Aingeru beltzaren lilura

PJ Harvey musikari ingelesak bere egin du BIME jaialdiko ostiral gaua. Ikusmina handia zen, eta 9.000 entzule bildu dira BECen, antolatzaileen hitzetan.

The Hope Six Demolition Project diskoko kantekin abiatu zuen herenegungo kontzertua PJ Harvey musikariak. Harena zen eguneko talde nagusia. ARITZ LOIOLA / ARP.
Barakaldo
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Joan den ostirala izan zen aurtengo BIME LIVE musika jaialdiaren estreinaldi eguna. Hirugarren urtez, kontzertuez harago doan topaketa antolatu dute, eta hiru atal bereizi dituzte: BIME pro, BIME city eta BIME Live. Lehenengoa musikaren industriarentzako eta industria digitalarentzako azoka da, eta musika sektorearen inguruko nazioarteko ehunka profesional bildu ditu. Bigarrenak Bilbora eraman du Barakaldoko BEC aretoan gertatu denaren zati bat, eta hiriburuko zortzi aretotan hogeita hamar kontzertu egin dituzte.Horiek gorabehera, hirugarren arloa izan da Bizkaia International Music Experience topaketaren zenita. Izan ere, amua ez da izan nolanahikoa: PJ Harvey eta Suede ostiralerako, eta The Chemical Brothers eta Moderat atzoko. Zalerik falta ez duten izen handiak laurak.

Antolatzaileen esanetan, 9.000 entzuletik gora elkartu ziren ostiralean BEC erraldoiaren teilatupean. Aretoaren ataritik hasi, eta Anso metro geltokiraino iristen zen jende ilara. Metroaren ahoa trabatu ere egin zen tarteka. Nahas-mahas horretan, batez beste,ordubetean itxaron behar izan zuten musikazaleek barrura sartzeko. Hotza, egonezina eta zigarroen kea, benetan handia zen PJ Harvey ikusteko ikusmina.

Musikari ingelesak disko borobila argitaratu zuen apirilean, The Hope Six Demolition Project, bere bakarkako ibilbideko bederatzigarrena, eta lan horren fruituak biltzen dihardu orain. Hemeretzi kontzertuko bira antolatu du Europa zaharrean, eta hamahirugarren saioa izan zen Barakaldokoa.

Errenkadan sartu ziren agertokira PJ Harvey eta haren kideak, bata bestearen atzetik, soldaduak balira bezala, eta atabalekin martxa militar antzeko bat joaz. Guztira, bederatzi musikari, denak gizonezkoak, denak traje beltzez jantziak eta denak aurpegi serioarekin. Eta PJ denen erdian, hain berezkoa duen saxoa ahoan. Aingeru beltz bat ematen zuen: gona beltz labur-laburra eta kolore bereko kamiseta, ukondoetatik tela beltz luzeak zintzilik zituena. Buruan koroa beltz bat, lumazko bi hegorekin, Hermes greziar jainkoaren kapelaren gisara.

Chain of Keys abestiarekin hasi zuten emanaldia, ilun eta astun. Eta, hortik aurrera, saxofoiak eta danborrak izan ziren nagusi kontzertuan. Bederatzi musikarietatik bost perkusioak gogor astintzen ibili ziren hasieratik bukaeraraino. Beste batek saxo baritonoa indarrez haizatzen zuen, eta behin baino gehiagotan Harveyrekin dueluak egin zituen. Ohikoa izaten da gitarristen artean horrelakoak ikustea, baina,kasu honetan, saxofoia izan zen kontzertuko musika tresna dirdiratsuena.

Azken diskokoak izan ziren ondorengo bost kantak: The Ministry of Defence, The Community of Hope, The Orange Monkey eta A Line in the Sand. Tarte horretan, atze-oihal iradokitzaile bat izan zuten atzean, agertokiaren luze-zabalean: zelda karratuz osaturiko irudi geometriko erraldoi bat, hiru dimentsioko sentsazioa ematen zuena.

Let England Shake abestiarekin izen bereko zortzigarren diskora egin zuen salto aingeru beltzak. Disko horretakoak izan ziren jarraian abestu zituen The Words that Maketh Murder eta The Glorious Land ere. Publikoa guztiz sartu zen emanaldiaren beroan, eta txaloak eta orroak ez ziren falta izan. Single zaharrak eta kanta berriak tartekatu zituen taldeak hortik aurrera.

Bis bakarrarekin

Gozatua hartu zuten rockeroenek 50ft Queenie zalapartatsuaren lehen akordeekin. Baina, halere, The Wheel izan zen giroa sutu zuena. Disko berriko singleari indar izugarria ematen dio bederatzi kidez osaturiko taldeak. Harveyren ahots zorrotzak kontraste handia egiten du bederatzi gizonezkoren ahots pisutsuekin. Aingeru beltza galdezka, eta haren armadak behin eta berriro erantzun. Oihartzun belikoak eta gerla usaina zirrikitu guztietan. Ez da kasualitatea abestiaren bideoklipa Kosovon grabatu izana.

To Bring You my Love abestia baliatuz, talde guztia aurkeztu zuen Harveyk, eta, berriz ere errenkadan jarrita, etorri bezala joan ziren. Oraingoan, ordea, Harvey zen lehena. Bis bakarra egin zuten: Bob Dylanen Highway 61 Revisited kantuaren bertsio irmoa, PJ Harveyk Rid of Me diskorako grabatu zuena. Halatan, kontzertu guztian zehar publikoari inolako erreferentziarik egin gabe, interakziorik eragingabe eta publikoari inolako eskerrik eman gabe, berea besterik ez zuen egin musikari ingelesak. Hori bai, inork baino hobeto egiten du egiten dakien hori.

Suede heldu zen gero. Bi zatitan banatu zuten saioa: lehenengo ordubetean Night Thoughts jo zuten goitik behera; azken diskoa. Pantaila batean filmazioak proiektatu zituzten, eta taldekideak tarteka agertzen ziren pantailaren atzealdean. Film itxura hartu zuen ikuskizunak. Saioaren bigarren zatian, 1990eko hamarkadan taldea ezagun egin zuten kantak jo zituzten, eta zaleak aho bete hortz: Brett Anderson salto, dantza, jira eta bueltaka ibili zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.