Zazpigarren artea deitu ohi zaio zinemari; bederatzigarren artea, komikigintzari; argazkigintzari egozten diote batzuek zortzigarren artea izatea, beste batzuek telebistari… Baina badira horiek baino are sailkagaitzagoak diren arte adierazpideak, hala nola ipuin kontalaritza garaikidea. Beste kultura batzuetan antzerkiaren adartzat jotzen bada ere, Euskal Herrian arte adierazpide autonomotzat hartzen da, antzerkitik apartekotzat. Baina, definizio arazoetatik harago, haren inguruko ezjakintasuna eta ezagutza falta da ipuin kontalaritza garaikidearen arazo nagusia, prestigio eta ofizialtasun faltarekin batera, hala kontalarien nola kontalaritzaren ikerlarien ustez.
Ipuin kontalaritzaren definizioa «oso kulturala» da, Leire Diaz de Gereñu EHUko Elebilab ikerketa taldeko kidearen ustez, aldatu egiten da kultura batetik bestera. «Italian, esaterako, antzerkiaren azpigenero bat da kontalaritza garaikidea. Euskal Herrian, Frantzian eta Espainian bezala —kanpoko eraginen ondorioz neurri batean nire ustez, Hego Amerikako kulturen eraginen ondorioz batez ere—, aparteko jardun berezi gisa hartzen da. Ez dira gauza bera antzeztea eta kontatzea, baina horrek ez du esan nahi kultura guztietan mugak beti leku berean finkatuko direnik». Leire Diaz de Gereñu (Gasteiz, 1974) euskarazko kontalaritza garaikidearen inguruko tesia egiten ari da, «kontalarien berbazko jarduna» aztertuz, «jendaurrean modu formalean nola kontatzen den deskribatzeko helburuarekin».
Maite Franko (Irun, 1971) antzerkiaren mundutik igaro zen ipuin kontalaritzara, eta kontalari gisa hasi zenean «bakarrizketa modukoak» egiten zituen, mozorroen eta objektuen laguntzaz. «Denborarekin, joan naiz gauzak uzten, eta gero eta gauza gutxiagoerabiltzen ditut», azaldu du Frankok. «Objektuek eta jantziek entzuleen arreta desbideratzen zuten, eta hitz soiletik abiatuta entzuleengana iristea lortu nuenean jabetu nintzen hori askoz ere interesgarriagoa zela». Ez du gaitzesten hala ere kontalariak objektuak, jantziak edo bestelako elementuak erabiltzea. «Nork bere bidea aurkitu behar du, eta kontalari batzuei objektuek, mozorroek eta horrelakoek ikaragarri laguntzen diete».
Koldo Ameztoi ipuin kontalariak (Arrueta, Nafarroa Beherea, 1952) dio kontalaritzak «irudi batzuk» pizten dituela «entzulearen gogoan», film batek edo komiki batek bezala, baina entzuleari «bere irudiak apaintzeko edo bere erara mugimenduan emateko askatasuna» emanez. «Beste arteek gehiago finkatzen dute dena». Horrez agin, beste askatasun handi bat ere aitortzen dio Ameztoik 1983az geroztik ofizio duen jardun artistikoari: «Kontalaria libre dago beste arteekin lotzeko, edozein arte motari eskua emateko: dantza, musika, pintura… Kontalariak ezagutzen badu bere lana, ipuina zer den baldin badaki, errazago luzatzen die eskua beste arteei, eta harremanak askatasunez egiten ditu».
«Ipuin kontalaritzan, publikoa eta kontalaria zuzeneko harremanetan daude, aurrez aurre, komunikazio zuzen bat sortuz», Joxemari Carrere ipuin kontalariaren (Pasaia, Gipuzkoa, 1963) ustez. Ez dago, beraz, «laugarren paretarik», agertokiaren eta ikusleen arteko alegiazko mugarik. Definitzeko zailtasunetatik harago, ordea, «ipuin kontalaritza jardun artistiko gisa hartzea» iruditzen zaio «garrantzitsua» Carrereri.
Kontalariak, onak; egoera ez
«Oso kontalari onak dauzkagu», horretaz ez du dudarik Diaz de Gereñuk, baina Euskal Herrian kontalaritza garaikidea «oso egoera apalean» dagoela irizten dio. «Ez da asko ezagutzen, eta entzuleek ez dute oso ondo identifikatzen». Hedabideek ez dute lagundu, Carrereren ustez: «Urteak daramatzagu zer egiten dugun azaltzen, baina gure lana ez da ia-ia aipatu ere egiten. Nekeza da».
Aitormen eta ezagutza faltaren ondorioetako bat da ipuin kontalarien publiko bakartzat haurrak hartzeko joera, kontalarien zereginaren inguruko aurreiritzietan oinarritua. «Aukera eszeniko bat izan beharrean, askorentzat ipuin kontalaria haurrentzako denbora-pasa bat da», dio Carrerek. «Txotxongiloekin bezala gertatzen da», Ameztoiren ustez. «Badirudi kontalaria umeentzako ari dela beti. Baina badira denentzako emanaldiak: umeentzat; familia osoarentzat denak elkarrekin; edo soilik helduentzat, jende kultuagoarentzat».
Haur eta helduentzat lan egiteko prest izaten dira kontalariak, baina gehienetan haurrei ipuinak kontatzeko deitzen diete, eta askotan izenik ere aipatu gabe iragartzen, «ipuin kontalari bat» izango dela esanez, besterik gabe. «Helduentzako emanaldi gutxi antolatzen dira, eta, ondorioz, publiko heldua ipuin kontalarien saioetara joaten ohitzea oso zaila da», Carrereren ustez.
Datuak «kezkagarriak» dira, Diaz de Gereñuk dioenez. «Kontalarien publiko nagusia euskaldun berriak eta umeak dira. Zenbat eta euskaldun zaharragoa izan, probabilitate gutxiago ipuin kontalari baten emanaldira joateko». Horrek eragin negatibo zuzena du kontalaritzaren garapenean. «Entzule gisa batez ere euskaldun berriak eta umeak dituztenez, bere osotasunean garatzen ez den praktika bat da, haien jarduna ondoen uler lezakeen entzule kualifikatua falta zaielako. Kontalaritza ez da soilik etxean prestatzen den zerbait, publikoaren aurrean egiten da, publikoa beharrezkoa du, emanaldiaren parte bat baita, eta zenbat eta entzule mota gehiago izan, kontalaritza hobeto garatuko da».
Elkartu eta antolatzen hasita daude Euskal Herriko kontalariak: Bazen Behin festibala antolatzen dute urtero; Kontalariak elkartea sortu, eta Ahozko narrazioaren aldeko agiria zabaldu zuten 2008an; kontalarien lan baldintzak hobetzearen aldeko aldarriak egin dituzte. «Baina oraindik ere kontzientziazio lan handia dago egiteko»,Frankoren ustez.
Konpondu beharrekoak
Aurreiritziak gainditzen joango direlako esperantza du Diaz de Gereñuk, baina ez dela erraza izango. «Frantzian eta Espainian, adibidez, kontalarien festibalak egiten dira, eta milaka ikusle biltzen dituzte. Hemen ez dago horrelakorik». Alderdi akademikotik ere «begirune handiagoa» beharko luke kontalaritzak Euskal Herrian. «Kontalariak ez dira agertzen ahozko literaturaren historian. Bertsolariak, pastoralak eta pastoralgileak agertzen dira, baina kontalariak ez. Agertzen dira idatzizko bildumak egin dituztenak, baina kontalariak ez».
«Antzerki festibalak antolatzen diren bezala, edo folk gaualdiak, ez da egiten kontalarien jaialdirik», dio, ildo beretik, Ameztoik. «Kontalariok antolatuta egiten dira elkarraldi batzuk, eta ongi daude, baina merezi luke instituzioek edo elkarteek ere hartzea beren gain horrelako ekimenak. Lehen pauso batzuk ematea, ofizialtasun zerbait izateko gutxienez».
Ahozkotasunik ahaztuena
Ezagutza, prestigio eta ofizialtasun falta dira ipuin kontalaritza garaikidearen arazo nagusiak, kontalari nahiz ikerlarien ustezHelduentzako ipuin kontaketa gutxi programatzeak garapena eragozten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu