Ahanzturatik askatutako istorioa

Paco Miangolarraren historia ardatz, garai baten «biografia edo kronika» osatu du Patxi Zubizarretak: 'Sakonean, itsasoa ikusten da'

Patxi Zubizarreta, atzo, bere azken liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Joserra Senperenak zirikatuta ondu du bere azken liburua Patxi Zubizarreta idazleak: Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarra familiaren istorioa du ardatz, Paco Miangolarrarena nagusiki, eta, adierazi dutenez, «garai baten biografia edo kronika» ere izan daiteke narrazioa. Hala definitu du lana Senperenak, liburuaren kontrazalean: «Bidegabekeria handia iruditzen zitzaidan 1940ko hamarkadan erbestera joandako familia haren berririk ez izatea, batez ere beren negozioen ondasunak herri baten kultura sustatzeko erabili eta gero. Liburua gure historiaren zati txiki bezain gogoangarri bat ezagutzeko aukera izan daiteke, eta, bide batez, munduan zehar bizi izandako familia baten abenturak gozatzeko ere bai». Hala, iragana dokumentatzeko beharra azpimarratu, eta nabarmendu dute memoria ariketa bat dela liburua. Txalaparta argitaletxeak argitaratu du.

XX. mende hasieran Venezuelara erbesteratu zen familiariaren eskutik, garaiko euskal giroaren kronika egiten du, beraz, liburuak: gerrak, erbestea, euskal pizkundea... Donostia, Paris eta Caracas lotzen ditu, eta baita Martin Ugalde, Carolina Herrera, Lezo Urreiztieta eta beste ere.

Baina nola sortu zen ideia? Senperenak esplikatu du: «Nire lagun Eva Miangolarrarekin hizketan ari nintzen, eta kontatu nion nola behin pertsona batek muntatu zuen estudio bat eta hasi zen diskoak grabatzen; hemen ez zegoen ezer, eta ze inportantea izan zen pauso hori gaur egun ezagun diren kantu asko hor egoteko. Evak erantzun zidan: 'Hori nire osaba da'. Eta orduan hasi zen estudioaren eta familiaren kontu asko kontatzen». Zubizarretarekin hitz egin zuen orduan Senperenak, eta han hasi zen istorioa liburu forma hartzen.

Elkarrizketetan oinarritutako narrazioa da emaitza; Paco Miangolarraren familiakoekin eta «orduko protagonistekin» hitz eginda ondu du Zubizarretak liburua, hain justu: Benito Lertxundirekin, Antton Valverderekin, Eugenio Ibarzabalekin, Eneko Irigarairekin... «Halaxe, poliki-poliki, oso bertsio desberdinetan osatu dugu istorioa; kontakizun ikaragarri desberdinak erabiltzen dira gauza bera kontatzeko».

Bi hitzetan laburbildu du idazleak miangolarratarren figura: mapa eta partitura. Horiek azaltzeari ekin dio: «Euskal Herriak mapa bat behar zuen; ilusioa galduta zeuden. Pacok konbentzitu zuen Federiko Krutwigen Vasconia (1962) liburua idazteko. Oso kritikatua eta eztabaidatua izan zen, baina mapa bat eskaintzen zuen». Venezuelatik Ipar Euskal Herrira iritsi berritan bultzatu zuen proiektua.

Jarraian, partiturarena esplikatzen segitu du: «Ez zegoen adostasunik, eta diskoetxe klandestino hori partitura bihurtu zen. Antton Valverde, Xabier Lete, Benito Lertxundi... han grabatu ziren. Horiek guztiak partitura izan ziren, gure herriaren kulturan eragin handia izan zutenak». Hain zuzen, Paco Miangolarrak eta Iñaki Beobidek sustatutako proiektua izan zen Donostiako Gros auzoko estudio klandestino hura: Herri Gogoa diskoetxea. «Ameriketatik, New Yorketik, ekarritako soinu mahaiak zituzten, baita Suitzatik ekarritako grabagailuak ere». Egitasmo haren garrantzia nabarmendu du: «Jakin zuten irauten, iraunarazten, eta herriaren kulturari eusten. Mapa falta zen, baina partitura behintzat osatu zuten».

Alabaina, makurragoa den ondorio bat ere atera du Zubizarretak, eta, azaldu duenez, herriari gaur egunetik begiratuta, elkarrizketatu gehienek hitz bat nabarmendu dute: desaktibazioa. «Orduan diktadore bat bizi zen, bazegoen borrokatzeko asmo bat, kemena eta indarra, nahiz eta ez izan mapa garbi bat. Horri buruzko hausnarketa bat ere badago». Modu horren, liburuan egindako memoria ariketak «aktibatzeko grina» pitz dezakeela uste du idazleak.

«Liburu korala»

Liburua idazteak eta miangolarratarren istorioa ezagutzeak zer suposatu dion azaldu du Zubizarretak, eta, lanaren muina eta mamia azaltzeko, konparaketak egin ditu. Lehen kolpean bururatutako irudia deskribatu du: «Gasteizen, dentistarengana joaten naizenean, pareko etxean ate prezintatu bat dago; Egin-eko delegazioa zen. Beharbada, hori da datorkidan lehendabiziko irudia. Hau da, liburu hau izan dela, nolabait, ate prezintatua zabaltzea, eta oso hurbil dagoen istorio ezezagun bat ezagutzea».

Aurkezpenean esku arteanizan ditu Zubizarretak Groseko diskoetxe hartan grabatutako hainbat disko, besteak beste, Valverderenak. Han zegoen, entzuleen artean, abeslari eta musikaria bera ere, eta istorioen gaineko istorioak kontatzen hasi da: «Musiko abangoardista asko pasatu ziren handik... Paco oso eskuzabala zen, eta Iñaki entregatua. Dena boluntarismo handiarekin egiten zen».

Zubizarretaren ustez, «korala» da Sakonean, itsasoa ikusten da liburua, eta Eneko Irigarairi buruzko lanean Joxean Agirrek jasotako esaldi bat irakurri du: «Euskal gatazkari buruzko kontakizunaren lehia ez da bereziki fikzioaren eremuan jokatuko, oroitzapen liburuetan eta biografiaren generoan baizik. [...] Gatazkaren kontakizuna, izatekotan, korala izango da». Hala, kutsu literarioa duen biografia edo garai baten kronika da liburua, memoria ariketa egin eta Miangolarra familiaren istorioa ahanzturatik askatzeko helburua duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.