Durangoko 55. Azoka. Iñaki Martiarena 'Mattin'. Ilustratzailea

«Agian, nire ibilbidean falta zen hitzik gabeko istorio luze bat»

JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
aitor biain
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Konfinamendu garaian ariketa edo «jolas» gisa hartu zuen marraztea Iñaki Martiarena Mattinilustratzaileak (Donostia 1967). Konturatu orduko, ordea, istorio bat sortua zuen. Helduentzako komiki gisa argitaratu du orain: Klak (Zortziko Editions).

Sormenerako bulkada ba izan zenuen itxialdian?

Bai, nire kasuan bai. Hainbat lantegi bertan behera gelditu zirelarik, heziketa lanetan ere aritzen bainaiz, baliatu nuen egoera sormenari ekiteko, eta hasiak nituen hainbat kontu ixteko. Eta orain ari naiz jasotzen uzta hori.

Klak da emaitzetako bat. Nolatan sortu zenuen komikia?

Hasiera batean, ez nuen zehazki liburu bat egitea buruan. Helburua zen, nolabait, egoerari aurre egiteko bideratzea lan hori. Gero, marrazkiak egin ahala, ohartu nintzen beharbada bazegoela argitaratzea, eta agian testigantza moduan polita izan zitekeela. Eta hain zuzen ere, itxialdian bertan amaitu nuen lana.

Helduentzako komikia da. Zer dela eta?

Belardok 20 urte bete ditu, eta, horren ajea dela eta, banuen pixka bat helduentzat komiki bat egiteko gogoa. Eta kasu honetan, ahalegin bat egin dut, istorioak ez baitauka hitzik. Beraz, saiatu naiz grafikoki-eta pixka bat narrazioari garrantzia ematen.

Erronka moduan hartu duzu?

Bai, izan zitekeen. Tira, komikiari buruz badira aurreiritziak, eta 2017an Zarrakamalda argitaratu nuenean, dagoeneko egin nuen helduentzako liburu bat. Oraindik badaude aurreiritziak, nire irudikoz, eta honek erakusten du komikia ez dela soilik haurrentzako, nahiz eta gustura egiten ditudan haurrentzat ere.

Grafikoki eta narratiboki egindako ahalegina berria zaizu?

Beti saiatzen naiz neure buruari eragiten. Eta beharbada, kasu honetan, berrikuntza izan daiteke hitzik gabekoa izatea. Ohartu naiz kultura bisuala bete-betean dugula, eta, agian, nire ibilbidean falta zen hitzik gabeko istorio luze bat. Gaztaroan Kattalingorri deitutako pertsonaia batekin makina bat komiki egin nituen hitzik gabekoak, baina orain 44 orrialde egitea beste zerbait da.

Zein izan da zailtasuna bestela?

Beharbada, nola bukatu asmatzea. Zeren eta egoera hartan saiatu nintzen informazio gehiegi ez jasotzen, hain zuzen, neure burua ez sobera itotzeko eta ez blokeatzeko. Beraz, irakurleak ere ez du ikusiko halako tesi bat; batez ere, irakurle-ikusleak ikusiko duena da gauza atsegin bat. Saiatu naiz itxaropentsua izaten pixka bat.

Zuri-beltzean da. Zergatik?

Kasu honetan, beharbada, koloreak ez liokeelako informazio gehiagorik gehituko. Esan nahi dut, zuriz eta beltzez soilik eginez, akaso, irakurle-ikusleak arreta eskainiko dio narratibari estetikari baino gehiago. Kolorean hasi banintz, beharbada, estetikari garrantzi handiegia emango nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.