Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Aiert Goenagari eman dio lekukoa Jon Irazabalek

Azokak hartutako bide berriari erantzun ona eman dio bisitariak, Gerediaga elkarteak adierazi duenez

Jon Irazabal, Nerea Mujika eta Aiert Goenaga. JUANAN RUIZ.
Durango
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
«Itoginak ditugu oraindik, baina, euskal sorkuntzak ez du krisirik adierazi egunotan». Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariak aurtengo ekitaldiaren balorazio ona egin zuen, atzo, azokaren zuzendaritza uzten zuen egun berean. Aiert Goenagak hartuko du haren lekukoa, eta gaurtik aurrera bera izango da azokako arduradun nagusia.

Aurten, lehenengoz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara zenbat jende etortzen den jakiteko, sartu-irtenak neurtzen dituen sistema jarri da martxan. Hasierako lau egunetan 105.000 bisita zenbatu dituzte. Egunik jendetsuena asteartea izan zen. Beste egunetakoekin konparatuta, bisitari kopurua bikoiztu egin zen egun horretan: 40.000. Datuok eskuan, egunotako azokaren balorazioa egin du Gerediagak, eta bisitarien «erantzun ona» nabarmendu du.

Haur Literatura aretoko ekintza nabarmenenak: Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bonberenea Txarangarekin egindako saioa; Esku jokoak tailerra, Erramunen soinua-ren aurkezpena eta Galiziatik etorritako Caixiña do Mistos izan dira, antolatzaileen arabera. Ahotsenearen proposamen aniztasuna ere nabarmen dute; Azokako bisitarien %10 handik pasatu da. «Irudienea ikus-entzunezkoen plaza eta plazera» izan dela esan du Goenagak. Szenatokian irakurketa dramatizatua eta antzerki maratoiaren arrakasta dira aipagarrienak, eta Kabi@n Euskal Wikipediaren 10. urteurreneko ekimena. Plateruenak ere ondo eutsi dio; baina iazkoaren aldean, zuzenekoen ikusle kopuruak behera egin du. Euskal Dendak balantze ona egin du.

Agurra eta eskertzea

Une hunkigarria bizi izan zuen Durangoko Azokak atzo, Jon Irazabali esker ona eta Aiert Goenagari ondo etorria emanez. 30 urtez Durangoko azokaren antolakuntzan jardun ostean, hau izan du zuzendari legez azken jarduna Irazabalek. «Benetan, bihotzez, eskerrik asko, Jon» esanez, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak lantaldearen izenean omenaldia egin nahi izan zion Irazabali. Azken hiru hamarkadatako irudiez osatutako muntaketa eskaini ondoren, liburu irakurgailu bat oparitu zioten. Irazabalek, hunkiturik, azokaren historian izan duten garrantziagatik, sei lagun izan zituen gogoan. Azoka sustatu eta sustraitu zuten Jose Luis Lete eta Javier Zubikarai tartean. Keinua bota zien Gerediagako beharginei, «Itziar, Epi eta Estherri», berak azaldu bezala, «nire letxe txarra aguantatzearren».Gerediaga elkartean lanean jarraituko duela ere esan zuen.

Horrekin batera, Aiert Goenaga ondarroarrak hartu zuen Irazabalen lekukoa. Ondoan izango duen taldeari egin zion Goenagak erreferentzia, eta erronka oso «motibagarria» dela azpimarratu. «Jonengandik zer ikasi badut. Pozik baina tentuz ekingo diot lanari». Zuzendari laguntzaile eta ikus-entzunezkoen arduradun lanetan aritu da gaur arte Goenaga.«Azoka kulturgintzaren jai handia izan dadin lan egingo dugu, merkatua eta jaia bateratuz» gaineratu zuen Nerea Mujikak. Arlokako arduradunak eta lantaldeak eratzeko bidea ere hasi dute. Plan Estrategikoaren barruan Azokako izena aldatzearen inguruan ere ari dira hausnarketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.