Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Zinemira. Pedro Olea. Zinemagilea

«Ahal izan dudanean, nik beti Euskadin egin dut filmaketa»

Zinemira saria jaso zuen atzo Pedro Oleak, 'El bosque del lobo' eta 'Akelarre' filmen zuzendariak, euskal zinemagintzan egin duen ibilbidearen aitorpen eta omenaldi gisa.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Pozik dago Pedro Olea (Bilbo, 1938) aurtengo Zinemira saria berari ematea erabaki dutelako, eta poz hori areagotu egin du Euskal Herrian egindako zinemak Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian duen presentzia oparo eta garrantzitsuak. Olearekin hizketan, euskal zinemagintzaren bidean parte izateagatik harro sentitzen dela igartzen zaio, eta poz handiz aitortzen du ondorengo belaunaldietako euskal zinemagileak bide horri oso ekarpen baliotsuak egiten ari zaizkiela.

Zer da zuretzat Zinemaldiaren barruan Zinemira saria jasotzea?

Uste dut hauxe dudala jaso ditudan sarien artean gustukoena. Esaten da inor ez dela bere lurrean profeta, eta sari hau jasotzeak esanahi handia du niretzat. Nik zinema gehiago egin dut Madrilen Euskal Herrian baino, baina beti saiatu naiz Euskadin zinema egiten. Madrilen nengoenean ere beti saiatzen nintzen Euskadirekin zerikusia zuten lanak egiten. Diez melodías vascas egin nuen, adibidez, Jesus Guridi musikagilearen lanean oinarrituta; La ría de Bilbao ere bai gero...

Donostiako Zinemaldiarekin ere harreman estua izan zenuen. Hemen estreinatu zenituen hainbat film hastapen haietan.

Bai. Tormento eta Pim, pam, pum... ¡fuego! Donostiako Zinemaldian aurkeztu ziren; baita Un hombre llamado Flor de Otoño ere, Jose Sacristanek Donostiako Zinemaldian gizonezko aktore onenaren saria lehen aldiz irabaz zezan balio izan zuena. Franco hil zenean, nik urtero film bat egiteko kontratua nuen, eta ekoizleak Sangre y arena zuzentzea eskaini zidan, Rafael Azconaren gidoiarekin eta Sharon Stonerekin, baina nik ezetz esan nion, sorginkeriari buruzko film bat egin nahi nuelako, urte batzuk lehenago El bosque del lobo filmean landu nuen formula errepikatuz neurri batean. Horrela sortu zen Akelarre. Beldurrezko kondairen inguruko interes handia izan dut beti.

Zergatik? Nondik datorkizu?

Txikia nintzela, gurasoek eramaten gintuzten baserri batean, gure lehengusu elbarri batek krimen lazgarrien istorioak kontatzen zizkigun, eta gu liluratuta geratzen ginen haiek entzutean. Kondaira horien eta herri koplen jatorria beti interesatu izan zait. El bosque del lobo giza-otsoa izateagatik hil zuten gizon baten kasuan oinarrituta zegoen, eta nik formula hori sorginei aplikatu nahi nien. Modu despektiboan erabiltzen ziren bruja eta sorgina hitzak, baina sorginak oso balio handiko jendea izan ziren. Medikuntza ikasitakoek adina zekiten medikuntzaz, eta errito paganoak egiten zituzten, ez erlijiosoak. Baina, nik esan ohi dudan moduan, Eliza katolikoaren faloak leize-zuloaren umetokiaren aurka ekin zion, eta betiko ustiaketa politikoa jarri zuten abian jauntxo feudalek. Hori zegoen hainbeste erreketa eta basakeriaren jatorrian eta oinarrian.

Gaiak harrapatuta eta hartan guztiz murgilduta eman zenuen denboraldi aski luze bat.

Bai. Bost urte eman nituen Akelarre egiten. Franco hila zen, Euskadin gobernu bat zegoen, telebista bat ere bai, eta denbora asko eman nuen lanean, filma ondo egin nahi nuelako. Bidaia asko egin nituen Berara [Nafarroa], Julio Caro Barojarekin hitz egiteko, eta oraindik ere gordeak ditut hark idatzitako ohar batzuk. Dokumentazio lan asko egin nuen, eta bereziki Florencio Idoateren La brujería en Navarra y sus documentos liburua hartu nuen kontuan. Han kontatzen zen filmeko kasua, eta benetako gertakarien leku berean egin nuen filmaketa lana [Araizko bailaran]. Gozamen handia izan zen hura niretzat.

Baina Beizamako krimenari buruzko proiektua ez zenuen modu berean gauzatzerik izan.

Nik gertakari haren interpretazio bat egin nahi izan nuen; Kultura sailburua zinemagintzako azpiegiturak sortzearen garrantziaz mintzatzen zen garai hartan, eta uste dut hori gauzatzen hasita geundela, Imanol Uriberekin eta beste hainbatekin. Bazegoen euskal zinema bat, esportatzeko modukoa. Eta nire asmoa Akelarre-ren antzeko proiektu bat gauzatzea zen, baina Jose Luis Lopez Vazquez eta Mari Carrillorekin lan egin beharrean Concha Velascorekin lan eginda. Gainerakoan, Akelarre-n bezala, aktoreen eta teknikarien %80 Euskadikoak izango ziren. Baina Jaurlaritzako Kultura Sailak laguntzarik ez ematea erabaki zuen, Euskadiren irudi negatibo bat ematen zuela argudiatuta. Erabaki horrek suminduta, hemendik alde egitea erabaki nuen.

Eta El día que yo nací filmatu zenuen, Isabel Pantoja aktore nagusi zuen filma.

Bai, hala da. Baina hori ezkerreko pelikula bat dela esan daiteke. Guardia Zibilak Pantojaren pertsonaiaren senargai anarkista hiltzen du...

Ez zenuen kontaktua galdu, hala ere, euskal zinemarekin.

El maestro de esgrima-rekin eta beste lan batzuekin jarraitu nuen, baina deitzen zidatenean hona etortzen nintzen beti. Bihotzez filmatu nuen, Bilboko itsasadarrari buruzkoa; Athletici buruzko filma ere bai; eta La conspiración ere bai, nire azken filma; nahiz eta Emilio Mola generalaren bizitzan oinarritua izan, hemengo aktore eta teknikariekin egina da. Iruñean, Donostian, Azpeitian eta Bilbon filmatua dago, besteak beste; muntaketa Bilbon egin zen; musika Gasteizen... Ahal izan dudanean, nik beti Euskadin egin dut filmaketa. Eta nire azken lana, oraingoz, zoritxarrez, finantzaketa arazoen ondorioz geldituta dagoena, Olaeta, un siglo en danza da, euskal dantzaren inguruko film dokumentala. Ia bukatuta dago. Jose Antonio Arana Martija zenaren material benetan bikaina daukat jasota hor, eta nahiko nuke norbaitek behar duen azken bultzada ematea proiektu horri.

Zer eskainiko du filmak?

Euskal folklorearen historia osoa jasotzen du, gaiari buruz hitz egin duten teoriko nagusien iritziak ere jasoz,Wilhem von Humboldtena eta beste. Euskal herri dantzak ballet nola bihurtzen diren ere azaltzen du, eta nazioarteko balletak nola bereganatzen duen pas de basque deitutakoa. Arana Martijak benetan bikain azaltzen du hori guztia filmeko irudietan. Proiektua bere gain hartu zuen ekoiztetxeak epaiketa bat dauka, eta horregatik dago orain dena geldituta, aurrera egin ezinda. Nik ez dakit nola egin daitekeen, baina norbaitek berreskuratu beharko luke film hori.

Zure filmografia ezagutzen ez duenari, zein film ikusteko gomendatuko zenioke?

El bosque del lobo; Akelarre;Pim, pam, pum... ¡fuego!; El maestro de esgrima; eta baita Tiempo de tormenta ere. Azken hori ez zuen jende askok ikusi, baina nik uste dut ondo dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.