Artea

Agustina Oteroren «akupuntura espaziala» bistaratzen duen erakusketa zabaldu du Oteiza museoak

Artistak materiaren eta espazioaren arteko loturari buruz hausnartu du urteetan, bustoak baliatuz batik bat, eta 'Zirkuluaren zerumuga' proiektua aurkeztu du ideiok plazaratzeko. 42 eskultura daude bilduta Altzuzako museoan.

Agustina Otero artista, gaur goizean, Oteiza museoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Agustina Otero artista, gaur goizean, Oteiza museoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Altzuza
2024ko ekainaren 20a
18:05
Entzun

Zerumuga beti da urrun. Berdin da zer abiadatan egiten den lasterka harengana, beti ematen du iritsi ezinezkoa, eta hori ederki daki Agustina Oterok (Leon, Espainia, 1960). «Izan dezakezu harengana hurbiltzen ari zarelako sentipena, baina, ohartzerako, zuk aurrera egin ahala, urrundu eginen da bera», esplikatu du artistak, zeruertzari buruz. Ordea, nahita ere bertara ailegatu ezinak ez dio eragiten frustraziorik batere; kontrara, hain justu metafora hori dauka, sarri, motibazio iturri arte sorkuntzan. «Ideia bat hartu, hasten naiz lanean, eta sentitzen dut, antzera, niri ere eskapo egiten didala zerbaitek, urrunera. Eta justuki horrek itzularazten nau nire eguneroko lanera aldiro; gehienetan, eskulturara». Aitortu du bueltatzen den aldi horietan guztietan ez duela berdin jarduten, baina bada gai bat hogei urtetik gora duena begiz joa: burua. Horren isla da Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) aurkeztutako proiektua: Zirkuluaren zerumuga.

Bi erakusketak osatzen dute proiektua, zehazki. Bata Oteiza museoan ireki dute, eta azaroaren 24ra arte izanen da zabalik. Horretan, askotariko materialez eginiko 42 eskultura eta lau marrazki daude bilduta. Bigarren erakusketa ireki gabe da oraindik: Iruñeko Ziudadelako Bolborategia aretoan izanen da abuztuaren 2tik aitzinera. Horretan, marrazkiak jasoko dituzte nagusiki. 

Oterok esplikatu duenez, buruaren eta espazioaren arteko lotura gai «agorrezina» da haren irudiko, besteak beste buruak aukera ematen diolako, hain zuzen, materiaren eta espazioaren arteko harremana plazaratzeko. Eskulturaren bitartez egiten du hori batez ere, eta horregatik dio Oteiza museoan paratutako erakusketak —eskulturaz josia izanik— balio duela haren obraren bilakaera eta sintesia jasotzeko. «Dena dela, proiektu hau ez da helmuga bat, ezpada jaurtikitze plataforma bat, beste bide batzuetara eramanen nauena». 

«Espazioaren aktibazia da benetan interesatzen zaidana; izan ere, hain da sentibera espazioa, ezen zernahi keinuk edo esku hartzek guztiz aldatzen baitu, batera edo besterat».AGUSTINA OTEROArtista

«Espazioaren aktibazioa» bilatzea du helburu Oterok, funtsean. «Hori da benetan interesatzen zaidana; izan ere, hain da sentibera espazioa, ezen zernahi keinuk edo esku hartzek guztiz aldatzen baitu, batera edo bestera». Aipatu keinu horiek «formak» dira erakusketan: hala nola burdinazkoak, hormigoizkoak, berunezkoak, buztinezkoak, igeltsuzkoak, marmolezkoak edo harrizkoak. Dioenez, horrela, jostatu da huts eta beteen artean, ertz ahur eta ganbilekin, material astun eta arinekin, eta argi eta itzalekin, adibidez. 

Agustina Ortegaren bustoetako hiru, horman paraturik. IDOIA ZABALETA / FOKU
Agustina Oteroren bustoetako hiru, horman paraturik. IDOIA ZABALETA / FOKU

Busto antza suma daiteke pieza gehienetan —zenbait kasutan, begiak, ahoak edo sudurrak ere identifika daitezke—. Dena dela, aire hori antzematea batzuetan ez da besteetan bezain erraza. Eta, nahiz eta pieza bakoitzaren ondoan ez den paratu ez obra bakoitzaren izenik ez eta datarik ere, figurazio mailan ikus daiteke artistaren estiloaren bilakaera bat, nolabait. Izan ere, 1988tik 2024a bitarte sortutakoak dira lanak, eta, horiek ordena kronologikoan aztertuz gero, agerian gelditzen da Otero gero eta hurbilago dagoela abstrakziotik, gehiago maite duela sintetikotasuna, eta urrunago dela, orobat, estilo figuratibotik. 

Intuizioa eta emozioa

Artista pozik da erakusketa Altzuzan paratu dutelako, «Oteizarenean», eta, hain justu, Jorge Oteizaren eta bere arteko diferentziak eta loturak aipatuz ere esplikatu ditu bere arte sorkuntzaren gakoetako batzuk. «Ez nuke esanen Jorge Oteizaren jarraitzaile naizenik, baina garbi dut perfume oteizar bat baduela nire obrak; bai izan dela nire erreferente, dudarik gabe», kontatu du aurrena, eta, segidan, kasik zerumugara iritsi ezinarekin ere harremana izan lezakeen ideia bat bota du, Oteiza deskribatzeko: «Ezin naiz hurbildu ere egin berak eginikoetara. Berak autopista handi bat eraiki zuen artearen munduan, eta ni, besterik gabe, bidexka batean nabil oinez». 

Lan egiteko maneran Oteizarekin dituen diferentziak ere aipatu ditu Oterok, erakusketari buruzko azalpenean: «Hark ez bezala, nik intuizioak eta emozioak gidatuta egiten dut lan, lan enpirikoa eta eguneroko jarduna izanez beti oinarri». Dena dela, iradoki duenez, nahiago dio erreparatu bien obrek komun duten ezaugarriari. «Argiki kointziditzen dugu gauza batean: puntu beraren bila gabiltza. Bai espazioarekin, bai bere barnean, gertaera artistiko berriak sortzeko aukeraren bila». 

Are, Oterok honela deitu dio espazioaren izaerari eragiteko erakusketan baliatu duen tekniketako bati: «Akupuntura espaziala». Begirada batera eta bestera bideratzearekin du zerikusia, besteak beste. Zehatzago: erakustokian barna pieza bat edo beste toki batean edo bestean jartzearekin, batera edo bestera zuzentzearekin, balizko lerro ikusezin batzuek bideratu ditzaten ikusleen soak. 

«Isiltasuna sortu nahi nuke ondutako buru bakoitzean. Eta isiltasun hori izan badaiteke isiltasun kontenplatiboa, are eta hobeki. Sinetsia nago arteak isiltasuna behar duela benetako komunikazio bat gerta dadin».

AGUSTINA OTERO Artista

Erakusketa museoaren beheko solairuan dago ikusgai, zehazki. Bertara ailegatutakoan ikusten den lehenbiziko artelana hormigoiz eta suharriz eginiko pieza bat da —1998koa—; «akupunturarako» lehenbiziko orratza. Piezak apenas duen giza burua imitatzeko detaile figuratiborik, baina baditu bi hutsune-edo, alde banatan, aurpegiera baten bi matelak irudikatzen dituztenak. Eta horien bidez, hain justu, badagoenez imajinatzea aurpegi hori nora ari den begira, «aktibatzen» da zerbait, eta ikusleak badaki norantz egin aurrera. 

Ikusleak, aretoan aurrera egindakoan, ikusiko ditu bi instalazio nagusi, gela ireki banatan eta plataforma handi batzuen gainean paraturik, eta ikusiko ditu, aldi berean, hainbat pieza hormetan zintzilik. Pieza horien guztien arteko elkarrizketetan ere oinarritzen da, Oteroren iritziz, «akupuntura espaziala», eta aberasten bisitariaren esperientzia.

Erakusketaren bitartez, batik bat bi helburu nahi lituzke erdietsi Oterok. Batetik, galderak sortzea. «Galderak nahi ditut egin, baina ez dut erantzunik, ezta nahi ere». Bestetik, isiltasuna eragitea. «Isiltasuna sortu nahi nuke ondutako buru bakoitzean. Eta isiltasun hori izan badaiteke isiltasun kontenplatiboa, are eta hobeki. Sinetsia nago arteak isiltasuna behar duela benetako komunikazio bat gerta dadin», esplikatu du. «Azken finean, ni egile bat baizik ez naiz». 

argitalpena eta beste

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.