Ainara Elgoibar (Mungia, Bizkaia, 1975) eta Usue Arrieta (Arrasate, Gipuzkoa, 1979) izango dira Museo Bikoitza programan arituko diren hurrengo artistak. Hala jakinarazi dute Maddi Barber zinemagileak eta Donostiako San Telmo museoko arduradunek gaur, museoan bertan egindako prentsaurreko batean. Barber aritu da programan lanean azken urtebetean, eta hark gonbidatu ditu Tractora kooperatibako kideak parte hartzera. Izan ere, artisten arteko txandakatze sistema hori da programaren ezaugarrietako bat. Orain, Elgoibarrek eta Arrietak urtebete igaroko dute museoan lanean.
Barberren aburuz, kooperatibako kideek egindako lana «bat dator» Museo Bikoitza proiektuaren ikuspegiarekin: «Ainararen eta Usueren lanak lotura estua du gertuko testuinguruarekin eta lurraldeko kultura adierazpenekin, industria, paisaia, kirola eta aisia bezalako alderdiak jorratuz. Askotan, artxiboetan eta bildumetan, ikerketa luzeak egiten dituzte, eta hainbat formatutan gauzatu, hala nola erakusketetan, bideoetan, performanceetan eta argitalpenetan».
Ikusi gehiago
Tractora kooperatibako kideek egindako lanak aipatu ditu zinemagileak, eta horrela arrazoitu du bere hautua. Horien artean da, esaterako, Arrietak eta Vicente Vazquez artistak garatu zuten Geldi proiektua: «Euskal kultura industrialean barneratzen gaituzte, lanaren esparru tradizionala gainditu eta bizitzaren dimentsio sortzaile, herrikoi eta kolektiboa inbaditzen duen ikuspegi batetik», adierazi du Barberrek. Halaber, Elgoibarren U-Glas (2016) eta Gold 20 (2013) lanak ere nabarmendu ditu, eta zehaztu du urraldeko industria ondareari buruzko ikerketa horiek pertzepzio estetikoa eta zinematikoa lantzen dituztela.
Barberrek azaldu du barne senak esaten ziola Arrietak eta Elgoibarrek izan behar zutela Museo Bikoitzaren hurrengo parte hartzaileak: «Proiektuan zehar, nolabaiteko ezkutuko solaskideak izan dira. Ez geunden kontaktuan, baina askotan pentsatzen nuen: 'Zer egingo lukete Ainarak eta Usuek egoera honetan?' Orain, oso pozik nago, zer egingo duten ikusteko aukera izango dugulako».
«Luxua» kooperatibarentzat
Artista bikotea eskertuta eta gogotsu azaldu da, bai proiektuaren parte izateagatik, bai Tractora kooperatibaren eta San Telmo museoaren arteko elkarlana gauzatzeko aukera izateagatik ere. Arrieta: «Euskal Herriko museo baten bildumarekin lan egitea luxu bat da, guretzat ez ezik, kooperatibarentzat ere». Horrez gain, bertako piezekin lan eginez «gizartearekin elkarrizketa bat izateko aukera» bermatzen dietela ere gaineratu du.
«Euskal Herriko museo baten bildumarekin lan egitea luxu bat da, guretzat ez ezik, kooperatibarentzat ere»
USUE ARRIETATractora kooperatibako kidea
Barberrek azaldu duenez, Elgoibarrek eta Arrietak hamar urte baino gehiago daramatzate elkarlanean. Haiek dira Tractora artisten kooperatibako kiderik ezagunenak, baina Marc Vives eta Vicente Vazquez ere proiektuaren parte dira 2013az geroztik, eta Nader Koochaki ere gehitu zitzaien gero. Bazkideen proiektu artistikoak sortzen, ekoizten eta banatzen laguntzeko erakunde gisa sortu zen kooperatiba, baita gertuko pertsonen egitasmoetan laguntzeko ere. Gure Artea sariarekin aitortu diete orain dela hamar urte pasatxotik egindako lan hori.
Ez dadila haria eten
Programaren aurreko aldian, Hinrich Sachsek pasatu zion lekukoa Barberri. Urtebete lanean aritu ostean, azaroaren 15ean aurkeztuko du zinemagileak Harria eta poltsa izendatu duen proposamena. Bertan, museoaren kontserbazioan dauden objektu arkeologikoen, argazkien eta erregistro bideografikoen lekualdaketaz hausnartu du zinemagileak, besteak beste.
San Telmo museoak 2018an abiarazi zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku hartzeen programa bat da, urtero artista gonbidatu bat protagonista duena. Sortzaile bakoitzak sei hilabete ematen ditu ikertzen eta bere proposamena prestatzen, eta beste horrenbeste bere proiektua garatzen. Lan horren emaitza erakusketa programan sartzen dute gero, denbora batez, eta museoaren arte bildumara gehitzen dute ondoren.
Halaber, proiektua jendaurrean erakusten duen urte berean, sortzaile horrek hurrengo aldiko artista hautatzeko zeregina ere badu. Zazpigarren aldiko parte hartzaileak izango dira Arrieta eta Elgoibar. Mendizabalek gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik Erlea Maneros Zabalari eman zion lekukoa, eta hark, Jose Mari Zabalari. Haren ondoren, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean, eta Hinrich Sachs izendatu zuten segida emateko. Azken horrek, berriz, Barber hautatu zuen, eta zinemagileak, Arrieta eta Elgoibar. Haria eten ez dadin.