Agertokiko hitzak eta ekintzak

Haizea, J Martina, Kai Nakai eta Ningra musikariak agertokia hartzeaz aritu dira Sormeneko ekitaldi batean. Arreta handiz prestatzen dituzte mezuak: zer esan nahi duten, zer lekutatik

Haizea, Ningra, Kai Nakai eta J Martina, Maider Galardi kazetaria erdian dutela, Galdakaoko Torrezabal aretoan. SORMENE.
Andoni Imaz.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Belaunaldi bakoitzaren musika kaxari giltza emanda entzuten bada hura dantzarazten duen soinua, gazteenari bira laurdena egitea nahikoa da barrutik ateratzen dena igartzeko: urbano esaten dioten eta trebatu gabeko belarrientzat sailkatzeko zaila den genero nahas-mahas hori. Rap, trap, reggaeton, hip-hop. Estilo adina proposamen daude Euskal Herrian, eta kantagintza horren erakusgarri zenbait bildu zituzten atzo Sormene programako emanaldi batean, Galdakaon (Bizkaia). Emakume sortzaileak nabarmentzea da kultur ekitaldiaren helburuetako bat; hala, mahai inguruan aritu ziren, lehenik, Haizea, J Martina, Kai Nakai eta Ningra musikariak, eta kontzertu bana eskaini zuten gero. Maider Galardi BERRIAko kazetariak gidatu zuen solasaldia, eta Berria FM podcast feministaren datorren asteazkeneko saiorako egokituko du han esandakoen laburpen bat. Emanaldiak zuzenean ikus daitezke berria.eus-en.

«Kaleak su hartu du/ ez naiz beldur/ erretzen ikusiko al dugu?». Puskaka erortzen ari den mundu bati eta hari eusten dion zapalketari begira, Auto-Tune-aren atzean gordeta edo tresna bera armatzat hartuta, espanturik gabeko dantza barean hasi zuen kontzertua J Martinak. Ane Barcena, Kattalin Barcena eta Javi Jorajuria dira, Larrabetzu (Bizkaia) eta Barañaingoak (Nafarroa), eta Youtubera igo dituzten bideoklipak ikustea besterik ez dago sumatzeko haien proposamen estetikoaren atzean badela asmo bat gauzak euren erara egiteko, erabaki guztiak zaintzeko, hitz, soinu eta irudi bakoitzaren mezua biribiltzeko.

«Musikaren bitartez transmititu nahi dugun edukiak edo gogoak beti du zentralitatea. Gero, horren inguruan sortzen dugu forma, eta bideoklipak beste zerbait ematen dio forma horri. Osotasun bat bilatzen dugu, baina badakigu zer dagoen zeren mende», esplikatu zuen Kattalin Barcenak solasaldian. Sarri esaten diete trapa egiten dutela, eta harritu egiten ditu horrek, askotariko erreferenteak dituztelako. «Esango genuke poperoagoak garela».

Pasarte ilun astunak eta erritmo bizi dantzagarriak tartekatzen dituzte. «Utzi ditzagun hitzak/ agindu beza ekintzak» lelo indartsua, aurrena; Dellafuenteren eta Novedades Carminharen Ya no te veo kantaren bertsioa, hurrena; azken hilabeteetan tantaka atera dituzten Beste zerbait, Mundu zahar eta Desira, hurrengo. Guztietan gozo eta irmo.

Duela urtebete inguru, Internetera kantuen bideoak igotzen hasi ziren Haizea eta Ningra ere, Urizaharratik (Araba) Haizea eta Bitorianotik (Zuia, Araba) Ningra. Dozenaka mila ikustaldi dituzte bideo horiek. Bakoitzak bere abestiak sortu ditu, baina elkarrekin eman izan dituzte kontzertuak. «Rapa mutilen eszena bat izan da, eta elkarren sostengua izan dugu eszena horretara igotzeko adorea hartzeko», azaldu zuten.

Eroso aritu ziren Galdakaoko agertokiko emanaldian, ausart. Haien jarrera argi adierazi zuten bigarren kantuko errepikan: «Zuen produkzio makinak ez gara,/ entretenimendu makinak ez gara:/ gu gara ahaztu duzuen hip-hopa./ Borrokalariengatik egiten dut nik topa». Aldarrikatu zituzten rapa eta hip-hopa adierazpide gisa, eta kolektiboa indartzea eta elkar zaintzea aurrerabide gisa.

Kolaborazio jostalaria

Bizi-bizirik dago Haizearen eta Ningraren musika, hori bistakoa zen kontzertuan, une oro erakutsi baitzuten, natural, sormenerako eta jolaserako duten gaitasuna; bakoitzak sortutakoa elkarrekin emanez, entzuleei parte hartzeko eskatuz, etorri handiko aurkezpenak eginez. «Hau nire lehenengo abestia izan zen, eta pixka bat gorroto dut, baina abestu beharko dut», esan zuen Haizeak, Nire bala jaurti aurretik. «Ez zait batere gustatzen oinarria, baina, tira, nahasketa bat egingo dut», Ningrak, Hazia kanta indartsuaren lehen noten gainetik. Kontzientziak errimaka piztu zituzten Petricor, Hitzak eta oraindik Internetera igo ez dituzten gainontzeko kantuen bidez.

Haiek rapa defendatu zuteneko kemen bera erakutsi zuen Iratxe Aguilerak reggaetonaren alde egitean. Argi du berea zer den: «Reggaeton feminista euskaraz». Berak, ordea, ekoizle baten laguntzarekin sortu du Kai Nakai proiektua, aurrez sumatu baitzuen euskaraz egindako musika estilo horren gabezia, eta ahalegin handia egin du hutsunea betetzeko. Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen iaz, eta horren emaitza da azaroan argitaratu zuen Baimenik gabe diskoa.

Bidean, asko landu du eman nahi zuen mezua. «Inportantea da esatea gure musika feminista dela, jendeak jakiteko eta horri garrantzia emateko», esan zuen. Aneguria eta La Basu erreferenteak dira harentzat, eta «olatuarekin» bat egiteko deia egin zien emakume musikariei.

Oholtzan, nabari zen Kai Nakaik bilatu duen itxura. Aguilera erdian, DJa atzean, eta bi dantzari ezker-eskuin. «Kai Nakai naiz, Gasteiztik nator, eta gaur Euskal Herria perreatzen jarriko dugu». Esan eta egin. Konplexurik gabeko reggaetona egiten du, eta sortu ditu hit batzuk, generoaren barruko askotariko formekin: neurritsu kantatu zuen Emoiztatu bihotz, eta eztanda egin zuen Ez dakit-ekin. Kolaboratzailerik gabe ere, aise hartu zuen agertoki osoa. Amaitzeko, abeslariaren estreinako astindua: Kolpe. «Perreoa nahi dut hasi eta buka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.