Agustin Azkarate Garai-Olaunek (Elorrio, Bizkaia,1953) jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek eta Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek. Haren ekarpenak, maila akademikotik harago, dimentsio humanistiko, kultural, artistiko eta sozial nabarmena izan du. Epaimahaiaren ustez, «azpimarratzekoa da haren proiekzioa, akademian eta unibertsitatean ez ezik, zientzia aplikatuak gizartean ere zabaltzen asmatu duelako».
Arkeologiako katedraduna da Azkarate, eta, besteak beste, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean izan da irakasle. Epaimahaiaren iritziz, Azkarateren interes akademikoa espezializazio arlotik harago doa: «Haren ibilbidean zehar hainbat diziplina landu ditu, guztiak bikaintasun maila handiarekin. Arkeologia eta Kultur Ondarea dira haren espezializazio arloak, eta horien eta alboko beste batzuen artean loturak aurkitzeko gaitasunari esker, diziplina anitzeko maila zientifiko handiko ikerketa taldeak osatu eta zuzendu ditu. Horien bidez, ikertzaile gazte askok bikaintasun zientifikoko prestakuntza jaso dute, eta, horrekin batera, gizarte erantzukizuneko sentimendu sendoa».
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria
Ane Zulaika Aranburuk eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria Emakumeak Blai lanarengatik. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak. Lanak euskal emakumeek XX. mendearen bigarren erdian itsasoarekin zuten harremana erakustea du xede, euskaraz ekoitziko den film labur batean.
Pieza hori 2021 eta 2022 urteetan egingo du, eta, zehazki, ikerketa lan bat burutuko du, begirada ugariak behatu, bestelako ahotsak entzun, testigantzak jaso, artxiboak errekuperatu, eta, horrela, emakumeek 1960 eta 1980 arteko urteetan itsasoarekin zuten harremana irudikatuko du, eta hausnarketa berriak sortuko.
Ane Zulaika 31 urtetako donostiarra da. Komunikazioan graduatua, Artxibo graduondokoa egin zuen Elias Kerejeta Zine Eskolan. Azken horretan, ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko formazio teorikoa eta praktikoa jaso zuen.