Arriaga antzokian.

Mario Pontiggia eszena zuzendariak Palermoko Massimo antzokirako ondutako ekoizpena da La Bohème, eta urriaren 20, 23, 26 eta 29an taularatuko dute Bilbon. Pedro Halffterrek zuzenduko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Opera Berri programarako hautatutako obra da, gainera —sarrerak prezio erdian eskuratu daitezke programa horrekin—; Vanessa Goikoetxea, Ruth Iniesta, Martin Nusspaumer eta Jose Manuel Diaz ariko dira emanaldi horretan.

Fidelio izango da programako bigarren lana, Beethovenek sortu zuen opera bakarra, eta azaroaren 24, 27 eta 30ean eta abenduaren 3an eramango dute oholtzara Bilbon. Jose Carlos Plaza eszena zuzendariak ondu du ekoizpena, Sevillako maestranzarentzat, eta Elena Pankratova, Peter Wedd, Tijl Faveyts, Anett Fritsch, Sebastian Holecek, Mikeldi Atxalandabaso eta Egils Silins abeslariak igoko dira agertokira. Juanjo Menak, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du.

Urte berriarekin, urtarrilaren 19, 22, 25 eta 28an, I Lombardi alla prima crociata emango dute, Tutto Verdi ekimenaren barruan. 2006an jarri zuen abian OLBEk ekimena, eta, urtarrilekoaren ondotik, Verdiren bi opera baino ez dira geratuko erakusteko —Jerusalem eta Alzira—. Italiako Regio di Parma antzokiaren ekoizpena da I Lombardi alla prima crociata, Lamberto Puggelli eszena zuzendari duena. Josep Bros tenorrak, Roberto Tagliavini baxuak eta Ekaterina Metlova sopranoak kantatuko dute, eta Euskaldiko Orkestra Sinfonikoa Riccardo Frizzak zuzenduko du.

Rossini eta Bizet

Rossiniren Semiramide operaren txanda helduko da gero, otsailaren 16, 19, 22 eta 25ean. Luca Ronconiren eszena zuzendaritzarekin, Angela Meade, Daniela Barcellona, Simon Orfila eta Jose Luis Sola ariko dira kantuan, eta Alessandro Vitiellok Bilboko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du.

Bizeten lehen lan arrakastatsua izan zenak itxiko du denboraldia, Les pêcheurs de perles-ek. Veneziako La Fenice antzokirako ondu zuen ekoizpena Pier Luigi Pizzi eszena zuzendariak, eta maiatzaren 18, 21, 24 eta 27an taularatuko dute Bilbon. Javier Camarena, Maria Jose Moreno eta Mariusz Kwiecienek kantatuko dute, eta Francesco Ivan Ciampak gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Rossiniren eta Bizeten lanen artean, martxoaren 20an, OLBEren kontzertua egingo dute, Giacomo Sagripanti zuzendariaren eta Jessica Pratt sopranoaren parte hartzearekin. Egun horretan, eromena gaitzat duten operaren historiako ariarik onenak entzun ahal izango direla iragarri dute.

Haur nahiz familientzako emanaldi programa ere prest dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.