Artearen irakaskuntzan «itxaroten ikastea» garrantzitsutzat du Iñaki Imazek (Donostia, 1965), ikasleari «praktikak berak ikasi beharrekoa irakats diezaion». Maitasuna eta pedagogia izenburupean, hitzaldia eskainiko du gaur margolari eta irakasleak Donostian, Kalostran, 18:00etan.
Margolaria eta irakaslea zara, eta zugan biak bereizezinak direla diozu. Nola eragiten diote batak besteari egunerokoan?
Margogintzak egiten duzun horretan erabat murgiltzea eskatzen dizu. Subjektiboki asko inplikatzen zara, eta egiten duzunarekiko distantzia mantentzea oso zaila da. Oso zaila izaten da zertan ari ote zaren jakitea. Irakasle lanak, aldiz, margogintzan ematen dituzun pauso guztiekin kontziente izatera behartzen zaitu, pintura nola egiten den aztertu eta besteei komunikatu ahal izateko. Margolaria eta irakaslea batera izateak ahalegin handia eskatzen du, eta, nire kasuan, murgiltze subjektiboaren nahiaren erradikalizazioa ekarri du, batetik, eta irakasleari eskatzen zaion distantzia objektiboaren erlatibizazioa, bestetik.
Zure ustez, arte irakasle izateko artista izatea beharrezkoa da?
Artista kategoriak gaizki-ulertuak eragin ditzake. Ñabardurak ñabardura, baietz esango nuke: artea irakasteko praktika propio bat garatu behar da, eta praktika hori plazaratzeko konpromisoa edukitzea ere komenigarria da, praktika, edonolakoa izanik, erakustean osatzen dela ulerturik.
Irakasle izateak artea egiteko zure moduez hausnartzera eraman zaitu zu. Baina uste duzu hori ez dela beti komenigarria. Zer du txarretik kontziente egiteak?
Ederki frogatua dago jarduera askotan eman beharreko pausoen kontzientziak paralisia dakarrela. Zeure buruan aditu bihurtzen bazara, gauzak nola egiten dituzun, zergatik, zertarako eta abar baldin badakizu, berria denaren aukerari ateak ixten dizkiozu erabat. Horrek ez du esan nahi, dena den, inolako hausnarketarik gabeko bat-batekotasuna defendatzen dudanik; artegintza, nire ustez, jakinaren eta ezezagunaren arteko erlazioan gertatzen da, eta, horregatik, komeni da beti ustekabearentzako zirrikituak uztea.
Egungo ereduan, lehenik artearen legeak barneratu behar ditu ikasleak, gero adierazpen librea lantzeko. Akatsa dela deritzozu.
Akatsa baino gehiago, geurea ez den eredu baten ondoriozko jokabidea dela esango nuke. Nire ustez, pausoz pauso bai, baina hasieratik ikasi behar da jakinaren eta ezezagunaren arteko harreman horrekin zerbait egiten. Lehen unetik argi geratu behar da norberak bere bidea egin behar duela, eta bide hori ez dela inoiz izango zenbait arauren aplikazio estilo huts bat, arauen dekorazio moduko bat, subjektibotasuna oinarri duen funtsezko kontzeptu horien eguneratze, bihurritze eta berrasmatze erradikala baizik. Esperientziak erakutsi dit, askotan, ikasi nahi duena formula eta arauen babespean hazten bada betirako galtzen duela ezjakintasunari aurre egiteko gaitasuna.
Maitasuna eta pedagogia izenburupean eskainiko duzu hitzaldia, Unamunoren liburua metafora gisa hartuta. Bertan, protagonistak dio maitasuna eta pedagogia bateraezinak direla. Heltzen ote dio gatazka horri irakaskuntzaren munduak egun?
Ahaleginak eta saioak badaude nonahi, baina esango nuke joera nagusiak hori pentsatzen duela gaur egun ere, baita goi mailako artearen irakaskuntzan ere. Pedagogia lehenetsi beharreko indar moduko batekin lotzen da, eta maitasuna, aldiz, baztertu beharreko ahuldade batekin.
Unibertsitate ikasketen ikuspegitik ariko zara zu, baina Haur Hezkuntzan bertan ez al da indarrean den eredu hori gailentzen? Horren harira, bada eskolak haurren sormena akabatzen duela dioenik. Bat al zatoz?
Ez dakit asko horretaz, seme-alabarengan ikusten dudana ez bada, baina, bai, bat nator kexa horrekin. Ez dut uste gainera irakaskuntzaren arazoa denik bakarrik, kultura osoarena baizik. Eta itota geratzen dena ez da sormen hutsa; ausardia, ekimena, jakin-mina edota gauzekiko ardura ere itzaltzen dira, besteak beste. Esan bezala, badago jende arduratsu asko toki askotan, baina egoera kultural orokorra hortik doala iruditzen zait. Nik Arte Ederretako lehenengo mailan ematen ditut eskolak orain, eta bigarren hezkuntzatik iritsi berriak diren ikasleek dakarten lehengai nagusia beldurra da, ahots propioa izatearen beldurra.
Ezerezetik ikastearen garrantziaz mintzatuko zara. Hortaz, artearen irakaskuntzan, ez al dago irakatsi/ikasi beharreko oinarrizko eduki edo legerik?
Bai, badaude, baina, nire ustez, paradoxa batekin egiten dugu topo horretan: oinarrizkoak badira ere, egile bakoitzak aurkitu behar ditu, berak asmatuta edo bere desio propiotik sortuak balira bezala. Hori egitea lortu arte, ezezagunak dira. Adibide bat jartzearren: pinturan asko hitz egiten da konposizioaz, baina ez dago benetan balio duen konposatzeko erregela orokorrik edo modu egokirik, modua bera asmatzen eta ikusleriak modu hori onartzen duen arte.
Irakaslearen zeregin nagusien artean, arrarotasunen museoa eraikitzen joatea aipatzen duzu. Zer da hori zehazki?
Segur aski, maitasunarekin harremanetan dagoen zerbait. Nire ustez, arte ikasketa prozesuan, aurrerapenak ikaskizun positiboetatik bezainbeste edo horietatik baino gehiago, inkontzientearen mundutik datoz. Baztertua, erreprimitua edo geurea izanik ezezaguna zaigunaren berreskuratzea litzateke arrarotasunen museoa, ikasleak berak ikusten ez duen eta dagoen egoeran ikusi ezin duenaren goraipamen bat. Taldekide guztien arrarotasunek osatuta, guztion mugen desplazamendua ahalbidetzekotan osatutako lanen multzoa litzateke.
Halaber, irakaslearen lengoaiak hitz hutsa izan behar duela diozu. Zer da, eta zein funtzio du?
Nire ustez, arte praktikari hoberen doakion diskurtso mota da hitz hutsa. Zentzua agortu nahi duen ohiko pedagogiaren hitz motari kontrajartzeko erabiltzen dut. Arte irakasle baten hitz hutsa-ren helburua ez da egiak azaleratzea, ezta teknikak eta artelanak azaltzea edo interpretatzea ere. Hitz performatiboa da, pizgarria, entzulea martxan ipintzeko erabilitako akuilua, edukien existentzia seinalatzen duena, baina edukien transmisioa helburu izan gabe.
Artea zerbait praktiko gisa ulertu behar bada, eta hainbat ezagutza ezin badira irakatsi, zein da irakaskuntzak hartu beharreko bidea zure ustez?
Artearen irakaskuntza ez da eduki zehatzetan oinarritzen nire ustez, baina horrek ez du esan nahi ezer irakatsi ezin denik. Kontua itxaroten ikastea dela uste dut; tailerrean bezalaxe, prozesuak martxan jarri eta esperimentalki jokatu; ideiak, prozedurak, materialak seinalatzen joan ea zeinetan lotzen den ikaslea, praktikak berak ikasi beharrekoa irakats diezaion azkenean. Eta oso erne egon arestian aipatutako arrarotasun, ahuldade eta abarrekiko, hortik etor baitaitezke aurrerapenik esanguratsuenak.
Iñaki Imaz. Margolaria eta arte irakaslea
«Ahots propioa izateko beldurra dakarte ikasleek»
Arte irakasleak ikasleen «arrarotasun eta ahuldadeei» adi egon behar duela dio Imazek, hortik etor baitaitezke aurrerapen esanguratsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu