Agustin Gonzalez Azilu konpositore nafarra hil zen atzo, 1951ko musikagileen belaunaldiko garrantzitsuenetako bat. 94 urte zituen. Birritan jaso zuen Espainiako Musika Sari Nazionala, 1971n eta 1998an. 2009an, Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zuen. Urte berean, Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioko Urrezko Domina ere jaso zuen. 2011n, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa izendatu zuen Gonzalez, «arteen munduan dituen meritu nabarmenengatik».
Bere jaioterrian ezagutu zuen musika mundua, Altsasun (Nafarroa), Luis Taberna hango parrokiako organistarekin. 1929an jaioa, txikitatik ekin zion musika ikasteari: solfeoa, klarinetea zein saxofoia. Musika konposatzea zuen, ordea, gustukoena. 50eko hamarkada aldean Madrilgo kontserbatorioan ikasi zuen. 60eko hamarkadan, abangoardiazko konpositoreak ezagutu zituen, Europan barna ibili baitzen beka bati esker; Paris, Erroma, Venezia (Italia) eta Darmstadt (Alemania) aldean aritu zen.
1976an Konpositore Sinfonikoen Espainiako Elkartea fundatu zuen. 1978an Madrilgo kontserbatoriora itzuli zen, orduan, irakasle gisa. Armonia irakatsi zuen jubilatu arte. 1984 eta1987 bitartean aurrera, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan eman zituen eskolak. Bertan irakatsitakoarekin sortu zuten, 1985ean, kontserbatorio hartakoek Iruñeko Taldea Musikagileak.