Musika

Aiert: musika erresistentziaren zerbitzura

Bere bizitzako hainbat kanta bildu ditu musikariak 'Somateka' diskoan. Zortzi abestiz osatu du bilduma, pop elektronikoan oinarrituta.

Aiertek Bilbon aurkeztu zuen 'Somateka', abenduan. FOKU
Aiertek Bilbon aurkeztu zuen 'Somateka', abenduan. FOKU
urko iridoy alzelai
2025eko urtarrilaren 4a
04:40
Entzun

Aiert Alberdi txikitatik egon da musikari lotuta. Gitarra eskuan, 13 urte zituenean hasi zen kantuak sortzen. Orain, 19 dituela, bere ibilbideko lehen diskoa atera du, baina ez da ahaztu 13 urteko Aiert hartaz. Gaztaroan egindako kantak bildu ditu Somateka-n, eta Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin atera. Su motelean prestatu du diskoa, eta bere ibilbideko askotariko etapak eta influentzia musikalak irudikatu.

Teoria beharrak bultzatuta sortu du diskoa musikariak. Genero disidentzia da bildumaren oinarririk handienetako bat, hartaz mintzatzen da-eta Aiert abesti guztietan, hainbat heldulekutatik abiatuz. Soziologia eta Zientzia Politikoetako gradua ikasten ari da, eta hori ere oso presente dago haren lanetan. Horren adibide nagusia da diskoaren izenburua. «Somateka Paul B. Preciado filosofoaren kontzeptu bat da, eta bilduma politiko bizidun bat izendatzeko erabiltzen du».

Bildumako kanta zaharrena 13 urterekin idatzi zuen. «Argi ikusten da duela sei urte idatzi nuen kanta hori arau klasikoen barnean sartzen dela; soilik gitarra eta ahotsa erabili ditut». Kanta berriagoetan, berriz, kutsu elektronikoagoa gehitu du musikariak, arau klasikoetatik aterata. «Kontraste handiko soinuak egin ditut azken urteetan. Xuxurletatik oihuetara igaro naiz». Pop elektronikoaren esparrukotzat jo du  disko berriaren estiloa.

Bilduma zortzi abestik osatzen dute denera. «Badago hari bat kantuak soinuaren bidez lotzen dituena, baina salto handiak daude batetik bestera». Gaiari begira, bestalde, musikariak ez dio narratiba jakin bati jarraitu nahi izan: bere bizitza ulertzeko erak irudikatu ditu. «Musikak erresistentziaren zerbitzura egon behar du, lagungarri izan behar du gorputzak askatzeko bidean». Musikariak gehitu du kanta guztiak «biolentziatik» eta «bizipen politikoetatik» abiatuta sortu dituela.

Musikariarentzat, Autodefentsa da bildumako kantarik berezienetako bat, Olatz Salvadorrekin batera egindakoa. Horixe da diskoko kolaborazio bakarra, eta autodefentsa kolektiboa du ardatz.

Abenduaren 14an egin zuen lehen aurkezpen kontzertua, bere herrian, Oñatin. Gaztetxean egin zuen emanaldia Aiertek, lagun eta ingurukoen aurrean. Musikariak adierazi du oso garrantzitsua iruditzen zaiola ondokoen iritzia entzutea, gustatu zaien ala ez jakitea. «Ilusio berezia pizten du diskoa etxean aurkezteak, bereziki gaztetxean». Zuzenekoak bakarrik ematea erabaki du, atzean bandarik eduki gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.