Agrafoa

Donostian jaio zen, 1968an. Argia-n eta Euskaldunon Egunkaria-n kazetari aritu ondoren, 2006. urtean kaleratu zuen bere lehen liburua, Susa argitaletxearekin: Beñat Dardo. Bernart Etxepare du protagonista, euskaraz argitaraturiko lehendabiziko liburuaren idazlea; baina ez da eleberri historiko bat, pertsonaia haren birkreazioa baizik. Aurten, Oizek (H)ilbeltza beka irabazi du, Zorigaiztoko lanarekin. XIX. mendean girotu du kontakizuna, Donostian, jazoera historikoa eta kritika soziala uztartuta. Txalaparta argitaletxeak aterako du liburua, datorren urtean.

Joxan Oiz
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
—Segurtasuneko langileari deitzea nahi duzu, ala?

—Ez baitakit idazten. Horixe adierazi dizut arestian.

—Ikaragarrizko ilara sortzen ari zara, mesedez, bete inprimakia ala etorri beste egun batean! Utz iezaguzu lan egiten...

—Deitu seguratari, orduan.

Ez zen bat-bateko kontua izan, aspaldi inarrosten zuen kezka bat baizik. Martinek urte asko zeramatzan irakaskuntzan, hogeita hamar inguru. Era guztietako erreforma, egokitzapen, hobetze prozesu edota paradigma aldaketa sufrituta ere, lanbidea maite zuen. Hainbat lankide erretxinduk garai bateko «zera horren» falta nabaritzen baldin bazuten ere, berak ez. Ez zuen inongo damurik metodologia berriaz, autoritate gabeziaz, gurasoen ergelkeriaz, denbora faltaz edota diru eskas zuten opor gehiegiaz. Ez zituen lankideak kuadrillakide gazteak zireneko garaiak faltan sumatzen. Martin burokraziak gozakaizten zuen: zernahi egin aitzin idatzi, zernahi egin ondotik idatzi. Plangintzak, memoriak, ohartarazpenak, ebaluazio irizpideen bildumak... Irakatsi, bideratu, lagundu, estimulatu, motibatu, jakin-mina piztu... aditz horiek guztiak gustura jokatzen zituen, baita menostutako kalifikatu aditza ere. Horregatik hiru urteko eszedentzia eskatu zuenean, «zer, zu ere irakaskuntzak erreta?» esaten ziotenei, «ez, burokraziak itota» soil batez erantzuten zien.

Hurrengo pausoa telefonoa aldatzea izan zen. Smartphonea hamar urteko ilobari oparitu zion haren urtebetetzean cadeaux empoisonné gisa eta aitak dagoeneko erabiltzen ez zuen txartelarekiko segapotoaz jabetu zen. Orduantxe bukatu ziren Whatsapp bidezko mezuak. Ondorioz, adibidez, eguberrietako spam-ezko zoriontzeak dozena erdi dei gozo bilakatu ziren. SMSak ere ez zituen baliatzen eta aspaldi erabiltzen ez zuen Twitterreko kontua bertan behera utzi zuen. Erakunde klandestino bateko kidea bailitzan, beraz, Martinek parez parekoa ez zen harremana txarteldun telefonoz, telefono-deiaz, egiteari ekin zion. Horretaz gain, aspaldikoa zuen zaletasunari ere eutsi zion:

—Gaztainaz egingo dizut kutxa. 500€. Ez. Beltzean. Nahi baduzu aste honetan bertan gera gaitezke egin dizudan zirriborroa ikusteko. Nik lauburu bat kenduko nioke. Bi nahiko dituzula iruditzen zait. Sarraila zahar bat lortu dut eta hura txukundutakoan erakutsiko dizut. Ostegunean ondo? Eguerdian Anttonirenean?

Posta elektronikoa urtean behin erabili ohi zuen. Ogasunari [email protected] helbidea helarazi zion eta errenta aitorpenaren proposamena berresteko botoia sakatzeko aprobetxatzen zuen. Besterik ez. Egiten zituen zurgin lanetarako ez zuen idatzizko aurrekonturik egiten, ezta fakturarik igortzen ere. Balizko erostunarekin geratu eta egin beharreko lanaren marrazkia erakutsi edota behar zen ordainagiria sinatu baizik ez zuen egiten tanpoi batez: A. Grafois.

Aurrena asperrak eta gogaitasunak eragindako jarrera, bizimodu bilakatu zen hurrena. Muturreraino eramandako bizitza-hautua.

—Barkatu baina zure datuak ekarri behar dizkidazu orri honetan beteta, bestela ezin dizut asegurua berritu.

—Ados. Hortxe. Har ezazu faborez nire nortasun agiria.

—Ez, ez. Ez didazu ulertu. Zeuk bete behar dituzu datuok eta orria beteta ekarri.

—Ados. Mila esker arretarengatik. Beste aseguru-etxe batean saiatuko naiz...

—Bo, tira! Nahi baduzu, agian, nik bete niezazuke...

Zirkinik gabeko jarrera patxadatsuaz irabazten zituen batailatxoek sendotzen zuten hartutako erabakia: ez zuen besteentzako deus ere gehiago idatziko. Denboraren poderioz, fineziaz landutako teknika gudu-zelai guztietatik irabazle irteteko arma eraginkorra bilakatu zen.

Kontu handiz ibili behar da, bai, zurgin tresna horiekin. Marka da gainera ezkerra izan eta gubiak kasualitatez esku horretan aberia egitea! Ez dago arazorik nik egingo dizut eskaera. Zuk azaldu zer behar duzun eta nik osatuko dut testua.

Izan ere, Poliziaren edozein argiketa ahozko adierazpen batez oinarritzen bazen, zer dela-eta askoz ere errazagoa zen kiroldegiko txartela berritzeko prozedura norberak betetako idazki baten bidez izapidetu behar hori?, pentsatzen zuen Martinek. Amaren eskela ere ez zuen idatzi. Ehorztetxeko harreragileak berak osatu zuen txartela, Martinek diktatuta. Koroan ageri zen Senarra eta seme-alabak ere ez zuen paperean jarri.

—Bai tartean marrarekin, seme marra alabak, faborez. Mila esker.

Publikatu gabeko ipuinak irakurri ohi zizkioten adiskideen artean bazuen agrafo ospea, aspalditik. Nobela idazteko bultzatzen zuten lagun horiexek izan ziren orain bere jarreraren arriskuaz ohartarazi ziotenak:

—Hi, azkenean idazten ahaztuko zaik!

Ahaztu baino, ez baleki bezala jokatzen zuen. Konjurua bota zuen lehen aldia arrotz egin zitzaion: «Ez dakit idazten». Are gehiago banketxeko bulegariari. «Sinadura baizik ez dakit egiten». Udaletxeko kontu-hartzailetzako mostradorean lotsagabeki borobildu zuen desenkusa: «Iktusaren ondorioa da. Mintzamena berreskuratu nuen baina idazmena ez».

—Ez arduratu. Ea, zertan oinarritzen duzu isunarekiko helegitea?...

Burokraziarik gabeko bizimodua nare eta lasaia suertatu zitzaiolako, beharbada, konturatu orduko eszedentzia luzatzeko tenorea fortunatu zitzaion. Martinek Hezkuntza Sailburuordetzako izapideen leihatilan topatu zuen bere burua nahi baino lehenago, eszedentzia luzatzeko prozeduraz galdezka. Topatu ere, mesopotamiarren benetako altxorra idazketa zela fermuki defendatzen zuen funtzionarioa topatu zuen, ordea. Burokrata militantea:

—Hortaz, nahi duzun moduan. Deitu egingo diot...

—Ez larritu —adierazi zion amultsuki segurtasuneko agenteak, hiritarren arretarako bulegoetatik irteerarantz arrastaka baina profesionalki Martin bideratzen zuen bitartean—, nik ere ez dakit ia idazten eta, begira, hementxe ari naiz, Hezkuntza Sailean lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.