Literatura

Ahmadou Kouroumari eta Karel Capeki liburu bana euskaratu diete

Aiora Jakak ‘Independentzien eguzkiak’ itzuli du, eta Koro Navarrok, ‘Arrabioen gerra’ . Literatura Unibertsala bilduman jaso dituzte.

(ID_13572333) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-06-06, Donostia. Ahmadou Kourouma \'Independentzien eguzkiak\' eta Karel Capeken \'Arrabioen ge...
Aiora Jaka eta Koro Navarro itzultzaileak, bi liburuak eskuetan, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko otsailaren 6a
20:30
Entzun

Mardultzen segitzen du Literatura Unibertsala bildumak. Mundu zabaleko idazlanak euskaraz ematea da liburu sail horren xedea; Ereinek eta Igelak argitaratzen dituzte lanok, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Eta orain arteko zerrenda luzeari beste bi izenburu gehitu dizkiote orain: Ahmadou Kourouma idazle bolikostarraren Independentzien eguzkiak euskaratu du Aiora Jaka Irizarrek, eta Karel Capek txekiarraren Arrabioen gerra Koro Navarrok. Bildumako 187. eta 188. liburuak dira, hurrenez hurren.

Elkarren artean zerikusi handirik ez duten bi egile eta bi obra dira, baina antzik ere badute, bi argitaletxeen ordezkari Inazio Mujikaren hitzetan: «Bi liburuek dute zerikusi handia umorearekin, baita boterearen kontrako lanarekin ere. Bi umore diferente eta agintearen kontra jarduteko bi modu agertzen dira».

Malinke etniako kidea zen Kourouma. 1927an jaio zen, eta 2003an hil, Lyonen (Frantzia). 1968an plazaratu zuen bere bost nobeletako lehena, Independentzien eguzkiak, zeinak zorrotz kritikatzen dituen agintari kolonial frantsesak eta independentzia osteko elite afrikarrak. Hain zuzen, eguzki hitzak malinkeraz egun, aro edo garai ere esan nahi duela zehaztu du Aiora Jakak. 

«Kontatzen diren egoerak oso gordinak dira, baina esango nuke irribarre batekin irakurtzen den liburua dela; satira bat da».AIORA JAKAItzultzailea

Miserian bizi den printze bat da istorioaren protagonista, eta, haren bidez, urte haietan malinkeak nola bizi ziren kontatzen du liburuak. Baina ez umorerik gabe. «Satira gordina da», azaldu du Mujikak. Eta harekin bat etorri da itzultzailea: «Kontatzen diren egoerak oso gordinak dira, gure ikuspegitik urrunak ere gertatzen zaizkigu batzuk, eta oso gogorrak, baina esango nuke irribarre batekin irakurtzen den liburua dela; satira bat da, parodiatzen duena malinke herriak garai postkolonialean bizi izan zuen krisi sozial, politiko eta kulturala».

Jatorrizko testutik, frantsesetik euskaratu du liburua Jakak, baina zehaztapena ere egin du. Izan ere, gogora ekarri du Kouroumak berak azaldu zuela «malinkeraz pentsatu eta frantsesez idatzi» zuela nobela hura.   

Aktualitaterik galdu gabe

Capek antzerkigile, kritikari eta kazetari txekiarrak idatzi zuen azken nobela da Arrabioen gerra. 1890ean jaio zen, alemana nagusi zen Sudeteen inguruko herri batean; berak txekieraz idatzi zituen bere lanak. Antifaxista eta abertzalea, harentzako heriotza zigorra eskuetan zutela sartu ziren naziak Txekoslovakian, baina hila zen ordurako; Pragan zendu zen, pneumoniaz, 1938an. Bi urte lehenago, 1936an argitaratu zuen zientzia fikziozko bere nobela ezagunena, bere sorterriko eskoletan irakurri eta klasikotzat jotzen dutena. Europako abangoardiek eta, bereziki, surrealismoak haren obran izan zuten pisua nabarmendu du Mujikak. «Alegorikoa da Arrabioen gerra hau; sinbolismoz betea dago, eta oso egitura berezia du».

«Liburuan, nonahi, gure oraingo gizarte politikoki zuzen faltsuaren aztarrenak ateratzen dira».KORO NAVARROItzultzailea

Gizakiekin batera bizi dira arrabioak liburuan, gizarteratuta; baina esklabo bihurtuta, matxinatu egin dira. Pandemia garaian irakurri zuen Koro Navarrok lehen aldiz, eta hainbat esaldi gaur-gaurkoak iruditu zitzaizkion; baita bigarrenez, irakurri zuenean ere, Ukrainako gerra piztu zenean. «Liburuan, nonahi, gure oraingo gizarte politikoki zuzen faltsuaren aztarrenak ateratzen dira».

Era guztietako testu «xelebrez» osatutako atal bat nabarmendu du itzultzaileak, Zibilizazioaren aldiak, zeinetan parodia den nagusi. «Hor, itzultzaile gisa, primeran pasatu dut». Frantsesezko eta ingelesezko itzulpenetatik ekarri du euskarara, zalantzak itzultzaile neuronalari kontsultatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.