Agustin Ibarrola, bere arte ibilbidearengatik, Maider Lopez, sorkuntza lanarengatik, eta Santi Eraso, arte bisualen arloan egindako ekarpenarengatik. Hiru horiek dira 2011ko Gure Artea sarien irabazleak. Hala jakinarazi zuten atzo Gasteizen Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eta Fernando Golvano epaimahaiburuak. Saritu bakoitzak 25.000 euro jasoko ditu. Saridunen lanaren ordaina izatea da sari horien xedea, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpena aitortzea ere.
Gure Artea sariek hiru modalitate izan dituzte aurten. Agustin Ibarrolak (Basauri, 1930) ibilbide artistikoa aitortzeko saria irabazi du. Lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, «egindako lan sortzailearengatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenarengatik» saritu dute Ibarrola. Pintorea eta eskulturgilea da Ibarrola, eta beti nabarmendu izan da haren obrak ikonografia soziala markatu duela garai desberdinetan, frankismotik hasi eta gaur egunera arte. Hasieran grabatuak eta pintura landu zituen. 80ko hamarkadatik aurrera, material berriekin esperimentatu zuen, eta formatu handiko obrak egin zituen, trenbideetako trebesak, betoia, papera eta burdina erabiliz. Abandoko geltokian (Bilbo), Chamartinen (Madril) eta Omako basoan (Bizkaia) egindakoak dira ezagunenetariko batzuk.
Sorkuntza lana aitortzeko saria, azken urteak aintzat hartuta, «bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik» nabarmendu den artista edo artista taldea aitortzeko saria da. Aurtengoa Maider Lopezek (Donostia, 1975) jaso du arlo horretan. Gaztea izanagatik ibilbide luze eta oparoa duen artista da Lopez, Artelekuren laborategitik ateratako sortzailea. Tradizio posminimalistaren jarraitzailea da, eta artearen, diseinuaren eta arkitekturaren elkarrizketatik sortu ohi ditu bere obrak.
Hiru sari, aurrenekoz
Azkenik, arte bisualen esparruan egindako lanagatik, «kulturaren balio katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza ekoizpena, sustapena, hedapena eta banaketa) egindako ekarpenarengatik», Santiago Eraso (Tolosa, 1955) saritu dute.
Aurtengoa da Gure Artea sarien deialdia hiru modalitatetan banatuta egin duten lehen aldia, Arte Bisualen talde eragileak emandako aholkuari jarraituz, eta aurreko eredua goitik behera aldatuta. Batetik, deialdi berri bat egin da arte bisual horiek saritzeko, hau da, pertsona sarituen arte jarduera zehatzaren aitorpen sozial gisa ulertuta.
Bestetik, arte garaikidea sustatzeko programa bat eratu dute (Eremuak), euskal arte garaikidearen jakintza, ekoizpena eta zabalkundea eratzeko testuinguruak sortzeko, hain zuzen ere orain arte Gure Artea sarietan tokirik ez zuten parte hartzaileei irekita dagoen programa.
2011ko Gure Artea sarien epaimahaia honako hauek osatu dute: epaimahaiburua, Fernando Golvano, EHUko Filosofia Fakultateko irakaslea, arte kritikaria, komisarioa eta ikertzailea; epaimahaikideak, Nekane Aranburu, arte historialaria, arte sustatzailea, komisarioa eta ikertzailea; Haizea Barcenilla, arte historialaria, komisarioa eta ikertzailea; Daniel Castillejo, Arte Ederretako lizentziaduna, kontserbatzailea eta komisarioa eta gaur egun Gasteizko Artium museoaren zuzendaria; eta Eduardo Lopez, Arte Ederretako lizentziaduna, margolari eta artista multidiziplinarra, bere ibilbidean sari eta erakusketa ugari izan dituena.
Agustin Ibarrola, Santi Eraso eta Leire Lopezentzat Gure Artea sariak
Ibilbide artistikoa, sorkuntza lana eta arte bisualetan egindako ekarpena aitortu diete, hurrenez hurren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu