Ahotsa aurkitutakoa

Marine Girls eta Everything But The Girl-ekin egin zen ezagun, baina bakarka eta beste artista batzuekin ere abestu du Tracey Thornek. Lan hori jaso du orain, bilduma bikoitz batean.

1980ko hamarkadaz geroztik bakarka eta beste artista batzuekin egindako lana bildu du Tracey Thornek. BERRIA.
mikel lizarralde
2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Artista baten bilduma diskoak ez dira oso erakargarriak izaten musikazaleentzat, are gutxiago gaur egungo garaietan, Spotifyk eta Deezerrek bere playlist-ak egiteko aukera ematen batiote norberari. Badira, ordea, kantu bilketa hutsaren kontzeptua aise gainditzen duten diskoak, artistaren nolabaiteko panoramika ezberdin bat ematen dutenak. Musikaria testuinguru batean —askotan ez hain agerikoa— kokatzen dutenak. Interesa duten bilduma horietako bat da Solo: Songs and Collaborations 1982-2015, Tracey Thorn kantariak (Brookmans Park, Ingalaterra, 1962) azkeneko hiru hamarkadetan bakarka eta beste artista batzuekin egindako lana jasotzen duen disko bikoitza.

Interesa du diskoak, muzin egiten diolako Thorneren ibilbidearen pasarte ezagunenei. Ez da hemen Marine Girls aitzindarien alerik —indie-poparen lerro bat ireki zuen taldea, Donostiako Aventuras de Kirlianen adibideak argi erakusten duen moduan—, ez Ben Wattekin 80ko hamarkadaren hasieran sortutako Everything But The Girl proiektu entzutetsuaren alerik. Thornek, baina, egina du bide bat bakarka, ezkutuagoa agian, EBTGren soinutik erabat aldendu gabe, ñabardurak gehitzen dizkiona bere lanari.

Nortasun handiko kantaria izanik, Thornek jakin izan du popa modu ireki batean ulertzen, baina, hala eta guztiz ere, beti agertu izan da bere ahotsa kantuaren ardatzean, molde elektroakustikoak nahiz elektronikoak erabilita, bossa novara nahiz manera klasikoetara makurtuta, The Magnetic Fieldsen (Book of Love) nahiz Nick Drakeren ama Molly Drakeren (How Wild The Wind Blows) egokitzapenak eginda. Ahots goxo baina ez estandarizatu bat. Thornek berak Naked at The Albert Hall: The Inside Story of Singing liburuan (2015) idatzi duenez, «bilatu» egin behar izan duen ahots propioa. «Denak hasten gara beste kantari batzuk bezala abestu nahian, baina gero, pixkanaka, hortik urrundu eta geure soinu propioa aurkitzen dugu edo asmatzen dugu». Thornek berak aitortu du Patti Smith izan zuela lehen erreferentzia. «Baina ohartu nintzen ni ez nintzela Patti».

Smith eredu hartzeak badu lotura musikaren eta, zehazki, kantatzearen ikuspuntu feminista batekin. Edo emakume baten ahotsari eskatzen zaionari buruzko kezka batekin. «Emakume ahotsak, sarritan, goxo eta leun gisa aurkezten dira, edo, gutxienez, atseginak direla esaten da. Urteetan, presio bat egon da emakumeek pentsa dezaten femeninotzat jotzen den modu horretan abestu behar dutela. Jakina, emakume kantari askok horren kontra egin dute, eta, niretzat, inspirazio izan dira... Baina nire ahotsa ez da lakarra edo zaratatsua, eta inportantea da ohartzea edozer egin dezakegula».

Solo: Songs and Collaborations 1982-2015 bi zatitan dago banatua. Lehenengoan, A Distant Shore (1982), Out of the Woods (2007), Love and it's Opposites (2010) eta Tinsel and Nights (2012) bakarkako diskoetan agertu izan diren kantuekin batera, beste hainbat artistarekin grabatutako piezak jaso dituzte; horien artean, bi kantu ezinbesteko: The Style Councilekin ondutako The Paris Match, eta Venceremos (We Will Win), Working Week taldearen abaroan Robert Wyatt eta Claudia Figueroarekin partekatu zuen Victor Jararen ereserkiaren moldaketa.

Bigarren diskoa Protection-ekin hasten da, Massive Attacken izen bereko diskoan azaldutako kantuarekin, eta aztarnak ematen ditu ondoren zer etorriko den. Elektronika, dantzarako erritmoak, remixak... Oraindik sasoian dagoen kantari eta musikari poliedriko baten beste aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.