Ahots hutsez, musika betez

Demode Quartet taldeak instrumenturik gabe eta ahots hutsez grabatutako 'Epa!' diskoa kaleratu du.Euskal kanten bertsioak egin dituzte

Musikalak egiten hasi zen laukotea. Irudian, obrako eszena bat. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Lau teilatu abestia reggae erara. Loa loa Bollywoodeko aireak aldatuta. Bagare saba erritmoan. Eta Xalbadorren heriotzean bolero bihurtuta. Euskal kantu zaharrak itxuraldatzen dituzte Demode Quartet taldeko kideek. Eta ez nolanahi gainera: ahots hutsez jarduten dira. Instrumentuen laguntzarik gabe ia. Autoedizioaren bidetik, bigarren diskoa plazaratu berri dute; hamabi abestiz osatutako Epa! lana. Klasikoei bestelako ukitua eman diete. «Euskal kantutegia gaztetzen ari gara», ziurtatu dute taldekideek.

Esperimentazioa da egiten dutena. Betiko doinuen erroak arakatu, eta esentzia galdu gabe moldatzen dituzte. Ez edonola, ordea. «Zein estilo ezkutatuko da abesti honen atzean?». Galdetzen diote beren buruari hasi aurretik, Patxi Barco zuzendari artistikoak azaldu duenez. Hala, doinu bakoitzaren azalaren azpian dauden geruzak deskubrituz joaten dira. Piezei tripak ateraz, erraiak ikusi arte. Eta ondoren, muin horretatik asmatzen dituzte orain arte abesti herrikoietan sekula aditu gabeko melodiak.

Txantxa tonuan hitz egin du zuzendariak egiten dutenaren karietara: «Euskaldunak gainontzeko kultura guztien aitzindariak gara». Dioenez, horregatik egokitu daitezke ongi tokiko kantak edozein erregistrotara. Ez da kasualitatea broma artean azaltzea taldekideek diskoaren jatorria; izan ere, hori da haien lanaren giltzarrietako bat: umorea. Zuzenekoetan, esketx txikiak muntatzen dituzte, eta txisteek gidatzen dute espektakuluaren haria.

Antzerkitik jaiotakoak

Oholtza ez zaie arrotza Demode Quarteteko kideei. Musikalak egiten zituzten elkarrekin taldekideek, eta bertatik sortu zen lehen obra, taldearen izen bera daraman lana: Demode quartet. Musikalek eman diete, hain justu, bigarren sorkuntza plazaratzeko aukera ere. Izan ere, Epa! emankizuna taularatu zuten iazko azaroan; orduan landutako abesti «esanguratsuenen» aukeraketa da orain batu dutena. «Aurrerapausoa» da antzerkitik diskora salto egitea. Barco: «Beste liga batean sartu gara».

Topikoak xehatu nahi dituzte obrarekin. Eta barre egin eta eginarazi. «Badirudi euskaldunak herri tristea garela, baina generoa biziberritu ahal izateak argi uzten du ezetz». Alaitasun hori erakusteko aukerarik ez zaie falta oraingoz. Azaroaren 23an Uharten joko dute (Nafarroa), eta Antsoainen (Nafarroa) 28an. Horrez gain, abenduaren 7an ere Durangoko azokan eskainiko dute ordu erdiko emanalditxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.