Agirregoikoaren ironia garratzari lekua egin dio Artium museoak

'Uztailak 38, urriak 37' izeneko erakustaldian bildu dituzte Donostiako artistak azken 25 urteotan ekoiztutako lanak. Hainbat bideo eta marrazki sailek osatzen dute aurkeztutako bilduma

Juan Perez Agirregoikoa artista donostiarra, Artium museoan ireki berri duen erakusketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Euskal arte garaikideari heldu dio Gasteizko Artium museoak bere ibilbide berriaren hasieran. Gaurdanik ikusgai dago Hego aretoan Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963) artistari eskainitako erakusketa zabala. Azken 25 urteotan egindako lanak bildu dituzte, Peio Agirre komisarioak eta Agirregoikoak berak elkarlanean sortu duten bilduman.

Museoak betidanik jarraitu dio artistaren ibilbidea. Daniel Castillejo zuzendariak gogoratu zuen Agirregoikoaren lan bat ikusi zuen lehen aldia, orain dela hogei urte baino gehiago, Donostiako Kutxa aretoan. «Pilula bat hartzea bezalakoa izan zen, gerora betirako iltzatuta geratu zaizuna». Artiumekoek harreman horretan sakondu dute, eta artistari erositako hainbat obra dituzte dagoeneko bilduma iraunkorrean. Nazioartera ateratzen jakin duen euskal artista bat ere badela azpimarratu zuen Castillejok. 1990eko hamarkadaren hasieran lekualdatu zen Parisera, nahiz eta urtero bost bat hilabete Donostian igarotzeko ahalegina egin.

Agirregoikoaren «ironia eta garraztasuna» laudatu zituen Castillejok. «Burmuinean eztanda egiten dizu haren lanak», nabarmendu zuen. Umore horrek ez du alde batera uzten errealitatearen azterketa zorrotza. «Ideologiari egindako kritika oso garrantzitsua da, betiere umore garratz eta elegante baten bidez», Peio Agirre komisarioaren ustez.

Izenburutik hasitako jokoa

Izenburutik bertatik hasitako jokoa da Agirregoikoarena. Uztailak 38, urriak 37 izena jarri diote erakusketari. Egutegi ofizialetan existitzen ez diren bi egun dira, errealitatetik kanpo daudenak, baina benetako gertaera batzuen oihartzunari eusten diotenak. Batetik, uztailaren 18a, 1936an altxamendu frankista gertatu zen eguna. Bestetik, Errusiako iraultza komunista, 1917ko urrian. «Iragan mendeko artistatzat dut neure burua. Orain gertatzen ari den guztiak lotura du XX. mendearekin», aitortu zuen Agirregoikoak. Haren obran errepikatzen dira erreferentzia ideologiko horiek. Esaterako, Mao Zedong jeneralari buruz egindakoak.

Ideologiak, politika, erlijioa, kultura eta hezkuntza behin eta berriro agertzen dira artistaren ibilbidean. «Kezka eragiten didaten gauzekin lan egiten dut beti. Ez doktrinatzeko, baizik eta neure arazo propioak bideratzeko asmoarekin». Gai bat aztertu eta horri buruz irakurri ondoren, obra batean islatzen du geratu zaion erantzuna.

Aretoan ibilbide kronologiko bat prestatu beharrean, instalazio baten modura aurkeztu nahi izan dute artistak eta komisarioak erakusketa. Gelaren erdian, zintzilik, bi pankarta erraldoi daude. Lalangue Lavion obraren parte dira. Artistak 2011ko udan bi pankarta horiek abioneta batetik zintzilikatu, eta Angelutik Donostiarako kostalde zatian paseatu zituen. Baten mezua zen Marx, I love U. Will you marry me? (Marx, maite zaitut. Nirekin ezkonduko zara?), eta bestearena Il y a un ennemi (Hemen bada aurkari bat). Ikusle askok hegazkinari ateratako irudiekin bideoa muntatu zuen gero Agirregoikoak.

Bideoan egindako produkzioak bihurtu dira sortzailearen intereseko lanabesa azken garaiotan. Bada erakustaldirako propio prestatu duen pieza bat ere. Platonen haitzuloaren mitoan inspiratuta dagoen lana da Radio(a)phonie.

Bideo-sormen kontuak alde batera utzita, sarritan teknikarik oinarrizkoenekin gustura ari den artista da. Ikatz ziriarekin edo urmargoarekin egindako marrazki ugari daude. Horien artean dago Muntadas sindromea. Kataluniako artista plastikoa gogoan hartuta, arte munduan arrakasta izateari buruz gogoeta egiten du artistak, ia komiki baten modura irakur daitekeen 37 koadroko segidan. Manifestazioen edo futbolaren ikonografia ere erabiltzen du beste hainbat marrazkitan, ideologia politikoari buruzko hausnarketa garatzeko.

'UZTAILAK 38, URRIAK 37' ERAKUSKETA

Artista. Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963).

Komisarioa. Peio Agirre.

Lekua. Gasteizko Artium museoko Hego aretoa.

Ekoizpena. Artium eta Lleidako La Panera arte zentroa.

Edukia. Azken 25 urteotan egindako lanak. Bideoa eta ikatz-ziriarekin edo urmargoarekin egindako marrazkiak, batez ere.

Noiz arte. Datorren irailaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.