Konbentzimendu osoz nabarmentzen zuen Arthur Millerrek (1915, New York, AEB-2005, Roxbury, AEB) antzerkiaren ispilatzeko ahalmena. Eta, han-hemenka utzitako aitorpenen arabera, horregatik maite zuen arte hori hainbeste. Ezagun da, izatez, antzerkiaren ezinbestekotasuna defendatu zuenekoa: «Antzerkia ezin da inoiz desagertu, arte horretan baizik ez delako lortzen humanitatea bere buruarekin parez pare jartzea, bere buruari begiratu diezaion». Hain zuzen, bizi zuen garaiko gizarteak bere ahuleziak, hanka sartzeak eta miseriak islatuta ikus zitzan idatzi zuen Millerrek urteetan, kritiko. Herritarrei begiak irekiarazi nahiko balizkie bezala. Besteak beste, AEBetako politikariek puztutako amets amerikarraren promozio betean ez zekien begirada lanbrotu. Idazleak hura izan zuen motibo nagusietako bat bere literatur eta, zehatzago, antzerkigintza ibilbidean, eta artearen bitartez hainbat diskurtso politiko koskatu izanagatik jaso zituen hala aitortzak nola jazarpenak. Itzal handiko figura artistiko, politiko eta mediatikoa da Miller ordutik, baita haren heriotzatik hogei urte joan direnean ere. Biharko egunez zendu zen, 2005ean.
Askotariko motiboengatik erdietsi zuen sona Millerrek. Sona artistikoa, adituek ezbairik gabe aipatu ohi dutelako XX. mendeko antzerkigintzaren erreferente nagusien artean. Politikoa, ideia ezkertiarrak defendatzeagatik sarri izan zelako boteregune liberalen jomugan —Joseph McCarthyk komunismoaren kontra antolatutako sorgin ehiza jasan zuen, esaterako—. Eta, mediatikoa, batik bat Marilyn Monroe aktore eta abeslariarekin ezkondua izan zelako 1956tik 1961era.
Jatorri poloniarreko gurasoen semea zen. Lana eta ikasketak uztartuaz egin zuen aurrera bide akademikoan —kazetaritzan trebatzen jardun zuen hasieran; gero, Ingeles ikasketetan—, eta unibertsitatean zenean argitaratu zuen bere lehenbiziko literatur lana: No Villain antzezlana, 1936an. Harrezkero, emari handiko ibilbidea egin zuen: All My Sons (1947), The Crucible (1953) eta A View from the Bridge (1955) dira haren lanik sonatuenetako batzuk.
Dena dela, Millerrek 1949an argitaratu zuen bere lanik entzutetsuena eta estimatuena: Saltzaile baten heriotza —jatorrizkoan,Death of a Salesman—. Eta hari esker lortu zuen, hain justu ere, bere literatur ibilbideko aitortzarik handiena: antzerki lan hoberenaren Pulitzer saria. Hiria argitaletxeak 2001ean eman zuen lana euskaraz, Xabier Galarretak itzulita.
Ez ote den alferrik
Amets amerikarrari eginiko kritika da obra horren oinarria. Besteak beste, Millerrek irakurleari —edo ikusleari— galdetzen dio ez ote den falazia meritokrazia existitzen dela, eta, horretarako, argi bistaratzen ditu gizarte liberal batean eta txiro izanik ere arrakasta erdietsi beste desirarik ez dutenen desesperazioa, obsesioa, eta, batez ere, ezina. Edonola ere, urteotan kritikak nabarmendu duenez, obrak ez du sermoi airerik batere. Kontrara, xehe trazatutako pertsonaia batzuen bizipenak esplikatuz helarazten ditu eztabaida sozialak Millerrek.
Zehazki, Willy Loman izeneko saltzailearen bitartez kontatzen du errealitate hori, Brooklynen kokatuta. Willy Loman, 60 urteak paseak dituelarik, itsutua da maila sozioekonomikoan gora egitearekin eta inguruko herritarren miresmena lortu nahiarekin, eta bere buruari esperantza faltsuak sortu dizkio. Funtsean, amets haren bueltan eraiki du bizi plana gizonak, eta etengabe saiatzen da desira horri loturiko ideiak seme-alabei ere transmititzen. Azkenerako, muturreraino eramanen du handinahikeria.
Saltzailearen erabakiek eta ekintzek bere bizitzan eta ingurukoengan —seme-alabak, emaztea, maitalea, bizilaguna...— dakartzaten ondorioen narrazioa da, finean, Saltzaile baten heriotza. Eta, izenburuak aditzera ematen duenez gero, eta are obra estreinatu eta 76 urte igaro direnean, honezkero aski ezaguna da istorioko protagonistaren patua: heriotza. Eta ezagun da, orobat, hura zendu ondoko argazkia ere: hileta erdi huts bat, non familiako kideak bakarrik bertaratu diren.
Hileta; hain zuzen, hori da antzezlanean oihala beheratu aurreko azken eszena, eta, izatez, une horretara ailegatu arteko azken 24 orduei erreparatuta dago kontatua istorioa. Bada salbuespenik, ordea: tarteka, urte batzuk lehenago hildako Ben anaia azalduko zaio Willy Lomani, halako atzera begirako batzuen gisara, baina hizketan hasiko zaio, eta hark esanen dizkion kontuek nabarmen baldintzatuko dute istorioaren noranzkoa.
Zehazki, 1949ko otsailaren 10ean oholtzaratu zuten Saltzaile baten heriotza estreinakoz, Broadwayko Morosco antzokian, Elia Kazanek zuzenduta. Lanak ziztuan erdietsi zuen arrakasta, eta 742 emanaldi egin zituzten 1950eko azarora bitartean. Gerora, obraren beste bost muntaketa ere taularatu dituzte Broadwayn, eta moldaketa mordoa egin da nazioartean ere, baita zineman ere. Dena dela, harreraz gain, aipatzekoa da obrak sektore batzuetan ziztuan eragindako aznahia. Millerrek plazaratutako kritika sozial garratzek ez zuten bat egiten estreinatu zen garaian AEBetan nagusi zen baikortasunarekin —1929ko krisia gainditu izanak eragindako esperantzarekin, batik bat—.

Komunismoari emana(k)
Millerrek A Boy Grew In Brooklyn testua idatzi zuen 1955ean, Holiday aldizkarian argitaratzeko. Idazki horretan, batik bat haurtzaroko oroitzapenak jaso zituen; esaterako, kontatu zuen gazte-gaztea zelarik ogia banatzen ematen zituela zenbait ordu eskolara joan aurrean, eta detaile ugari emanaz kontatzen du, orobat, AEBetako depresioak bere familia nola kolpatu zuen. «Orduan konturatu nintzen beheraldiaz. Ohartzerako, egun batetik bestera, jende guztia zen postariaren inbidiatan, hark ez zuelako lana galtzeko arriskurik, eta, are gehiago, oporraldiak ere ordainduak izanen zituelako ziurrenera», idatzi zuen, adibidez. Baita honako hau ere: «Giroa tentsioak hartua zen nabarmen, eta handik denbora gutxira kasik arrunt bihurtu zen gizon helduak etxeetako atarietan eserita ikustea arratsaldeetan, astelehenetik ostiralera (...). Hainbeste gogortu zen egoera, ezen, gau batez, afalondoan, nire aitonak —ordura arte errepublikano amorratua zenak— egunkaria mahai gainean utzi, eta, nigana itzulita, zera esan baitzidan: ‘Badakizu zer egin beharko zenukeen? Errusiara joan'».
Komunismoarekin engaiatutako artista izan zen Miller. Nahiz eta tarteka mugimendutik aldenduago sentitu zen eta AEBetako testuinguru politikoa bereziki gaiztotua zenean inoiz ukatu zuen komunista zela, aitorpen hori gezurtatzeko moduko hainbat froga utzi zituen han-hemenka idazleak. Adibidez, aipatzeko modukoa da hil ondoan azaleratutako hau: Alan M. Wald idazle estatubatuarraren Trinity of Passion: The Literary Left and the Antifascist Crusade liburuan (2007) jasoa dago Miller Alderdi Komunistarekin lerratutako idazle taldearen parte zela 1946aren inguruan, eta Matt Wayne izenordea baliatzen zuela testu komunistak plazaratzeko.