Gertu/ nahi zenukeena urrunen,/ bila joan gabe da hemen./ Deus ez da nahi duzunean erortzen,/ ez duzu aise entzungo erortzen:/ oroimena da fruitu bat». Harkaitz Canoren Oroimenaren fruitu poemaren hitzak dira; Mintzak ahoz goran diskoaren liburuxkan irakur daitezke. 36ko gerrari buruz BERRIAk iaz aurkeztutako Oroiteria plazan, berriz, hitzok Amoranteren (Iban Urizar) ahotik entzun daitezke, bertara sartu orduko.
Ez da hori Oroiteria eta Mintzak ahoz goran diskoa lotzen dituen hari bakarra, webgunetik sortutako adarra baita diskoa. Besteak beste, 36ko gerrari eta gerra ondokoei buruzko bertso eta olerkiek ere tokia dutelako Oroiteria-n, Ganbaratik atalean, helbide honetan: http://www.berria.eus/oroiteria/ganbaratik.
Bilketa eta hautaketa lanak izan ziren horretarako lehen urratsa: garai hartako prentsa, Auspoa bildumako liburuak, Euskadiko Artxibo Historikoko agiritegia —bertan gordetzen dira, besteak beste, Euzko-Deya egunkariak 1937tik 1940ra bitartean jasotako bertso eta artikuluak— eta Armiarma, Liburuklik, Dokuklik eta Bertsozale webguneak. Behin bilduma eginda, Mintzak saila osatu zen, hamasei ale hautatuta.
Beste hamahiru pieza, berriz, Ahoz gora sailerako apartatu ziren. Asmoa hau izan zen: garai batean erdi ezkutuan esanak, irakurriak eta kantatuak a capella grabatzea, etxe barruan, boza jarri ahal izateko orduko min hitzei.
Hala abiatu zen grabazio soka, Joseba Tapia musikari eta abeslaria lagun. Gerraren gaia asko interesatzen zaio, izan ere, Tapiari. Agur Intxorta maite (2001, Gaztelupeko Hotsak) eta Tximela kapitainaren izarrak (2013, Zakurraren biolina) diskoak interes horretatik sortu zituen. Lehendabizikoan, Bilbo 1937ko ekainaren 19an erori arteko kantuak bildu zituen. «Kanpoan gelditu ziren kartzelaldiak eta erbestekoak. Tximela-ren diskoarekin kartzelaldia landu genuen, baina erbestealdia zain dago oraindik».
Frontetik erbesteraino
Mintzak ahoz goran diskoan badira Bilbo erori arteko, kartzelaldiko eta erbesteko piezak. Nafarroatik zetozen kolpistei aurre egin zien Irungo (Gipuzkoa) borrokak, Joxemari Lopetegiren bertsoen bitartez ageri dira. Frontera abiatutako gudariei idatzi zien Salbatore Mitxelenak; Gernika suntsituari Santi Onaindiaren eta Telesforo Monzonen olerkiek. Joxe Zapirainek preso sartutako eta hildako semeei eskaini zien bertso sorta latza, eta Sebastian Salaberriak frontearen alde banatik elkarri tiroka aritu ziren anaien istorioa. Pepe Bolunburuk, berriz, fronteko eta presoaldiko ibilerak bertsokatu zituen.
Luis Rezola Arana Tximela-ren Duesoko espetxealdiko pieza bat ere entzun daiteke diskoan. Eta Iñaki Eizmendi Basarri-k langile batailoietako bere ibilerei jarritakoak. Eta I-ko Bakartiya ezizenez sinatzen zuenaren erbesteko ametsak. Eta kartzelatik bueltan zutik ozta-ozta baina burua tente heldu zen Benantzio Iñurrietarenak. Diskoan da Piarres Larzabalek idatzi eta Mixel Labegeriek ezagun egin zuen Haurtxo haurtxoa sehaska kanta ere.
1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko bertso batzuekin bukatzen da diskoa, Jexux Mari Irazuk gudari beteranoaren rolean «gerrako zauriei begira» kantatutakoekin.
Hitzei ahotsa jartzera, musikari profesionalak zein amateurrak prestatu dira: Mentxu Alkorta, Xabi Bandini, Leire Bilbao, Jon Enbeita, Mixel Etxekopar, Jexux Mari Irazu, La Basu, Maite Larburu, Xabier Montoia, Mursego, Miren Narbaiza, Mertxe Oliden eta Joseba Tapia. Hamahiruotako seik, Bandinik, La Basuk, Larburuk, Montoiak, Mursegok eta Narbaizak, ahotsa emateaz gain, diskoko beren piezarako doinua sortu dute propio. Lara Madinabeitiak egin ditu grabazio guztiak, Bandinirena eta La Basurena izan ezik. Askotan, Joseba Tapia ondoan zuela. «Hasiera batean, a capella grabazioak izatean, disko hau garai bateko kantaera berreskuratzeko bidea izan zitekeela pentsatu nuen, baina ordukoa gaurtik kantatu du jendeak azkenean. Horregatik, oso gauza diferenteak aurkituko ditu bertan entzulea», musikariaren esanetan.
Oroimen zatiak
Grabazioak egiteko kantarien etxez etxe egindako bisitak oroimen zatiak biltzeko bide ere izan dira. Hala, Xabier Montoia idazle eta musikariak isiltasuna hartu zuen hizpide: «Gure etxean ez zen hitz egiten ez gerraz, ez politikaz. Eta norbait saiatzen bazen, berehala isilarazten zuten. Nik oso gerora jakin nuen aitaren aita CNTkoa zela, eta haren bila joan zirela, gauez, hiltzera ateratzeko. Duela oso gutxi jakin dut hori».
Miren Narbaiza musikariak, berriz, ordukoaz mintzo zen amama eta askoz isilagoa zen aitaita aipatu zituen. Eta Mixel Etxekoparrek, 1914ko Gerla Handian zauritu eta Bigarren Mundu Gerra etxe atarian ikustean bere buruaz beste egin zuen aitona: «Aitañi Lehen Gerlaren biktima izan zen, Bigarrenean. Gerla batek anitzez berantago biktimak eragin ditzakeela, horri esker ikasia dugu etxean».
AHOPEKOAK, BOZ GORA
36ko gerrari buruzko hamahiru kanta bildu ditu BERRIAk 'Mintzak ahoz goran' diskoan. Datorren aste bukaeran banatuko du, doan, egunkariarekin batera. 'Oroiteria' gunean entzungai dira abendutik bildumako ale denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu