Literatura

Ahoz eta idatziz komunikatzeko gaitasuna aztertu du Jose Angel Irigaraik 'Ele eta hitz' saiakeran

Lengoaiaren sorreratik beretik hasi eta gaur egunera arte, ahozkoan, idatzizkoan eta ahozkotik idatzira egindako urratsetan gertatutakoak aztertu ditu, zibilizazioz zibilizazio. Gaurko ikuspegitik azaldu du gaiak duen munta.

Jose Angel Irigarai, 'Ele eta hitz' saiakera eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Angel Irigarai, 'Ele eta hitz' saiakera eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko azaroaren 21a
17:53
Entzun

Herabe azaldu da Jose Angel Irigarai (Iruñea, 1942) bere saiakera berrienaren aurrean: «Batere originalik ez du, bilduma da dena, handik eta hemendik hartutako informazio josia». Apaltasun horrek, ordea, ez dio itzalik egin Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz lanaren garrantziari, Pamielako editore Lander Majuelok emandako azalpena aintzat hartuz gero: «Lan labur sakon bat da, orriz ez luze, bai ordea esanahiz».

Antropologiatik edota antropologia filosofikotik ibilbide bat eginez, ahozko eta idatzizko giza gaitasunaren berrikuste historiko trinko bat dakar idazleak. Alegia, Homo sapiens hominidoaren garaitik hasi, Mesopotamia eta beste zenbait zibilizaziotatik jarraitu, eta gaurko eguneraino luzatu ditu jakin-mina asetzeko garroak. Harilkatuta datoz batzuk eta besteak; kasurako, «Tartesiako alfabetoak eta Gutenbergen inprenta, Donemiliagako glosetan ageri diren oharrak eta gaur egungo bertsolaritza edo Xabier Leteren olerkia», Majueloren hitzetan. Editoreari berezia egin zaio Irigarairen ekarpena: «Harrigarria da nola lortzen duen hizkera oso garbi batekin hain gai zabala ekartzea gurera, hain orrialde gutxitan».

«Harrigarria da nola lortzen duen hizkera oso garbi batekin hain gai zabala ekartzea gurera, hain orrialde gutxitan»

LANDER MAJUELOPamielako editorea

Grinatsu heldu dio autoreak gaiari: «Iruditzen zait gure baitan, gizateriaren baitan, gure mentura luze eta miresgarrian dagoen zerbait dela». Hasteko eta behin, lengoaiaren sorrerari buruzkoak arakatu ditu, eta liluragarria iruditu zaio «garrasi, deiadar, oihu edota xuxurletatik, menturari lotuta, nola garatu zen gutxinaka-gutxinaka lehendabiziko hitza izanen zen zerbait».

Hitza beti kolektibo baten emaitza dela nabarmendu du —«ez da ahantzi behar»— eta gramatika generatiboarekin egin du bat. Ontogenia hura filogeniarekin parekatu du, gainera, hau da, haurraren garapenarekin: «Jaioberria negarrez hasten da komunikatzen, eta apurka lehendabiziko ma-ma-ma-k esango ditu, meeran. Hortik aurrera, segituan, eta komunitatean dagoelako, hartuko ditu hitzak, eta hitz horiek enbor unibertsal bat sortuko dute, eta, aurrera joan ahala, enbor horri adarrak aterako zaizkio».

Lengoaiaz jabetzeko prozesua ez ezik, prozesuak berak behar izan duen denbora ere harrigarria iruditu zaio Irigarairi; alegia, «zenbat milaka urte bizi izan den gizateria ahozkotasun hutsean, ez ahozkotasun partekatuan, eta zenbat gauza gertatu diren ahozkotasunean».

Atal bat bertsolaritzari

Ahozkotasunaz harago, komunikazioari ere erreparatu dio autoreak, «ez baita soilik zer esaten den, baita nola esaten den ere, eta zer giro dagoen, hartzailea nola dagoen eta abar». Hori guztia «emozioen munduan» barneratzen dela esan du, eta Homeroren garaiko aedoak, Erdi Aroko koblakariak eta antzeko plaza poetak hartu ditu hizpide —«gizarteari zegozkion baloreak eta etika isurtzen zuten, eta jendeak orakulu gisa hartzen zituen»—, gaurko bertsolariekin alderatzeko. Hain zuzen ere, testuinguru jakin batean, esate baterako bertso txapelketako finalean, bertsolariek esango dutena orakulu bilaka litekeela uste du Irigaraik. Hari beretik, Milia Lasturkoa, Bereterretxeren khantoria eta gisako beste zenbait klasiko ere aipatu ditu.

Antton Lukuk libertimenduen azterketan erretratatu duen gisan dakusa bertsolaria Irigaraik ere: «Ez da juje, notario moduko bat baizik; testigantza moduko bat egiten du, subkontziente kolektiboan barneratuta azaleratzeko».

«Liburu zahar bat edo duela 6.000 urte gertatutakoa fosil gisa hartzen da, eta nik alderantziz ikusten dut, gure geneetan dagoen gauza bizi bat bezala»

JOSE ANGEL IRIGARAIIdazlea

Gogoetarako grinaz eta epaiketa saihesteko xedez dator, halaber, plagioari eskaini dion atala. Historia kontatzeaz batera, ikuspegia osatu eta gauza batzuk erlatibizatu egin nahi izan ditu, plagioak ekar lezakeen onurari ere arreta jarrita. Besteak beste, egiletzak mendeetan izan duen garrantzirik ezaz eta Xabier Leteren plagio kasuaz mintzatu da.

Saiakerako mamia ondu osteko ondorioen artean, historiari heltzeko ikuspegia nabarmendu du: «Liburu zahar bat edo duela 6.000 urte gertatutakoa fosil gisa hartzen da, eta nik alderantziz ikusten dut, gure geneetan dagoen gauza bizi bat bezala». Horren guztiaren balio orokorra aldarrikatu du, «mundu errealistago batean kokatzen, ipuinak eta fantasiak uxatzen, eta odol gose diren kontakizunak baztertzen laguntzen duelako». Hari, behintzat, «soka luze baten soka-begi urgazle» sentitzen lagundu dio jokamolde horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.