Parte hartzaileak: Abraham Cupeiro (haize instrumentuak eta zuzendaritza musikala), Ensemble Musika Praktikoa, Oiasso kamerata, Eñaut Elorrieta (ahotsa), Oreka TX (txalaparta), Agus Barandiaran (trikitia). Egitaraua:Ahaztutako soinuak: A. Cupeiro, B. Bartok eta abarren obrak. Lekua:Arantzazuko santutegia, Oñati (Gipuzkoa). Eguna:Abuztuaren 29a.ABRAHAM CUPEIRO
Badira 23 urte Musika Hamabostaldiak urtero emanaldi berezia antolatzen duela Arantzazuko santutegian; berezia, bai eskaintzen diren programengatik, bai formatuengatik. Arantzazura joatea beti atsegina bada ere, ausartzen naiz esatera aurtengo ikuskizuna luze geratuko dela bertaratuen oroimenean. Kontzertuaren egituraketak zertxobait nahasia edo ausazkoa zirudien, abestiak bata bestearen atzetik zetozelako, itxuraz euren arteko lotura handirik edo narratiba argirik gabe. Baina, egiaz, oholtzaren eta planteamenduaren erdigunean izar bat zegoen, Abraham Cupeiro bera, hitzaren eta musikaren bidez bikain komunikatzeko gai dena, eta haren inguruan orbitatu zuten gainontzeko partaideek.
Horrela hasi zen Cupeirok menderatzen dituen haize instrumentuen segida, bere jardunean, interpretazioaz gain, ahaztutako edo galdutako instrumentuak berreskuratu eta eraikitzeaz arduratzen baita. Kornu erromatarra soinean zeukala sartu zen nabearen erditik; bere Requiem por Marsias obran aulos greziarra jotzen ikusi genuen, oboe bikoitz baten antza duena; Armenia misteriotsuan duduk armeniarra, mihi bikoitza duena; mota guztietako txirulak eta gaita Bartoken Dantza errumaniarrak bizian, arratsaldeko gozagarrienetakoa suertatu zena; guztiak hunkitu gintuen Canto de arrieiro abestian adar galiziarra eta Elorrietaren ahots gordina; hilabete eta erdian guztiz menderatu duen alboka Urkiola ezaguna interpretatzeko. Nik ez dakit ba ote dagoen munduan ezer berak hartu eta horrekin musika sortu ezin dezakeenik.
Kontzertu amaieran, gainera, naturak gehitutako instrumentu bat ere entzun zen: Cupeirok berak konposatutako azken piezak —Costa atlantikoa, Baleas eta Atlantis— baino lehen hasi zen ekaitz gogorra; hain zuzen, elizan barrena trumoien burrunba eta tximista biziak zabaldu zituena, bere Costa atlantikoa eta Baleas obretan lagun apartekoa izan zena karnyx izugarriarekin batera, Burdin Aroko instrumentua. Ahaztutakoak ere oroitu ditzagun, musikaren erroetatik gizadiaren bihotzera doa Cupeiroren lan apartekoa.