Bere bizia eta oroitzapenak oinarritzat dituen Aihen ahula (Elkar) liburuaren lehen bertsioa 1978an argitaratu zuen Daniel Landartek (Donostiri, 1946). Bi aldiz berriz inprimatu zuten, baina hogei urte hauetan amaitua zen. Gehiago dena, aspaldian hitzemana zuen liburuaren segida bat, horren eskaera ere helarazia baitzioten anitzek.
Orain, erretretan dela, segidaren idazte lanari lotu zaio, eta, bide batez, Aihen ahula «arraizkiriatzeari». Hala, atzo aurkeztu zuen Ahularen indarra (Elkar). Idazterakoan, liburu zaharra ondoan atxikiz, «guti gorabehera gauza bera segitu dut. 1978an idatzi istorio berak dira, baina nahi izan dut horiekin jostatu». Izenburuan berean ageri da joko hori, ahula indartsu bilakaturik. Beti «ahula» izaten segitzen badu ere, «nire ahuleziak eman dit indar bat izkiriatzeko, kulturan inplikatzeko; indartzen jakin dut». Liburuan hitz batzuk aldatu ditu, pasarte batzuk laburtu, beste batzuk emendatu. Amatxiri lehen bertsioan baino garrantzi gehiago ematen dio, adibidez; erlijioari, gutxiago.
Hitz anitz aldatu ditu, halaber: «Eman dezagun horma beltza, sekulako izotza erran nahi duena.Baina beste zentzu bat ere ukan dezake, eta, beraz, aldatu dut. Beti pentsatuz: 'Irakurleak konprenituko du hori?'». Hego Euskal Herrikoak zein Donostiriko arrebak. Eta, preseski, irakurleak aipagai, duela 30 urtekoa eta gaur egungoa ez da baitezpada bera, eta liburuan hori kontuan hartu du. Bertsio berrian liburua edozein orrialdetatik has daiteke, ulermena trabatu gabe, aitzinekoan ez bezala. Erlijioari lotu anitz zati kendu baditu, arrazoi horrengatik izan da: «Oraingo gazte batek ez baitu pentsatzen ahal ere zer zen». Halere, liburua garai bateko lekukotasun gisa gelditzen dela baieztatu du Landartek, bere biziaren kontaketa baino harago.
Liburuak bi zati nagusi ditu. Lehena, 1978ko bertsioan bezala, Laborari semea du. Baina horri beste zati bat gehitu dio: Eskulangilea. Aihen ahula-n bospasei lerrotan mugatzen zena. Aldi honetan, berriz, xeheki aipatzen du inprimeriako langile baten bizia: «Nagusien eta langileen arteko harremanak, langileen arteko tirabirak, ipurdi milikari eta alfer zirien artekoak», grebak eta beste. Heldu den urtean, segur, liburuaren segida argitaratuko du, euskal kontzientzia nola piztu zitzaion eta baita kultur munduan murgildurik iragan dituen urteak kontatzeko.
«Ahulezia» indar bilakaturik, 'Aihen ahula' berriz idatzi du Landartek
1978an argitaratu liburuan idatziarekin «jostatu» da idazlea, eta 'Ahularen indarra' plazaratu berri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu