Zer dio euskal literaturak? Noiztik izkiriatzen du? Bere burua ongi ezagutzen dua?
Sarako Idazleen Biltzarraren 39. edizioa iragan berri da, igandean egin baitzuen usaiako azoka Aniotzbehere kiroldegian, paperari zeregin nagusia emanez.
Atzoko, alta, profesionalei begira antolatua zen: euskal ahozko literaturaren itzuli-mitzulian.
Goizetik lotu zaizkie lanari,kanpoko karpan; 09:00etan EKE eta Idazleen Biltzarra antolatzaileen ongi jin laburraren ondotik, lehen saio nagusiak hartu du protagonismoa. Xabi Payak eman baitu luze eta zabal mintzaldia: Ahozko Euskal Literatura: generoak eta adibideak. Berez, 2013an Payak argitaratu zuen bortzehun orriko liburutik jalgitako hitzaldia izan da Sarakoa: Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Preseski, ahozkotasunaz idatzi, eta idatzitik solasaldira salto egiteari buruz umorez mintzatu da Paya: «Pixka bat tranpa da, traizioa. Aspaldi nuen zorra liburu honekin batera bideoak sortzea. Itxaso Paya arrebak egin ditu, eta gaur aurkeztu ditut».
Berritasun fresko-freskoa oparitu dio Payak, beraz, Sararat bildu den entzuleriari. Bideo horietan ahozko literaturaren zortzi generoak azaltzen dira, eta denen eskura dira webgune honetan: www.labur.eus/ahozkoliteratura.
Baina, lehenago, ahozko literaturaren definizioa proposatu du Payak, Manuel Lekuonarenetik partituz: baitzioen ahozko literatura dela idatzizko literatura ez den gainerako guzia. «Ni ahalegindu naiz hori guztia definitzen, mugatzen eta sailkatzen». Hartara, Bernat Etxepareren euskarazko lehen liburuari bota dio desafioa: «Beotibarko gudua, ahozko literaturaren barruan dagoen genero epiko-lirikoan dagoen testu zaharrena da: jaso zen 1571n, baina gudua 1321ekoa da. Ez dakigu noizkoa den testua, baina pentsa daiteke Lengua Vasconum Primitiae baino lehenagokoa dela. Nahiz eta sei lerrotxo baino ez diren».
Oraina eta gero bereizi ez
Paya oroitu da Bernardo Atxagak 1990ean idatzi zuen poemaz: Trikuarena, zeinean sagarroia baita euskal literatura idatziaren metafora. Hauexek dira lerroetako batzuk: «Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,/ bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen/ gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;/ Eta bapatean, zeharkatu egiten du/ belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,/ Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez».
Eta errefera ere prestatu die lerrooi Payak: «Atxagak dio euskal literatura sagarroi bat dela, lo egon dena eta esnatu dena indartsu. Nik diot ahozko literatura txoria dela, trikua lo zegoen bitartean kantuan ari zena. Eta kantu horiek haizeak eraman ditu eta joan-etorrian aritu dira. Baina euskal literatura osorik kontuan hartzeko, biak kontuan hartu behar ditugu, bai trikua, bai txoria». Txoriaren eta trikuaren alegiazko euskal literaturak badu, hala ere, ezberdintasun handia, hizlariaren eleen arabera: idatziak baduela corpus mugatua, iker daitekeena, ezaguna... Ahozkoak, alta, ez: «Ez dakigu zenbat dagoen, zenbat testu, ipuin galdu den...».
Baina kurtsorea piztu du Payak, publikoarekin jostatzeko irrikan baitago: Homo sapiens espeziearen izate osoa urte bakarrean sartzea proposatu du, urtarrilaren 1ean sortu izan balitz bezala, eta egun abenduaren 31. Horrekin aski ez, lehenbiziko egunetik mintzatzen badaki gainera. Eta orain, entzuleei dagokie arrapostua ematea: noiz hasi zen euskal Homo sapiens idazten? Luze gabe erantzuna eman du, arras zehatza: azaroaren 22an. Paralelismo horrekin erakutsi nahi izan du euskal idatzizko literatura berantiarra dela. Zergatia ere eman du: «Ba, ez zuelako premiarik liburura salto egiteko; euskara bizirik zegoen kalean, baserrian, eguneroko bizitzan. Eta egunero bizirik dagoen hizkuntzak ez dauka premiarik liburura jauzi egiteko. Horregatik azaltzen dut ahozko genero oso bizia izan duela euskarak».
Bizitasun horren egungo egoera zertan den ikertu beharko litzatekeela adierazi du bukaeran: herri antzerkia, pastorala, irri antzerkia eta maskarada adibide gisa hartuz. «Toberarik bada? Zer baldintzatan? Bada eguneratu beharra».
Hitzaldiak muzin egin dio egitarauak hitzematen zuen ordutegiari, gainezka egin baitu denboran. Izan ere, galdera edo oharren aldia jin orduko, izan baitira joan jinak. Xarles Bidegainek, konparazione, galdetu du nola egin daitekeen ahozko literatura haboro ezagutzerat emateko. Payak erantzun du eskola ez dela aski: «Hizkuntzarekin batera, kultura, bizipen eta balio batzuk joan behar dira. Ez daukaten balioagatik bakarrik, baizik eta hiztunei tresnak ematen dizkigutelako. Ni euskaldun berria naiz, eta euskara askoz hobeto ulertzen dut, bertsolaritzaren bitartez hurbildu nintzelako: esamolde, ideia eta kontu asko ikasi nituen».
Ondotik, Kiribil konpainiak atsotitzetatik kantuak sortu ditu; arratsaldeko egitarau mardulari ekin aitzin. Rafa Ruedaren eta Gotzon Barandiaranen Hitzen ahairea hitzaldi musikatua lehenik; Patri Urkizuren mintzaldia azkenik: Sarako Bestak (1864-1885): Lore-Jokoak, bertso-paperak eta laster-koplariak.
Ahozko literaturari eman diote hitza
Liburu azoka ez ezik, profesionalen eguna ere izan du aurten Sarako Idazleen Biltzarrak. Ahozko literatura hartu dute hizpide egun osoan. Xabi Paya definitzen saiatu da zer den, eta bideo berriak aurkeztu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu