Kanpoan lan egitetik etxera itzultzen zenean aitak kontatzen zizkion istorioak arretaz entzuten zituen Joxe Arratibelek (Ataun, Gipuzkoa, 1923). Arreta berarekin entzuten zituzten hark kontatzen zizkien ipuinak, fraide gaztea zelarik, bere zaintzapean Lazkaon zeuden mutikoek. Etxekoei nahiz hurbilekoei entzundako ipuin zaharrak haiek ez galtzeko, paperean jaso zituen. Euskarazko ahozko tradizioaren bilduma aberatsa besteentzat utzita joan da. Asteartean hil zen fraide, idazle eta ipuin biltzaile ataundarra.
Ergoiena auzoko Sariarte baserrian jaioa, hamazazpi urterekin Lazkaoko fraide beneditarren komentuan sartu zen, eta, hamar urtera, apaiztu egin zen. Hiru urtez Venezuelan misiolari aritu ostean, Lazkaora itzuli zen, eta Estibalizko (Araba) komentura joan zen 1964an. Han bizi izan da ordutik, eta han eraman zituen paperera txikitatik buruan ongi gorderik zituen ipuin eta istorioak.
Jose Maria San Sebastian Latxaga apaizak bultzatuta ekin zion ipuinok idazteari, Miel Anjel Elustondori 2008an eskainitako elkarrizketa batean gogora ekarri zuenez. «Nik kontu zaharrak nekizkiela esan zioten, eta eskribiarazi egin zizkidan. Esan eta esan jardun zitzaizkidan, eta idatzi egin nituen azkenean». Horrela ikusi zuen argia Kontu Zarrak liburuak, 1980an La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak kaleratutako ipuin bildumak.
Idazle eta kritiko ugarik goratu izan dute bilduma hori, bai ahozko tradiziotik jasotako istorioak gordetzeko Arratibelek eginiko lanagatik, baina baita ipuin kontalari gisa agertutako trebetasunagatik ere. Halaber, ipuingintzari eta ahozkotasunari buruzko zenbait ikerlanek oinarri gisa hartu dute Arratibelen bilduma. Haren herriko mundu magiko eta mitologikoa agertzen da ipuinetan. 1995ean berrargitaratu egin zuten lana, euskara batuan.
Azken liburua, 2008an
Bilduma hartako hainbat ipuinetan oinarrituta, beste hainbat lan argitaratu zituen Arratibelek ondorengo urteetan. Mari Xor eta beste eta Dirua neurtzeko ontzia gazteentzako liburuak kaleratu zituen 1986an, Erein argitaletxearekin. Ipuin laburragoekin Erramun eta Mirentxu kaleratu zuen handik hamar urtera.
Izugarriak izan zen haren azken lana. Pamiela argitaletxearekin kaleratu zuen liburua, bost ipuinekoa, 2008an. Ipuin zaharrak beste behin ere paperera ekarrita, ahozkotasuna gordetzeko konpromisoari eutsi zion orduan ere, eta horregatik, hari omenaldia egiteko baliatu zuten Ataunen eginiko liburuaren aurkezpena. Herenegun egin zituzten hileta elizkizunak Estibalitzen; familiak eskatuta, gaur 18:00etan beste hileta meza bat eskainiko diote Lazkaoko beneditarren elizan.
Ahozko uztaren biltzailea
Joxe Arratibel idazle eta fraide ataundarra hil da, euskarazko ahozko tradizioa gordetzeko ipuin ugari paperean jasota utzi zituenaTxikitan entzundako ipuinekin, 'Kontu zarrak' bilduma ondu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu