Ahotsa, oraindik bide urratzaile

Egindako bidearen aitorpen gisa, Amaia Zubiriak Adarra saria jaso zuen atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Urteetan inguruan izan dituen musikari askok hartu zuten parte kontzertuan.

Amaia Zubiria, atzo, Adarra saria jaso ondoren, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Galaz jantzi zen atzo arratsean Donostiako Viktoria Eugenia antzokia Amaia Zubiriari hark musikan egindako ibilbidea aitortzeko. Euskal musikari baten bide artistikoa saritzeko sortu zuen Donostia Kulturak Adarra saria, eta, ohi bezala, ekainaren 21ean, Musikaren Egunean, jaso zuen Zubiriak, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik.

Ekitaldiak, baina, bazuen bigarren parte bat ere, Zubiriak kontzertua eman baitzuen jarraian. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur arte agertokian bidaide izan dituen musikari ugari elkartu zituen Viktoria Eugenian. Aurretik esana zuen kontzertu berezia izango zela, ziklo baten itxiera gisa irudikatu duelako ekitaldia, eta ez delako erraza izango guztiak berriro elkartzea. Han izan ziren, besteak beste, Luis Camino, Aitor Furundarena, Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Ritxi Salaberria, Iñaki Salvador, Manu Gaigne, Gonzalo Tejada eta Angel Unzu. Bestalde, ohiko kideez gain, kolaboratzaile ugari aritu ziren kantuan: Edorta Amurua semea, Maider Ansa, Jaione Olazabal, Ainara Ortega eta Matixa Otero, baita Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak ere. Francisco Herrero biolinista ere igo zen oholtzara zenbait kantutan.

Musikari guztiek lagunduta hasi zuen kontzertua Zubiriak, eta hiru kantu aletu zituen segidan: Paradisu bat, Ilargia jaio da eta Mami xuri. Azken hori bereziki indartsu abestu zuen kantariak, eta, goian zegoela, erretiratu ziren Zubiria bera eta musikariak Lujanbio eta Maiari lekua egiteko. Lujanbiok kantatu zion «bere bidean segi dezala / zure espiritu libreak / gaur zirkulu bat ixten den arren / jarraitzen baitu bideak». Maiak, bestalde, horrela bukatu zuen bere bertsoa: «Euskal kantari izateaz gain / emakume izatea / gero zenbatek pasatu dun / zuk irekitako atea».

Zubiriaren gaua zen atzokoa, baina gaueko protagonismoa ez zen berea bakarrik izan. Banaka atera ziren oholtzara taldearekin kantatzera Maider Ansa, Jaione Olazabal eta Ainara Ortega, eta azken horrek Hi bezala-rekin publikoa txaloka jarri zuen. Segidan, Zubiriak eta Edorta Amurua semeak —gitarraren eta ahotsaren oinarri hutsarekin— Ihesean eta Amodioa zoin den zoroa interpretatu zituzten, eta Matixa Oterok, bere aldetik, Ametsa nun zaude? abestu zuen, Zubiriak Heldu zaigu azaro-ri heldu aurretik. .

Emanaldia bukaerara iristen ari zen, eta, Lujanbio eta Maiaren bigarren bertso saio umoretsuago baten ondoren, kantuan aritu ziren emakume guztiak azaldu ziren agertokira Amonaren mengantza elkarrekin abestera. Musikari guztiekin interpretatutako Loa-loa-rekin amaitzear zen kontzertua, baina, publikoak eskatuta, Zubiria berriro itzuli zen oholtzara, Maitia nun zira kantua a cappella abestera. Zirrara batekin bukatu zen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.