Agertokia zurrunbiloak hartuta

Gasteizko Baratza aretoak eta Parasite kolektiboak Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdia antolatu dute, bederatzigarrenez. Gaur hasi eta igandera bitarte, hainbat ikuskizun taularatuko dituzte memoria eta historia ardatz hartuta.

Ogiak hizketan baleki
Mamiak kolektiboaren 'Ogiak hizketan baleki' antzezlana ikusi ahalko da bihar EHUko unibertsitate pabiloian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko martxoaren 20a
05:10
Entzun

Arte eszenikoak Gasteizera hurbiltzeko asmoz sortu zuten Baratza aretoa 2013. urtean, eta xede berari eutsita ekin zioten, halaber, Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia antolatzeari, duela bederatzi urte. Euskarazko arte eszenikoek hirian zuten hutsunea betetzeko asmoz antolatu zuten jaialdia. Azken urteetako aldien arrakastaren ondotik, aurten ere antolatu dute jaialdia Baratza aretoak eta han lanean ari den Parasite kolektiboak elkarlanean. Gaur hasiko da, eta igandean amaitu.

Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea. Xede horrekin ondu dute aurtengo egitaraua ere. «Euskara eta arte eszenikoak altzoan hartuta, lanean hasi ginen duela bederatzi urte, Gasteizen horren premia zegoela iritzita, eta asmo horri eusten diogu egun», azaldu du Garazi Lopez de Armentia Baratza aretoko arduradun eta jaialdiaren antolatzaileak. Haren esanetan, euskarazko arte eszenikoak kalitatezkoak dira; oso ugaria da sorkuntza, eta «maila onekoa», baina, hala ere, hirian euskaraz programatzeko zailtasunak daude. «Gabezia» horri erantzun nahi dio Zurrunbilo jaialdiak.

«Euskara eta arte eszenikoak altzoan hartuta, lanean hasi ginen duela bederatzi urte, eta asmo horri eusten diogu egun».

GARAZI LOPEZ DE ARMENTIA Baratza aretoko arduraduna

Lau antzezlanek osatzen dute egitaraua, eta den-denek memoriarekin eta historiarekin dute zerikusia. «Hori da aurtengo berezitasunetako bat», Lopez de Armentiaren hitzetan. Memoriari, kazetaritzari, arte eszenikoei, historiari eta literaturari lotua dagoen lan batek abiatuko du jaialdia, gaur: Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki diziplina askotako ikus-entzunezkoa emango du Josune Velez de Mendizabalek. 1836an girotuta dago obra, Lehen Karlistaldian, hiria milaka soldatu atzerritarrek hartu zuten urtean. Josefa de Mugika izeneko emakume bat da protagonista, eta Jose de Elosegi haren senarrarekin lotutako gertakarien ondorioz garai hura nola bizi izan zuen kontatzen du. 

Mamiak kolektiboaren pieza EHUko Unibertsitatearen pabiloian ikusiko da, 19:00etan. Gaurkoa izango da Baratza aretoan taularatuko ez den antzezlan bakarra. Ogiak hizketan baleki publiko gazteari «erraz eta goxo» iritsiko zaion ikuskizuna izango dela uste du Lopez de Armentiak.

Aurreko urteen aldean, aurten obra guztiak bere osotasunean ikusi ahal izango dira. Hain justu, joan den urteko jaialdian sormen prozesuan zegoen lan bat amaiturik taularatuko da ostiralean: Ane Gebararen La Descarada antzezlana. Iaz, Artxibo Biluzia dokumentazio tailerra antolatu zuen Metrokoadroka Sormen Laborategiak, artistek lan dokumentalean oinarritutako ekintza propioa sortu zezaten, eszenikoa izan edo ez, eta han hasi zen Gebara pieza hori lantzen. Prozesu horren emaitza dokumentazioan inspiratutako lana izan da; ostiralean ikusi ahalko da, 20:00etan. 

Larunbatean, berriz, Memoria antzezlana emango du Itziar Manerok. Hainbat antzezlanetan lan egindakoa da Manero, baina Memoria da bere izen-abizenez sinatutako lehen lana. 2022ko urriaren 19an estreinatu zuen pieza, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko jaialdian. Bere amonaren memoria galera kontatzen du artistak ordubete inguru irauten duen antzerki dokumentalean; bakarrik egongo da eszenan Manero, eta audio bidez helduko zaio ikusleari amonaren ahotsa. 20:00etan igoko da oholtzara.

Igandean, Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia konferentzia performatiboa aurkeztuko du, 19:00etan. Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak izango dira protagonistak. Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehen aldiaren irabazlea izan zen proiektua, eta Euskaldunon egunkaria itxi eta Joan Mari Torrealdairen etxetik eraman zituzten dozenaka dokumentu ditu abiapuntu.

Antzezlanez gain

Proposamen eszenikoez gain, bestelako diziplina batzuei ere tartea egingo diete jaialdian. Larunbatean, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearen eskutik, bi aurkezpen egingo dituzte. Batetik, EHAZEk eta Susa argitaletxeak elkarrekin martxan jarritako ganbila.eus ataria aurkeztuko du Oier Guillanek. Atari berrian edonork kontsulta ditzake euskarazko estreinaldien datuak, kritikak, elkarrizketak, ikus-entzunekoak eta Ganbila bildumako paperezko edizioak. 

Bestetik, Ander Lipus idazleak Ganbila bildumarekin kaleratu dituen Antzerkiaren labirintoan I eta Antzerkiaren labirintoan II liburuak aurkeztuko ditu. 18:00etatik aurrera izango dira bi aurkezpenok.

Zurrunbilo jaialdiaren emanaldietarako sarrerak eskuragarri jarri dituzte. Interneten, Baratza aretoaren webgunean eros daitezke. Hiru eguneko bonua ere salgai jarri dute, 25 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.