Ahots berezia zuen Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaileak (Zeberio, Bizkaia, 1904- 1988). Baita kantaera ere. Emakumeak plazan ia ikusi ere egiten ez ziren garaian toki bat izatea lortu zuen, eta erreferente bilakatu zen. «Aupa Maurizia!» esanez animatzen zuen bere burua emanaldietan, eta, esaldi hori herritar askoren memorian iltzatuta geratu bazen ere, belaunaldi berriengana iristea lortu nahi dute orain. Pandero jotzaileak utzitako ondarea ez ahazteko, haren figuran oinarritutako dokumental bat prestatzen ari dira Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeak: Aire!. Muntaketa fasean daude orain, eta ekainerako amaitua izatea espero dute. Gentzane Martinez de Osabaren bigarren dokumental luzea da.
Aldeiturriagak bere kontura ikasi zuen panderoa jotzen. Izan ere, garai hartan ez zegoen ondo ikusita emakumeak halako kontuetan aritzea. Bere gelan jotzen zuen, isilean, eta hamabi urtera arte ez zen ausartu jendaurrean aritzera. Hala ere, kantatzeko moduak egin zuen ezagun pandero jotzailea. Arteagara (Bizkaia) ezkondu zen 1927ko azaroan, eta, ordutik, Benantzio Bernaola Karakol senarrarekin batera ibili zen plazarik plaza. Hura ere musikaria zen, soinu jotzailea. Osasunak eragotzi zion arte jo zuen Bernaolak Mauriziarekin. Eta, geroztik,Leon Bilbao albokariarekin, Bonifazio Arandia Fasio soinu jotzailearekin eta Basilio Undagoitia Basilio Txiki soinu eta pandero jotzailearekin batera aritu zen.
«Baina asmoa ez da Mauriziaren bizitza kontatzea», zehaztu du Carlos Iglesias dokumentalaren gidoilari eta produktoreak: «Mauriziaren figura oso presente egongo da ikus-entzunezko osoan, baina bestelako eredu bat erabili dugu: gazteei eman diegu ahotsa». Euskal Herriko eta Esparraguerako (Herrialde Katalanak) hamahiru gaztek hartu dute parte proiektuan, eta udan egin dute grabaketa, hamar egunetan: «Prozesu luzea izan da, baina oso aberasgarria». Zeberioko landetxe batean grabatu dute zatirik handiena, baina Arratiako bailarako beste udalerri batzuetan ere izan dira; baita Esparragueran eta Tarragonan ere (Herrialde Katalanak).
Mauriziaren izena gaur egunera ekartzea da helburuetako bat, baina, zeharka, bestelako ertz batzuk ere ukitu nahi izan dituzte ikus-entzunezkoaren bitartez. Besteak beste, hizkuntza, kultura, generoa, nortasuna eta musika. «Belaunaldi berriei Mauriziaren irudia eta lana aurkeztu nahi izan dizkiegu, etorkizunean ere erreferente izan dadin. Haren ondarea zabaldu nahi dugu, ahaztu ez dezagun», nabarmendu du gidoilariak.
Dokumental osoan musika «oso presente» egongo dela aurreratu du Iglesiasek, eta gazte taldearen «sormen prozesua» izango du hizpide. Filmak irauten duen 70 minutuetan, Aldeiturriagaren bi pieza birsortu beharko dituzte: «Mauriziaren bizitzan ezinbestekoak ziren musika, panderoa, konposizioa eta letrak. Ezingo litzateke Maurizia musikarik gabe ulertu, eta ikus-entzunezko proiektu hau ere ezin da garatu Maurizia gabe. Elkarri lotuta daude, eta bien presentzia ezinbestekoa da».
Herri musikan adituak diren hiru kide aritu dira aholkularitza lanetan:Carlos Sagi, Iraide Ansorena eta Naroa Gaintza. Eta horixe izango da, hain zuzen ere, filmaren ardatza: «Sormen prozesua interesatu zaigu gehien. Betiere, Mauriziaren bizitza eta lana erreferentzia gisa hartuta». Euskal Herriko trikiti, pandero eta alboka doinuak Herrialde Katalanetako musika tresna tradizionalekin uztartu dituzte.
Diru bilketa
Berez, duela bi urte eta erdi inguru hasi ziren proiektuari bueltaka, eta azken txanpan bete-betean sartuta daude orain. Adierazi dute, ordea, herritarren laguntza «ezinbestekoa» dela egitasmoa aurrera eramateko: dirua biltzeko kanpaina bat jarri dute martxan, Verkami plataformaren bidez. Muntaketa eta postprodukzio fasea finantzatzea da haren asmoa: «Filma aurkeztu nahi baldin badugu, azken bultzada hau behar dugu». Asteartean bukatuko da ekarpenak egiteko epea, eta, oraingoz, pozik daude izandako harrerarekin: «Zarata pixka bat egitea lortu dugu behintzat».
Egindako ekarpenaren arabera, gainera, «onura jakin batzuk» lortuko dituzte herritarrek; besteak beste, dokumentalaren kredituetan euren izena agertzea, merchandising produktuak (txapak, kamisetak, telazko poltsak...), filma ikusteko sarrerak eta filmaren prozesuari erreparatzen dion blog baterako sarbidea.
Ekainerako filma amaituta edukitzea espero du dokumentala egiten ari den lantaldeak, eta, gauzak ondo bidean, irail inguruan estreinatzeko asmoa dute.
Ahaztuta geratu ez dadin
Maurizia Aldeiturriagaren figuran oinarritutako dokumental bat egiten ari dira Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeak: 'Aire!'. Muntaketa lanetan ari dira, eta ekainerako prest izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu