Zertarako amestu? Zertarako Kobetamendikoaren moduko kontzertu erraldoi bat antolatzeko hamaika buruhauste eduki, eta ez konformatu aurreko urtean BEC bete izanarekin? Zertarako hainbeste musikari gonbidatu eta entseguak ugaritu? Gorka Urbizuk 20.000 zaleren aurrean aitortu zituen galdera horietako batzuk, herenegun, oholtza gainetik. Eta itaun nagusi bat zuen besteen gainetik: «Mereziko al du?». Bai, merezi izan zuen, eta jarraitzaileek kostata ahaztuko dute Berri Txarrak taldeak Kobetamendin eskaini zuen kontzertua. 37 abesti jo zituzten orotara, hiru orduko kontzertu —eta arratsalde osoko jardunaldi— gogoangarrian.
Kobetamendira joandako guztiak beren lekua hartuta eta oholtzara begira zeuden 21:15 aldera, Berri Txarrak taula gainean noiz agertuko zain. Musika, baina, ez zen agertokiko bozgorailuetatik iritsi. Bat-batean, Broken Brothers Brass Banden haize instrumentuak entzun ziren publikoaren gunea segurtasun arrazoiengatik lau zatitan banatzen zuen lubaki erraldoitik. Hainbat abesti jo zituzten zaleen laguntzarekin: Katedral bat, Biziraun, Maravillas... oholtza gainean 11 taldekideak agertu arte.
Maravillas-en bertsio berezia osatu zuten Enrique Villarreal El Drogas-ek eta Gorka Urbizuk. Aritz Loiola / Foku.
Jarraian taularatu ziren Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre, beltzez jantzita, eta arratsaldeko lehen txalo zaparrada jaso zuten. Beude-rekin ekin zioten, Euskal Herriko hamaika antzoki eta gaztetxeri gorazarre egiten dien kantuarekin; Kobetamendiko zerutik, baina oinak lurrean. Arnasa hartzeko betarik gabe iritsi ziren Gelaneuria ederra eta Jaio.musika.hil., taldearen leitmotiva. Izena, izana eta ezina kantuaren «beti ilusioak eraberritzen» zatiak esanahi berezia hartu zuen ingurua mukuru betetzen zutenentzat, eta Spoiler!-ekin irri egin zuten denek.
Jurgi Ekiza (Willis Drummond, EraBatera...) izan zen Berri Txarrak-ekin batera abestu zuen lehen gonbidatua. Energia handiz eta jauzika aritu zen Ez dut nahi abestiak iraun zuen bitartean. Ikusleen arteko lehen pogo eta bultzakadak sortu zituen. Etsia eta Ez kateatu zituen, ondoren, hirukoteak, hurrengo gonbidatuari bidea eman aurretik. Musika mundutik bazter bizi bada ere, gonbidapena onartu zuen Deabruak Teilatuetan taldeko abeslari izandako Aritz Mendietak, eta Iraultza txikien asanblada kantatu zuen. Urteak pasatu badira ere, sasoiko jarraitzen du, eta ohi zuen bezala dantzatzen du oraindik ere.
Arnasa eskaini zuen Zertarako amestu-k, Libre eztandaren aurreko barealdia. Errekalde auzotik igo zen Kobetamendira Aiora Renteria, etxean profeta izateko. Etxetik urrun dagoen «Kubako iurretarraren» hitzak dituen Aspaldian utzitako zelda dotore abestu zuen Urbizurekin, eta, jarraian, Bisai berriak-ekin, kontzertuaren lehen zatiari amaiera eman.
Aspaldian utzitako zelda eta Bisai berriak kantatu zituen Zea Mayseko abeslari Aiora Renteriak. Aritz Loiola / Foku
Atsedenaldi txiki baten ondoren, Ricky Faulkner eta Marti Perarnau IV taularatu ziren Urbizurekin, Gonzalezekin eta Izagirrerekin. Helduleku guztiak EP-ko bost abesti jo zituzten, bata bestearen atzetik, eta teknikari dagokionez, emanaldiaren unerik onenetakoa izan zen, moldaketa aberasgarriak eskaini baitzituzten gitarrarekin eta teklatuarekin. Atmosferaz bete zuten Aditu bihurtuak, eta Urbizuk Tafallako bizilagunei eskaini zien Helduleku guztiak hunkigarria. La M.O.D.A. taldeko David Ruizek euskaraz kantatu zuen Lemak, aingurak, eta Kobetamendiko jarraitzaileek lotsaren aingurak hondoratu zituzten, dantzan egiteko. 26 segundotan eta Poligrafo bakarra izan ziren Faulknerrekin eta Perarnaurekin jo zituzten beste bi abestiak. Arratsaldeak ilunabarrari eta ilunabarrak gauari leku egin zion bost abesti horiek iraun zuten bitartean.
Saltoak eta malkoak
Ilargiaren begiradapean, 20.000 arima makurrarazi zituen David Gonzalezek —bere gurasoak barne—, Ikasten-en riff gogorrarekin denak saltoka jarri aurretik. Isiltzen banaiz abestiarekin jarraitu zuten, Iñaki Altolagirre Matxet-en txanda iritsi aurretik. Mundua begiratzeko leihoak jotzen hasi zen Berri Txarrak, baina Jousilouli eta NaizRoxa taldeetako abeslari izandakoak abestia geldiarazi zuen, Zirkua jotzera behartzeko, gaueko une basati eta zoroenean. Zaleen artean crowdsurfing egiten amaitu zuen. Ongi etorri Matxeten zirkura.
Bi ordukoa zen jada kontzertua, eta tarte horretan hainbat gonbidatu igo ziren nahiko jarraian Berri Txarrak-ekin kantatzera. Hasteko, Betiko leloaren betiko leloa jo zuten Facu Diazek eta Toni Mejiasek. Txukun moldatu zen bateriarekin Diaz, eta euskara eta gaztelera tartekatu zituen errimetan Mejias abeslariak. Eskuak abestian zerura begira zeuden 40.000 eskuek txaloka eztanda egin zuten unean taularatu zen Leire Iseo, eta ukitu berezia eman zion Biziraun bikainari.
Kobetamendiko emanaldiaren izaera bereziari buruz hitz egin zuen Urbizuk Zaldi zauritua jo aurretik. Zerbait asmatuko dugu eta Hitzen oinarri ahula-rekin jarraitu zuten, kontzertura AEBetatik espresuki bidaiatutako gonbidatua aurkeztu aurretik. Matt Sharpek esan zuen «oso pozik» zegoela, eta B letra zuten bi elastiko zituela azaldu zuen, horietako bigarrena Berri Txarrak-en omenez. The Rentals taldearen Friends of P. jo zuten lehenik, eta, zale askorentzat abesti ezezaguna bazen ere, doinu kutsakorreko pop pilulak efektua egin zuen. FAQ kantuarekin, konpetentzia egin zion Matxeten zoramenari. Urbizu airean altxatuta eta elastikoetako bat zaleei oparituta agurtu zuen oholtza.
Matt Sharp. The Rentalsekoak, bere taldearen abesti bat ez ezik, FAQ kantatu zuen, euskaraz. Aritz Loiola / Foku
Une berezi asko izan zituen kontzertuak, eta horietako bat izan zen Oreka kantuarena, Anari eta Karlos Osinaga Txap-ekin. Abestia bere eremura eraman zuen aurrena Anarik, lasai eta dotore; Urbizu kantatzen hasi zenean, erritmo klasikora itzuli ziren, eta Txapek distortsioa eta indarra eman zizkion, denek elkarrekin indarrak metatu arte. Kontzertu amaiera gerturatzen hasi zen Bueltatzen eta Zuri-rekin. Askok espero zuten unea iritsi zen ondoren: euskal musikako abeslari eta kantugile garrantzitsuenetako bi oholtza gainean, Gorka Urbizu eta Aitor Gorosabel. Su Ta Gar taldearen David eta Goliath jotzen hasi zen Berri Txarrak, eta punteoa iristear zela agertu zen Gorosabel, maisulana borobiltzeko. Horrekin konformatu ez, eta Oihu jo zuten elkarrekin. Une apoteosikoa.
Aitor Gorosabel. Su Ta Gar taldekoa oholtzara igo zenekoa izan zen une gogoangarrietako bat. Aritz Loiola / Foku.
Drive filmeko Nightcall abestia entzun zen bozgorailuetatik, Lekunberrikoen kontzertua amaitu zela iragarri ohi duena, baina ez zen pertsona bat bera ere mugitu bere lekutik. Ondo egin zuten, Nerea Urbizu arrebarekin batera oholtzaratu baitzen Gorka. Teklatuetan gonbidatua, eta gitarra akustikoarekin neba, Min hau abestu zuten, goxoki. Besarkada hunkigarria eman zioten elkarri. Azken gonbidatuaren txanda iritsi zen jarraian: Enrique Villareal El Drogas. Biak gitarrarekin, Maravillas abestiaren bertsio ederra egin zuten. Musika ere izan daiteke memoria historikoa, eta Maravillas Lambertorekin batera ahanzturaren zingiretan galdu direnak gogoratu zituzten. Gorriz tindatu zen pantaila erraldoia, guda galdu zutenei keinu eginez. BECen Marielle Francoren omenez egin bezala, telefonoaren argia pizteko eskatu zuen Urbizuk, eta malko bat edo beste isuri zen Kobetamendiko begietatik Argaren zilar uretara.
Sakelakoaren argiak piztuta lagundu zituzten musikariak zaleek kontzertu amaieran. Aritz Loiola / Foku.
Hiru abestirekin esan zuen agur Berri Txarrak-ek: Ikusi arte, Denak ez du balio eta Katedral bat. 20.000 irribarrekin eskertu zuten emanaldia zaleek. Zirrara berezia nabaritzen zen, elektrizitatea. Eta uholdeka Kobetamenditik ateratzen ziren bitartean, konturatu ziren sekula ez ahazteko zerbait bizi izan zutela.
[youtube]https://youtu.be/c_ZofusRjxU[/youtube]
Ahaztuko ez den gaua
Berri Txarrak-ek kontzertu historikoa eman du Kobetamendin, 20.000 zaleren aurrean. Hiru orduz hustu du arima taldeak, hainbat musikari gonbidaturekin, inoiz ez bezalako ospakizun kolektibo batean. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu