Agian, azken aldiz gurean

Miarritzeko Big jaialdiaren bosgarren aldia egingo da gaurtik igandera, eta Agilera estadioan joko du Neil Youngek, biharGuztira 30.000 eta 40.000 ikusle artean erakartzea espero dute antolatzaileek

Igor Susaeta.
2013ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Neil Youngek bi disko argitaratu zituen iaz, biak Crazy Horse taldearekin grabatuak: Americana eta Psychedelic Pill. Mende erdiko ibilbidean inoiz ez dio utzi diskoak grabatzeari, eta azkeneko hamar urteotan ia urtero kaleratu du aleren bat. Oraindik ere badauka kantu tradizionalak moldatzeko grina edota abesti berriak sortzeko indarra, baina biran ateratzen denean geroz eta gehiago nekatzen da musikari kanadarra. Ez dauzka alferrik 67 urte.

Poncho Sampedro Crazy Horseko gitarristak hiru gutxiago ditu —Billy Talbot baxu jotzaileak 70 ditu, eta Ralph Molina bateria jotzaileak beste horrenbeste—, eta, orain gutxi Rolling Stones aldizkariari adierazi dionez, beharbada bai taldearen eta bai Youngen azkeneko bira izango da egiten ari direna. «Intuizio hori daukat. Behin hau gelditzen denean oso zaila izango da berriro martxan jartzea». Hori dela eta, biharkoa Miarritzen Young gurean ikusteko azken aukera izan daiteke. Crazy Horsekoekin batera arituko da Agilera estadioan, eta haiek dira Big jaialdiaren bosgarren aldiko talde nagusiak. Gaur hasi eta igandea bitartean egingo da, eta 30 bat emanaldi bilduko ditu, hiriko lau agertokitan. Antolatzaileek 30.000 eta 40.000 ikusle artean erakartzea espero dute.

Agilerak 10.000 lagunentzako tokia dauka, eta han adituko dira Youngen abesti elektrikoak. Gainera, «beti bezain ondo» jotzen ari direla iruditzen zaio Sampedrori. «Baina edozein unetan gutako edozeini zerbait emango digula pentsatzen dut...». Izan ere, fisikoak dira haien kontzertuak, eta energia handia behar da jotzeko. «Sentsazioa daukat edozein momentutan zerbait hautsiko dugula. Niri ebakuntza egin didate erpuru batean, eta Neilek eskumuturra lotuta duela jotzen du. Ezin duzu denbora engainatu; ezin duzu iragarri bost urte barru berriro horrela arituko garenik».

Bien bitartean, estadioak eta aretoak betetzen jarraitzen dute. Hamar kontzertu eman zituzten ekainean, eta Miarritzera uztailean bost eman ondoren helduko dira. Parisen aritu zen joan den ekainaren 6an, eta, Big-eko antolatzaileek jaialdiaren aurkezpenean jakinarazi zutenez, Youngek eskatu zien Parisko errepertorio bera errepikatzeko tartea. Bi orduz egon zen orduan oholtza gainean, eta tartekatu zituen klasikoak (Cinnamon Girl, Hey,Hey, My, My, Heart of Gold), azken diskoetako abestiekin (Psychedelic Pill, Ramada Inn).

Rockaren inoizko ikono handienetako bat dena hirugarrenez arituko da Euskal Herriko lurretan. 2009ko maiatzean Fork in the Road diskoa Donostiako Belodromoan aurkeztu zuen, eta, 22 urte lehenago, haren orduko lanak nahiko oharkabean pasatzen zirenean, Bilboko Casillan aritu zen.

Kanadarraren emanaldiarekin joko du goia jaialdiak, bihar, baina gaur hasiko da, Atabal aretoan. Han joko dute Is Tropicalek, Ronek, Odeik eta Grises zestoarrek. Bihar, berriz, John Berkhout oiartzuarrek Simon & Garfunkelen gisako ahaireak zabalduko dituzte, Jonathan Wilsonek folk psikodelikoa taularatuko du, eta Gary Clark Jr-ek blues doinuak —BBK Liven ere aritu zen— hedatuko ditu, eguneko izarra oholtzara igo baino lehenago.

Wu-Tang Clan da etziko talde nagusia Agileran. Haien rap doinuek zur eta lur utzi zituzten orain pare bat hilabete Bartzelonako Privamera Soundera hurbildu ziren ikusleak. Eta larunbatean Two Door Cinema Club Ipar Irlandakoen inde rocka, George Clintonen funka, Breakboten elektronika eta The Dedicated Nothing-en californiar kutsuko rocka entzun ahal izango dira.

Halle d'Iratyn ere gauero egingo dira kontzertuak bihar eta larunbata bitartean, baita Euskaldunen Kosta hondartzan ere, 12:00etan hasita. Han amaituko da jaialdia, igandean.

Iazkoa ez gertatzea erronka

Talde handiak aritu izan dira Big jaialdian —Moby, Asian Dub Foundation, De la Soul, Alpha Blondy...—, baina iazko aldia nahiko gatazkatsua izan zen. Pete Doherty zen nagusia, baina emanaldia bertan behera utzi behar izan zuen, hainbat sendagai hartzen ari zelako. Berri Txarrak eta M83 ere bazeuden iragarrita, baina ordutegia zela-eta antolakuntzarekin izandako desadostasunak zirela medio, ez jotzea erabaki zuten bi taldeek. Gisa horretako arazoei aurre egitea ere bada antolatzaileen erronketako bat.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.bigfest.fr
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.