Gerediaga elkarteak, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren antolatzaileak, Aiert Goenaga zuzendari kargutik kentzea erabaki du. «Iazko Azoka arrakastatsua izan zen bisitarien aldetik, baina uste baino galera ekonomiko handiagoa eduki dugu. Hori guztia aintzat hartuta, elkarteak erabaki bat baino gehiago hartu behar izan du, eta horien artean dago Goenagari kontratua ez berritzea», azaldu zuten Gerediagakoek prentsa ohar baten bidez, atzo iluntzean. Iruditzen zaie zuzendari ohiak «ahalegin handia» egin duela, baina «zoritxarrez» ez duela zintzo jokatu elkartearekin. Goenagarekin hitz egin zuen BERRIAk atzo, baina ez zuen adierazpenik egin nahi izan. Jasotako babes mezuengatik esker ona adierazi zuen Twitterreko bere kontuan, eta gertatutakoaren bere bertsioa ohar baten bidez gaur plazaratuko duela jakinarazi.
Urtebete pasatxo egin du Goenagak (Ondarroa, 1981) karguan. 2011ko abenduan hartu zuen Jon Irazabalen lekukoa, Azokaren 46. aldia bukatuta. Handik hilabete batera adierazi zuen «gune berriak indartzeko» pausoak eman behar zirela. Bide horretan eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzea eta Azoka «are gehiago zabaltzea» zen haren asmoa.
Gerediagakoek argitaratutako oharraren arabera, «Azoka ez da sekula izan, eta ez da izango ere, inoren proiektu pertsonala. Azoka ez du zuzendariak bakarrik egiten, lantalde osoak baino». Goenagak, hain zuzen ere, koordinazio mahai bat sortu zuen, eta horren ondorioz, aurten Azoka bakar bat osatu zuten gune guztiek —Areto Nagusiak, Ahotseneak, Saguganbara, Irudieneak, Szenatokiak, K@biak eta Plateruenak—, aurreko urteetako gorabeherak gaindituta.
Tirabirak, aspalditik
Aspalditik datoz Goenagaren eta Gerediagakoen arteko tirabirak, BERRIAk jakin duenez. Horiek zuzendari ohiak hauspotutako Azokaren kudeaketa horizontalean dute iturburua. Joan den ekainean bertan kargutik kendu nahi izan zuten, esaterako, baina elkartean bertan denok ados ez zeudelako eta koordinazio mahaiak egindako presioagatik atzeratu zuten erabakia.
Gerediagakoek nabarmendu dute, ordea, Azokaren proiektuak «norabide bera» izango duela aurrerantzean ere. «Orain dela lauzpabost urte Azoka eredu berri bati ekin genion, eta guneak sortzen hasi ziren. Plan estrategikoa onartu genuen 2011n, eta horren ondorioz azken guneak sortu ziren. [...]. Hortaz, koordinazio mahaiak jarraipena edukiko du».
Plan estrategiko horren barruan, Azoka bera Durango osora zabaltzea, «Hiri Azoka» egitea da elkartearen «ametsa», oharraren arabera. «Helburu horiek lortzeko, hala ere, sasoi zaila da, eta horregatik, indar guztiek ondo batuta egon behar dutela uste du Gerediaga elkarteak: elkarlanean jarraituko dugu kultur eragile guzti-guztiekin, Azoka handi bat eraikitzen».
Koordinazio mahaiko kideak, hain zuzen ere, atzo goizean bildu ziren Goenagaren kargugabetzearen albistea baloratzeko, eta bilera bat egitea eskatu diote Gerediagakoei. Gorka Julio K@biak-eko arduradunak, esaterako, kargua utzi du, «azoka ereduarekin gertatzen dena ikusi arte».
Elkarteak nabarmendu nahi izan du erabakia hartzea «zaila» izan dela. «Baina erabakia errespetuz hartzea eskatu gura dugu, eta, era berean, urte luze hauetan gurekiko erakutsitako konfiantzari eustea».
Aiert Goenagari BERRIAn egindako elkarrizketak irakurri nahi izanez gero, jo bi helbide hauetara: www.ttiki.com/47384 etawww.ttiki.com/47383
Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendari kargutik kendu dute
Gerediaga elkarteak azaldu du uste baino galera ekonomiko handiagoak izan dituztela, eta horren ondorioetako bat dela kaleratzeaGoenagaren ahalegina onartu du elkarteak, baina zintzo ez duela jokatu nabarmendu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu