Agirreazkuenagak euskal auziak XIX. mendean izan zuen indarra erakutsi du

'Euskal herritarren burujabetza' saiakeran 1793 eta 1919 arteko bilakabidearen berri ematen du

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Niri beti gustatzen zait tituluetan tesia agertzea argi eta garbi», azaldu zuen Joseba Agirreazkuenaga irakasleak (Bilbo, 1953) Euskal herritarren burujabetza liburua (Alberdania) aurkeztean. Kasu honetan, izenburua argia baldin bada, azpi-izenburuak zehaztasunez azaltzen du zein den liburuaren mamia: Euskal herritarren autogobernu auziaren bilakaeraz (1793-1919). Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia Estatutura.

Garrantzi handikoak dira hor aipatzen diren bi urteak. 1793ko urrian Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ordezkariak Bilbon bildu zirela oroitarazten du Agirreazkuenagak. «Ordezkariak esaten dugunean, ez dugu ahaztu behar Batzar Nagusiak zeudela, eta Batzar Nagusi horiek izendatu zituztela ordezkariak. Ordezkari horiek euren aditu-legelariekin bildu ziren Bilbon, eta han hitzarmen bat egin zuten, 1793an. Hitzarmen horiek deitzen dira konferentziak, eta konferentzia horiek funtzionatzen egon dira 1936a arte, Euzko Jaurlaritza sortu arte. Horrek erakusten du badagoela ordurako Euskal Herrian egituratze bat. Hor hitzarmen bat daukate, xedetzat 'defender la Constitución del país' duena». 1919an, berriz, eskari batzuk egin ziren lehenengo autonomia estatu proiektua eztabaidatzeko.

Funtsean, liburuak erakusten du XIX. mendean Espainiako Parlamentuan «euskal auzia» deitu ohi denak gero eta presentzia handiagoa izan zuela, «foru konstituziotik Euskal Konstituziora» jauzia emanez.

Miguel de Unamuno saria jaso zuen iaz Agirreazkuenagaren liburuak. «Asko ikasi dut liburua irakurrita», aitortu du Inazio Mujika Iraola editoreak. «Uste dut XIX. mendeari buruz oso ezjakinak garela Euskal Herrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.