Ahaztutako doinuen itzulera

Bilboko Koralak Zubiaurreren obra berreskuratu du. Erroman estreinatuko dute, ostiralean

Valentin Maria Zubiaurreren obraren aurkezpena, atzo, Bilboko Koral elkartean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Partitura bat eskuratu eta zerotik hasi; inolako erreferentziarik gabe. Hori egin du Bilboko Koral elkarteak: Valentin Maria Zubiaurre konpositorearen obra berreskuratu du. 1837an jaio zen Zubiaurre, Garain (Bizkaia). Eta bera izan zen Espainiako Akademiak Erroman duen egoitzako lehen apopiloa. Han zegoela, La pasión de nuestro Señor Jesucristo obra sortu zuen, 1874an. Hala ere, ez zuen inoiz estreinatu. Ostiralean ikusiko du lehen aldiz argia, Koralaren eskutik. Obraren beraren sorlekua aukeratu dute estreinaldirako: Erroman dagoen Espainiako akademia. Izan ere, erakundearen 150. urteurrena da.

«Zubiaurre XIX. mendeko ezezagun handi bat da», nabarmendu du Iñigo Alberdi elkarteko kudeatzaileak. Hala ere, garai hartan «pertsona garrantzitsua» izan zela azaldu du. Berreskuratutako obra egilearen «garai konkretu baten emaitza» da. Enrique Azurza Koral elkartearen zuzendari artistikoa eta obraren zuzendaria bat dator Alberdirekin: «XIX. mendea oraindik mende ahaztua da. Guk begirada atzera bota dugu, eta, guretzat, lan hori aurkitzea sorpresa handia izan da».

Italiako hiriburura bidaia Bizkaiko Foru Aldundiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Erromako Espainiako Akademiaren babesarekin egingo dute. Ostiraleko estreinaldiaz gain, beste kontzertu bat emango dute Italiako Santiago eta Montserraten Espainiako Eliza Nazionalean, larunbatean. Igandean, berriz, Vatikanoko Done Petri basilikan emango dute obra. «Zubiaurreren bizitzako ibilbidea irudikatu nahi dugu». Hori dela eta, Madrilen jarraituko dute birarekin, berrogei urtez Madrileko Errege Kaperako maisua izan baitzen Zubiaurre. Bilbotik igaroko dira gero, eta bira Garain amaituko dute, apirilaren 1ean, San Joan parrokian.

Obrak 65 minutuko iraupena du, eta latinez idatzita dago. Partitura Angel Brizek editatu du, eta Jean Michel Olivaresek grabatu.

«Lankidetza» oinarri

Lau dira obran parte hartu duten ahotsak: Ana Otxoa sopranoa, Beñat Egiarte tenorea eta Julen Garcia eta Juan Laboreria baritonoak. Eta Ander Marzanak eta Alberto Saezek lagundu dute pianoarekin eta organoarekin, hurrenez hurren. Alberdiren hitzetan, «lankidetza» izan da proiektuaren oinarria. Garciaren ustez, nahiz eta hasieran bakarlariek partitura euren kabuz landu, guztiek «antzeko proposamenak» ondu dituzte. Hala nola Otxoak, erreferentziarik ez zutenez, «testuingurua» izan du hizpide obra interpretatzeko.

«Musikaren eta testuaren artean harreman handia dago; musika horri ezin zaio beste testu bat jarri, ez litzateke berdina izango», azaldu du Egiartek. Hunkigarria da berarentzat proiektuaren parte izatea. Hala ere, «lotsa» ematen dio aitortzeak ez zuela Zubiaurre ezagutzen. Laboreriak ere ez zuen haren musika ezagutzen, baina uste du «zortea» dutela, «musika ona» berreskuratu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.