Ahizpatasun sarea ehuntzen

'Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak' proiektuaren kronika da Eneko Olasagastiren 'Hilos de sororidad' dokumentala. Gaur estreinatuko dute Giza Eskubideen Zinemaldian

Dokumentaleko protagonistetako batzuk bufanda bat ehuntzen, Eneko Olasagasti filmaren zuzendaria atzean dutela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Txikitik hasi ziren. Puntua egiteko jarri zuten ordua, asmo handirik gabe, elkarrekin denbora igarotzeko anbizio hutsarekin. Bost urte igaro dira, eta bide luzea egin dute: elkartasun feministaz ehundutako artilezko sei kilometroak dira haien proiektuaren ikurra. Harituz elkartea Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak proiektua bilakatu zen, eta mataza hori hainbat leku, emakume eta borroka lotu dituen ehun handia da egun. Astigarragako (Gipuzkoa) zenbait emakumeren proiektuak egindako bidaiaren kronika jaso du Eneko Olasagasti zinemagileak Hilos de sororidad (Ahizpatasun hariak) dokumentalean. Gaur estreinatuko dute Giza Eskubideen 17. Zinemaldian, Donostian.

Orratz eta artile artean aurkezten du dokumentalak Astigarragako Harituz elkartea. Puntua egiten zuten, baina ez debalde: haien jardunean txertatu zituzten indarkeria matxistaren aurkako borroka, eta hildakoen memoria. 2014. urtean, Isabel Otero elkarteko kide eta Astigarragako Berdintasun zinegotziak Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak proiektua sortu zuen, taldeko emakumeen babesarekin. Helburua, 30 zentimetro zabaleko bufanda bat ehuntzea, ahalik eta luzeena. Berehala hasi ziren atzerriko ekarpenak jasotzen, eta sei kilometro luzeko ehuna osatu dute bost urtean.

Espero gabe, elkarrekin denbora pasatzeko biltzen ziren emakumeek mundu osoko sare feministara lotu zuten euren burua. Diskurtso jantzirik eta lanketa teoriko berezirik gabe, arituz eta harituz.

Espainiako talde feminista batzuekin jarri ziren harremanetan aurrena, eta hunkitu egin ziren beste emakumeekin sentitutako «ahizpatasunarekin». Suediara ere eraman ditu proiektuak, eta Argentinara joateko asmoa dute. Emakumeen aurkako indarkeriaren egunerako hasi ziren lanean, baina proiektuak gaina hartu die aurreikuspen guztiei: «Ez dugu lan egiten azaroaren 25erako, 365 egunetan ari gara lanean», esan zuen atzoko aurkezpenean Oterok. «Urtean hirutan elkartzen gara mundu osoko emakumeekin, baina etengabe gaude harremanetan, eta lanean».

Oterok ez ezik, Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko arduradunak, David Berraondo filmaren ekoizleak, Vanina Vazquez gidoilariak eta Olasagasti zuzendariak ere aurkeztu zuten filma. «Gizartean gertatzen dena, mahai honetan ikusten da», esan zuen Olasagastik: «Emakumeek osatu dute filmaren %99, eta gizonak gara mahaiaren %60».

Helburu politiko batekin sortu zen Matazak elkartasun mugimendua, eta ez dute gelditzeko asmorik: «Josten jarraitzen dugu. Mataza ez da gelditzen, bizi propioa duelako». Helburuak argi dituzte: Bruselara joan nahi dute, Europako Batasunaren egoitzetara, eta New Yorkera ere bai, Nazio Batuen Erakundera. «Proiektu batek ez du betirako irauten», baina indarkeria matxistaren aurkako borrokan konpromiso irmoa dute.

Borroka itxaropentsua

Hainbat borrokaren artean jaio zela esan zuen Eneko Olasagasti zuzendariak: 1960ko hamarkadan. «Pentsatzen genuen gizarteko desorekak hautsi eta mundu hobea lortuko genuela». Bidea orduan uste baino zailagoa izaten ari da harentzat. Baina borroka feministak «esperantza itzuli» dio: «Aldaketarik egongo bada munduan, emakumeen eskutik helduko da».

Horrek eman zion dokumentalean parte hartzeko bultzada, eta Matazak proiektuko emakumeak jarraitzen aritu zen iaz, filmeko lantaldearekin batera; aurrez filmatuta zeuden irudi batzuekin osatu du 77 minutuko lana. 100 ordu baino gehiagoko materiala zuten, eta horren guztiaren artean aukeratzea izan da lanik nekezena Olasagastirentzat.

Herri kanta bat aukeratu zuten film osoa lotzeko: Iruten ari nuzu. Ezkondu nahi ez duen emakumearen abestia emakumeen arteko elkartasun kanta bilakatu dute hala, «askatasun kantua», zuzendariaren hitzetan. Filma zeharkatzen duten harietako bat da musika, baina «hari humanoa eta hari feminista» dira nagusi.

«Batzuetan, sufrimendua azaltzeko tentazioa izan dut, baina nahiago nuen irakurketa positiboa egin, kronika sentsazionalistan erori gabe», esan zuen zinemagileak. Dokumentalarekin, luzera eta pisua hartu du Astigarragako emakumeek ehuntzen jarraitzen duten sare handiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.