Erlijiosoak, paganoak, erotikoak, umorezkoak... Mota guztietako jaialdiak egon daitezke munduan, baina denek dute elementu komun bat: jendea. Hain zuzen, Cristina Garcia Roderoargazkilariaren (Puertollano, Espainia, 1949) Aho zabalik erakusketan, jendea da protagonista. Nazioarteko sona dauka 70 urteko emakume horrek, eta munduko hainbat erritual erakusten ditu argazkilaritzaren bidez. Haren lana Bilboko Rekalde aretoan egongo da ikusgaimaiatzaren 17ra arte.
Hautaketa bat da Bilbora ekarri dutena. Jatorriz, 138 argazkik osatzen dute erakusketa, eta haietako 63 aukeratu dituzte Rekaldeko erakusketarako. «Jaioberri baten negarrarekin hasi nahi izan dut, eta hiltzen garenean inguratzen gaituzten negarrekin amaitu», azaldu du argazkilariak, aurkezpen prentsaurrekoan. Magnum agentzian bere lekua lortu zuen, Espainiako tradizioak erretratatuz, baina, Ahoa zabalik erakusketan, hainbat herrialdetako argazkiak aukeratu ditu.
Bere lan egiteko moduari buruz ere mintzatu da, argazkien aurrean. «Hamar urtez egon naiz Maria Lionzako gurtzan,Venezuelan, erritu horrek lau egun irauten baitu, eta osotasunean harrapatu nahi bainuen». Atzerrira bakarrik bidaiatu du beti, behintzat gatazka berezirik ez zegoen lekuetara. «Hobeto lan egiten dut bakarrik. Argazkilaritza begiak ondo irekita edukitzea da, oztoporik gabe».
Ordena kronologikoari jarraitu barik, nahasturik daude erakusketan iraganeko argazkiak eta orainaldikoak; zaharrena 1979koa da: El Ofertorio (Ofertorioa). «Argazki hau izan zen beste guztien erruduna», kontatu du Garcia Roderok. Argazkia Pontevedrako Amil herrian dago aterata, Galizian, eta, autorearen argazki gehienetan bezala, emakumeak dira protagonista nagusiak. Irudian, landa eremuko hiru andre agertzen dira, tartean neskatila bat, logura edukiko balu bezala aharrausika, arkume bati eusten. «Emakumeekin errazagoa da harremanak egitea; gaizki-ulertu gutxiago dauzkat haiekin».
Argazkietako pertsonaiek naturaltasuna islatzen dute. Izan ere, Garcia Roderok gutxitan eskatzen du argazkiak ateratzeko baimena. Naturaltasun horren adibide dira erakusketan ageri diren hiru argazki: momentu berean ateratakoak dira, baina hiru gertakari desberdin kontatzen dituzte. «Gertakari nagusiaz harago begiratu behar da. Adibidez; desfile batean denak dotore janzten dira, eta denek bilatzen dute perfekzioa, baina niri interesa pizten didana aurreko eta geroko momentuak dira. Hor ikusten da benetan jendearen izaera». Horregatik ditu gustuko inauteriak eta jaialdiak. «Urteko egun guztietan egiten ez dena egiten da egun berezi hauetan. Pertsonaia zoroak erretratatzea oso dibertigarria da». Hain zuzen, Valentziako falletan ateratako argazki batekin irabazi zuen World Press Photo sari entzutetsua, 1993an.
Zentsurarik gabe
Askotan jo du gorputz biluzietara Aho zabalik erakusketarako, errespetuz, morboa alde batera utziz. «Jaialdi erotikoetan, neska agertokira igo baino lehen, besotik hartzen dut, eta galdetzen diot ea uzten didan argazkia egiten. Gehienetan, baietza ematen didate». Emakumeen sexualitatea inolako zentsurarik gabe aldarrikatu du argazkilariak. «Jaialdi erotikoez 1999. urtean maitemindu nintzen, eta hortik aurrera ez dakit zenbatetan egon naizen. Gustatzen zait emakumeak gertatzen ari denaren jabe direnean eta gizonak alde batera uzten dituztenean».
Bazterretako gaiak jorratzen ditu argazkietan: transexualitatea, homosexualitatea, drogak eta sektak, besteak beste. Baina ikusleak umorea ere topatuko du bere artelanetan. «Bizitzan hain garrantzitsua da umorea... Ahalegina egiten dut neure buruaz barre egiteko; bizitzen laguntzen dit horrek». Horren eredu dira erakusketaren amaieran aurrez aurre jarri dituen bi irudiak; batean, benetako hileta bat ikusdaiteke; bestean, inauterietan egindako hileta baten antzezpena.
Garcia Roderok bizitza zuri-beltzean aurkezten dio ikusleari. Kolorerik gabeko kamera analogikoarekin hasi zen argazkiak egiten, eta horrek eragin handia eduki du haren obra osoan. «2006. urtera arte ez nuen kamera digitalik erabili, eta, 2008tik aurrera, dena koloretan egiten dut». Azaldu duenez, jaialdietan kandelen argia eta gaueko irudiak hobeto harrapatzeko pasatu zen digitalera. «Bilboko erakusketa honetan izan daiteke kolorearekin egindako argazkiren bat zuri-beltzera pasatu izana», onartu du.
Argazki guztien xehetasunak gogoratzen ditu egileak, eta irudi guztiek daukate kontatzeko istorio bat. «Bizitzari buruz hitz egin nahi dut argazkilaritzaren bitartez, edozein gertakari aitzakia hartuta». Landa eremuan zein hirian topatzen ditu argazkietan islatzeko gertakariak.
Museo bat haren omenez
Bere ibilbide artistikoa irakaskuntzarekin uztartu du betidanik, eta Arte Ederretako irakaslea da Madrilgo Unibertsitatean. Haren ibilbide profesionala omentzeko asmoz, haren izena jarri zioten Puertollanon (Ciudad Real, Espainia) zabaldutako argazkilaritza museoari, 2018an. «Umila naizela uste dut, baina badakit nor naizen», azaldu du argazkilariak. «Pribilegiatu bat naizela ere badakit, askatasunez lan egin dudalako eta benetan interesgarriak iruditzen zitzaizkidan gaiak ikertu ditudalako».
Aharrausi bat festan
Cristina Garcia Roderok 'Aho zabalik' erakusketa aurkeztu du Bilboko Rekalde aretoan. Guztira, zuri-beltzeko 63 argazki jarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu