Agertokiaren ertzean dagoena

Bihar hasiko da Bilboko BAD antzerki eta dantza jaialdiaren XXII. aldia, eta 25 talderen lanak eskainiko ditu hilaren 25era bitarte. Erabateko bost estreinaldi izango dira

Ripley konpainiak Catástrofe ikuskizuna erakutsiko du Bilboko Bad jaialdiaren barruan, urriaren 23an. BAD.
Inigo Astiz
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Eszenaren ertza da Bilboko BAD dantza eta antzerki jaialdiak eskaini ohi duena. Bilboko Udalak antolatzen du, eta, normalean antzokiek programatu ohi dituztenez, bestelako lanei gune bat eskaintzea du helburu. Pandemia betean egonik ere, horregatik, «konbentzioetatik urrun» dabiltzan emanaldiak ere, antolatzaileen hitzetan. Bihar abiatuko da programa, eta, guztira, 25 konpainiaren lanak taularatuko dituzte, hilaren 25era bitarte. Orain arteko aldietan pisu berezia izan ohi dute Euskal Herriko taldeek, baina aurtengoan gehiengo argi izango direla iragarri dute udaleko ordezkariek. «Aurten inoiz baino arrazoi gehiagorekin, agian, badakigulako inoiz baino gehiago behar gaituztela».

Erabateko bost estreinaldi izango dira guztira. Macarena Recuerda Sheperd artistak, esaterako, The watching machine izeneko performancea aurkeztuko du hilaren 16 eta 17an, La Fundicion aretoan, eta gehiago ere izango dira ondoren. Iraganaren errepaso bat proposatzen du La Cocina eta Mama Crea konpainiek sortutako La maniobra Heimlich. Vomitando los 80 antzezlanak (Heimlitx maniobra. 80ko hamarkada botatzen), adibidez, eta ostiralean egingo dute haiek ere lehen emanaldia. Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxaga dantzariek, berriz, igandean estreinatuko dute Leiho zikin, zeru garbi pieza, eta urriaren 22an taularatuko du lehen aldiz Imperfectas pieza Input dantza taldeak.

Benetan Be konpainiaren Porno vs Afrodita antzezlana izango da beste estreinaldietako bat, eta baita euskara hutsezko estreinaldi bakarra ere. Zuzeneko musikaz blaitutako heziketa sexualari buruzko komedia bat dela dio taldeak, helduei zein gazteei zuzendua, eta antzezlanaren tituluaren bigarren partea da lanaren umorerako joera horren froga, bihotzaren emotikono eta guztirekin egiten baitio maitasun deklarazioa Gorka Urbizu musikariari. Gaztetxea itxi aurretik egingo den azken emanaldiaren soinu proba kontatzen du ordubete inguruko piezak.

Horrez gainera, Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahalko dira, besteak beste, Emilio Rivasen Los años de la fertilidad, As Marias konpainiaren Las 2 en punto eta baita Ripley konpainiaren Catástrofe pieza ere.

Euskal eszenaren indarra

Koronabirusak markatutako aldia izango da aurtengoa, Alicia Otxandategi zuzendariak aitortu duenez, baina horrek ere «berezi» egingo duela gehitu du.

Sei agertoki izango ditu jaialdiak guztira, eta guztiak egongo dira Bilbon: Campos Teatroko agertoki nagusia eta Kupula aretoa, La Fundicion aretoa, Bilborock aretoa, Bilboko Berreginen museoa eta Otxarkoaga auzoan dagoen Harrobia gunea. Eta, hain zuzen ere, azken agertoki horren erabilera izango da aurtengo aldiaren berritasunetako bat, jaialdiko zuzendariaren hitzetan, orain arte ez baitzuten sekula erabili BADeko ikuskizunak eskaintzeko.

Euskal eszena garaikidearen kalitatea nabarmendu du zuzendariak. Haren hitzetan, «egunez egun» doalako indartzen. Eta jaialdiaren programa da kalitate horren frogetako bat.

Eserleku kopurua mugatua izango dute emanaldiek, eta sarrerak aurrez erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek horregatik. Horrez gainera, emanaldietarako izen-abizenak eta kontakturako datu batzuk ere eman beharko direla jakinarazi dute.

Larutan dantza konpainiaren ordu laurden pasako Taito-ku dantza ikuskizunaren eta Zaldi Urdina antzezlanaren emanaldiekin abiatuko da egitaraua bihar, Campos antzokian, eta ostirala, larunbata eta igandea izango dira jaialdiko egunik beteenak. Euskara hutsezko bi emanaldi izango dira jaialdi osoan, bestalde: Zaldi Urdina izango da horietako bat, eta Benetan Be konpainiaren Porno vs Afrodita izango da bestea, urriaren 24an. Beatriz Churruca artistaren Hago carrera performancea elebiduna izango dela ere zehazten du programak.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak aitortu duenez, zailtasun bereziak izan ditu aurtengo aldiak. Koronabirusaren eraginez, segurtasun neurri bereziak hartu behar izan dituzte kontuan, eta ohi baino zailago suertatu zaie programa zehaztea ere. Izan da, adibidez, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriengatik emanaldia bertan behera utzi behar izan duen nazioarteko talde bat. Baina jaialdia, azkenean, egin egingo dela nabarmendu du zinegotziak, eta aurrera begira jarri ahal izateko motibotzat aurkeztu du datua. «Seinale ona da».

Zuzeneko emanaldiez aparte, hitzaldiak eta dantza eta antzerki munduko profesionalentzako topaketak ere egingo dituzte. Gainera, aurten argazki erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai Santutxu auzoko metro geltokian. Eva Guerrero koreografoarenak dira irudiak: Ni hasten naizen lekuan amaitzen zara zu izendatu du bilduma, eta, hain zuzen ere, gorputzaren mugei buruz sortutako dantza pieza bat du oinarri.

Informazio gehiago webgune honetan: www.badbilbao.eus


 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500